
Errenta eta ondarea 2024
Apirilaren 10etik ekainaren 30era
Zer da errenta-zirriborroa?
Ogasunean dauden datu pertsonalekin, familiaren datuekin eta datu ekonomikoekin egindako aitorpen-proposamena da zirriborroa. Izenak adierazten duen bezala, zirriborro bat besterik ez da; emaitza, beraz, behin-behinekoa da.
Komeni da, aurkeztu aurretik, zirriborrora sartzea eta egiaztatzea daturen bat falta den edo aldatu nahi duzun.
Itzulketa 7 egunetan
Gogoan izan: aitorpenaren emaitza itzultzeko bada (zure alde), zenbatekoa, beranduenez, zazpi eguneko epean sartuko dizugu banku-kontuan, aitorpena aurkezten duzunetik.
Errenta-zirriborroa hiru urratsetan gestionatu
ZIRRIBORRORA SARTU
Egoitza elektronikoan dagoen aitorpen-zirriborrora sartzeko, identifikazio elektronikorako bitarteko bat beharko duzu.
Zeure burua identifikatu ondoren, galdetuko dizugu zein zirriborrotara sartu nahi duzun:
- Zure zirriborrora.
- Zurera eta zure ezkontide edo izatezko bikotearen zirriborrora (baterako aitorpenak).
- Edo beste pertsona batenera.
Gogoan izan: zure ezkontidearekin edo izatezko bikotearekin baterako aitorpen-zirriborrora sartzeko, haren ordezkaritza-gakoa beharko duzu. Bai eta beste pertsona baten zirriborrora sartzeko ere.
Aitorpen-zirriborroaren informazioa telefono bidez eskuratzeko ere, zeure burua identifikatu beharko duzu. Honela egin dezakezu:
- Bak sistema badaukazu, zure Bak-ari lotutako telefonora SMS bidez bidaliko dizugun kodearekin.
- Bak sistemarik ez badaukazu, Errenta24ko eskutitzean bidaliko dizugun Bak-en aktibazio-kodearekin.
ZIRRIBORROA BERRIKUSI
Zeure burua identifikatu ondoren, zirriborroaren informazioa kontsultatu ahal izango duzu. Ogasunean dagoen informazioaren arabera zuretzat onuragarriena den aitorpen-proposamena agertuko da, indibiduala edo baterakoa.
Baterako aitorpenen kasuan, gogoratu zure ezkontidearen edo izatezko bikotekidearen datuak bistaratzeko haren ordezkaritza-gakoa beharko duzula.
Seme-alaba adingaberik eta/edo tutoretzapeko pertsonarik baduzu, haien zirriborroak kontsultatu ahal izango dituzu.
Zirriborroan datuak osatu, kendu edo aldatzeko aukera izango duzu, bai eta egoki iritzitako dokumentazioa gehitzeko ere.
Zirriborroan hauei buruzko informazioa aurkituko duzu:
- Aurkezteko betebeharra.
- Datuak osatu behar diren.
- Kasu askotan, emaitza ekonomikoa.
Gogoratu informazio guztia berrikustea komeni dela: familiaren datuak, helbidea eta datu ekonomikoak.
-
Dena ondo al dago?
Zirriborroa berrikusi ondoren dena ondo badago, aitorpena aurkeztu ahal izango duzu.
-
Badago zure ustez ondo ez dagoen zerbait? Aldatu nahi duzu?
Zirriborroan datuak osatu, kendu edo aldatzeko aukera izango duzu, bai eta egoki iritzitako dokumentazioa gehitzeko ere.
Informazio gehiago atalean, ohiko galderak, laguntza-gidak daude, bai eta errentaren zirriborroan datuak aldatzeko (pertsonalak, helbidea) edo sartzeko (soldatak edo pentsioak, errentamenduak, etxebizitza-kenkariak, higiezinen salmenta...) moduari buruzko bideotutorialak ere.
Gainera, zirriborroak laguntza-sistema bat du ezarrita, zirriborroa osatzeko eta aurkezpena egiteko lagungarri izango zaizuna.
-
Jakinarazi al dizugu datuak falta direla?
Behin zirriborrora sartuta, datu horiei buruzko informazio gehiago aurkituko duzu, Abisuak atalean, zirriborroaren menu nagusian kanpai-ikurretik (abisuak) sartzen baita.
AITORPENA AURKEZTU
-
Egin azken errepaso bat. Ez ahaztu datu pertsonalak eta familiarenak berrikustea.
-
Ziurtatu nola aurkeztuko duzun, indibidualki edo batera. Emaitza aldatu egin daiteke.
-
Gogoan izan: aitorpena ezarritako epearen barruan aurkeztu behar duzu. Apirilaren 10etik ekainaren 30era arte daukazu.
Dena zuzen dagoela egiaztatu ondoren, aurkeztu aitorpena. Egoitza elektronikora sartuz gero, ondorengo beste izapide batzuk egin ditzakezu, hala nola kopia bat deskargatu, geroago aldaketak egin edo likidazioa kontsultatu.
Informazio gehiago atalean, kontsultatu eskuragarri dauden izapideak.
Errenta-zirriborroaren emaitza
Zirriborrora sartzean, argi eta garbi ikusiko duzu zure aitorpenerako (indibiduala zein baterakoa) proposatutako emaitza. Seme-alaba adingaberik baduzu, haien zirriborroak kontsultatu ahal izango dituzu. Baina zure ezkontidearen edo izatezko bikotearen ordezkaritza-gakoa beharko duzu, haren zirriborrora sartu nahi baduzu edo baterako aitorpena aurkeztu.
Emaitza posibleak hiru dira:
Itzultzeko bada (zure alde)
Aitorpena aurkeztu ondoren, behin-behineko likidazio bat sortuko da, eta, zazpi egunetan, beranduenez, dirua izango duzu zure banku-kontuan. Hori hala izango da baldin desadostasunik ez badago aurkeztutako aitorpenaren datuen eta Ogasunean dauden datuen artean. Behin-behineko likidazioa geroago berrikusi ahal izango da.
Kasu batzuetan, ezein egintzarik egiten ez baduzu (aitorpena aurkeztu ez baduzu eta zirriborroan aldaketarik egin ez baduzu ekainaren 30erako; egun hori barne) aitorpena automatikoki aurkeztuta geratuko da. Kasu horretan bazaude, hala adieraziko zaizu, argiro, zirriborroan eta Errenta24 eskutitzeko Aitorpena orrian.
Behin-behineko likidazioa sortuko da, eta hurrengo egunetan sartuko zaizu zenbatekoa.
Ordaintzeko bada (Ogasunaren alde)
Aitorpena aurkeztu behar duzu.
Aitorpena aurkeztu ondoren, behin-behineko likidazioa sortuko da, aurkeztutako aitorpenaren datu berberekin eta emaitza berarekin. Hori hala izango da baldin desadostasunik ez badago aurkeztuko aitorpenaren datuen eta Ogasunean dauden datuen artean. Behin-behineko likidazioa geroago berrikusi ahal izango da.
Ordainketa helbideratu baduzu, ez dizugu kobratuko uztailaren hasierara arte.
Ez dut emaitzarik
Ogasunak ez badu errenta-zirriborro bat egiteko datu nahikorik, ez dizu emaitza ekonomikorik eskaintzen.
Zirriborrora sartu behar duzu, eta falta diren datuak osatu; datuok Abisuak atalean adierazitakoak izango dira.
Zalantzarik baduzu? Hemen dituzu ohikoenak
-
Itzultzeko (zure alde) diren errenta-zirriborroak. Zer egin behar dut?
Gomendatzen dizugu zirriborroa berrikustea, osatzea, beharrezkoa bada, eta, ondoren, aitorpena aurkeztea.
Aitorpena aurkezten baduzu, behin-behineko likidazioa sortuko da, eta dagokion zenbatekoa aurkezpenaren hurrengo zazpi egunetan, beranduenez, sartuko da zure kontuan, non eta ez dagoen desadostasunik aurkeztutako aitorpenaren datuen eta Ogasunak dituen datuen artean.
Kasu batzuetan, ezein egintzarik egiten ez baduzu (aitorpena aurkeztu ez baduzu eta zirriborroan aldaketarik egin ez baduzu ekainaren 30erako, egun hori barne) zure aitorpena aurkeztuta geratutako da, automatikoki. Kasu horretan bazaude, hala adieraziko zaizu, argiro, zirriborroan eta Errenta24 eskutitzeko Aitorpena orrian. Kontuan izan zirriborroan aldaketarik egiten baduzu, edo aurkezpen automatikoa atzera botatzen baduzu, aurkezpena aurkeztu beharko duzu. Aurkeztu ondoren, behin-behineko likidazioa sortuko da, eta hurrengo egunetan sartuko zaizu zenbatekoa.
-
Ordaintzeko (Ogasunaren alde) diren errenta-zirriborroak. Zer egin behar dut?
Gomendatzen dizugu zirriborroa berrikustea eta, beharrezkoa bada, osatzea. Ondoren, aitorpena aurkeztu behar duzu.
Aurkeztu ondoren, behin-behineko likidazioa sortuko da, aurkeztutako aitorpenaren datu berberekin eta emaitza berarekin. Dena den, behin-behineko likidazioa geroago berrikusi ahal izango da.
-
Nire familia-unitateko kide guztien zirriborroa kontsultatu dezaket?
Bai, baina zure ezkontidearen edo izatezko bikotearen ordezkaritza-gakoa beharko duzu. Ez da beharrezkoa seme-alaba adingabeen kasuan.
-
Zer da aitorpenaren aurkezpen automatikoa?
Kasu batzuetan, itzultzeko diren aitorpen-errentaren zirriborroak automatikoki aurkeztuko dira, baldin eta zirriborroa aldatzen ez bada eta aitorpena aurkezten ez bada ekainaren 30 baino lehen.
Kasu horretan bazaude, hala adieraziko zaizu, argiro, zirriborroan eta Errenta24 eskutitzeko Aitorpena orrian.
-
Badut aukerarik aitorpenaren aurkezpen automatikoa atzera botatzeko?
Bai, atzera bota dezakezu aurkezpen automatikoa. Toki hauetatik:
- Egoitza elektronikoko aitorpen-zirriborroa.
- La Renta Bizkaia Errenta app-a.
- Telefonoz, 94 608 3000 zenbakira deituta.
-
Zergatik ez du emaitzarik errenta-zirriborroak?
Ogasunak errenta-zirriborro bat egin du 2024ko ekitaldiari buruzko datu ekonomikoak (errendimenduak eta atxikipenak) dituzten pertsona guztientzat. Errentaren zirriborroan ez da behin-behineko emaitzaren berri ematen, ez eta tributazio-aukerarik onenaren berri ere, baldin Ogasunak zirriborroa osatzeko behar diren datu guztiak ez baditu.
-
Nola jakin dezaket aitorpena aurkeztu dudan?
Egoitza elektronikotik egiazta dezakezu aitorpena aurkeztuta dagoen, eta bikoiztu bat lor dezakezu. Sartu «Nire aurkezpenak» atalera; bertatik, egindako aurkezpenak ikusiko dituzu, bai eta bikoiztu bat lortu ere.
Jarri harremanetan gurekin
-
Errenta kanpaina
Teléfono
94 608 3000Arreta pertsonalizatua
Aitorpena aurkeztea, zergei buruzko kontsultak, informazio orokorra, zalantzak argitzea, Bak aktibatzeko laguntza, Bak sistemari buruzko kontsultak.
Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 8:30etik 19:00etara
Arreta automatikoa
Aitorpena aurkeztea eta izapide errazak.
Ordutegia: 24/7
-
Gorabehera informatikoak
Teléfono
94 608 3566Gorabehera informatikoei buruzko kontsultak
Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 8:30etik 19:00etara
-
Posta elektronikoz
Idatz iezaguzu herritarrentzako arreta-formularioaren bidez, eta ahalik eta lasterren erantzungo dizugu.