ARRETA GOIZTIARRA

Ekintza koordinatuen multzo bat da: diziplinarteko ekintza globalak dira, garapenean trastornoak dituzten edo trastornoak izateko arriskua duten 0 eta 6 urte bitarteko haurren beharrizanei erantzuteko xedea dutenak. Ekintzon bidez haur horien familiei eta inguruneari ere erantzun nahi zaie.

Gizarte-zerbitzuek zein osasun- edo hezkuntza-sistemek egiten dituzten ekintzak izango dira, beraz.

Arreta goiztiarrari buruzko triptikoa esteka edo lotune honen bidez deskarga daiteke.

GARAPENEAN ZAILTASUNAK EDO ARRISKUAK DITUZTEN 0 ETA 6 URTE BITARTEKO HAURRENTZAKO ZERBITZUA

Zer da eta norentzat da

Zero (0) eta sei (6) urte arteko haurrei, haien familiei eta inguruneari zuzendutako esku-hartzeen multzoari esaten zaio arreta goiztiarra. Halako esku-hartzeen helburua zera da: ahalik eta azkarren erantzutea, osotara, garapenean nahasmenduak dituzten edo garapenean nahasmenduak izateko arriskua duten haurren premia iragankor edo iraunkorrei, aintzat hartuta osasuna, hezkuntza eta arlo soziala.

Garapenean nahasmenduak dituzten haurrek desbideratzeak dituzte garapenean osasunarekin edo harremanekin zerikusirik duten eta eboluzio biologikoa, psikologikoa eta soziala eragozten duten inguruabarren ondorioz. Hainbat eratakoak izan daitezke nahasmendu edo trastornoak: kognitiboak, mugimenduaren arlokoak, sentsorialak, emozionalak, jokabidearenak, hizkuntzari dagozkionak, orokortuak, adierazpide somatikokoak edo heltze-atzerapenak

Hona zein diren garapenean nahasmenduak izateko arriskuan dauden haurrak:

  1. Arrisku biologikoan dauden haurrak. Halako egoera batean daudela esango dugu, baldin eta beren heltze-prozesua aldaraz lezaketen egoerak bizi izan badituzte –hala nola, prematuritatea, jaiotza-pisu eskasa izatea edo jaiotzean anoxia izatea–, bai eta sortzetiko gaixotasunak edo gaixotasun hartuak edo nahasmendu genetikoak badituzte ere.
  2. Arrisku psikosozialean dauden haurrak gizarte-baldintza ez oso egokietan bizi dira: besteak beste, gurasoek eta familiak ez dituzte zaintzen edo haiekin ez dute elkarreragin egokirik edo tratu txarrak edo abusua jasan dituzte; izan ere, halakoak heltze-prozesua aldaraz dezaketen egoerak dira.

Zerbitzu hori doakoa izango da.

Helburu espezifikoak

  1. Bigarren mailako edo nahasmendu bati edo arrisku handiko egoera bati lotutako urritasunak edo defizitak ager daitezen saihestea edo murriztea.
  2. Murriztea urritasun edo defizit batek haurrarengan dituen eraginak.
  3. Haurraren garapena optimizatzea.
  4. Konpentsatzeko, oztopoak ezabatzeko eta premia espezifikoetara egokitzeko beharrezkoak diren mekanismoak sartzea.
  5. Familiaren eta haurra bizi den ingurunearen premiei eta eskaerei arreta jarri eta erantzutea, hala giza ingurunean —familia eta ohiko beste zaintzaile batzuk, bai eta profesionalak ere— nola ingurune fisikoan —familiaren edo erakundearen etxea, ikastetxea, osasun-zentroa, ospitalea, gizarte-zerbitzuak, espazio publikoa—.

Esku-hartzea jasotzeko baldintzak

  1. 0 eta 6 urte artean izatea.
  2. Bizkaiko Lurralde Historikoan erroldatuta egotea eskaera egiten den egunean.
  3. Diagnostikatua izatea garapenaren nahasmendu fisiko, psikiko edo zentzumenezko bat, edo nahasmendu hori izateko arriskuan egotea, prematuritatea, sortzetiko nahasmenduak, faktore psikosozialak edo bestelako kausak direla medio.
  4. Arreta goiztiarreko esku-hartze sozialeko zerbitzuak behar izatea Bizkaiko Lurralde Historikoko arreta goiztiarreko balorazio-taldeak (AGBT) egindako ebaluazioaren arabera.

Eskabidea

Haurraren gurasoek edo, bestela, haurraren legezko ordezkariek egin behar dute.

Eredu normalizatuaren arabera bete behar da eskabidea, eta leku hauetan aurkeztu ahal izango da:

  1. Zuzenean Bizkaiko Lurralde Historikoko Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldean (Uribitarte 15-Bilbon), Bizkaiko Foru Aldundiaren erregistroetan, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 16.4 artikuluan ezarritako moduetako edozeinetan.
  2. Euskal Osasun Sistemako haurrei arreta emateko zerbitzuetan.
  3. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako zentroetan eta berritzeguneetan.
  4. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan.
  5. Haurreskolak partzuergoaren mendeko haur eskoletan, eta udalen mendekoetan.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

  1. Familiaren errolda-ziurtagiri eguneratua.
  2. Haurraren NANaren edo familia-liburu osoaren fotokopia edo Erregistro Zibileko inskripzioaren fotokopia.
  3. Aita, ama edo legezko ordezkariaren NANaren fotokopia.
  4. Haurra osasun- edo hezkuntza-sistematik edo beste gizarte-zerbitzu batzuetatik bideratzen denean, bideratze-formularioa.
  5. Arreta goiztiarreko ebaluazioa egiteko garrantzitsuak diren txosten teknikoak. Dena dela, lehenengo hitzorduan aurkez daitezke txosten osagarriak (medikoak, sozialak, psikologikoak, pedagogikoak).

Araudia eta inprimakiak

AGBT —Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldea— kide anitzeko organo bat da, osasun-sistemako, hezkuntza-sistemako eta gizarte-zerbitzuen sistemako profesional adituek osatua, eta elkarren artean koordinaturik lan egiten dute, kasuak ebaluatzen eta proposamen teknikoak egiten. Besteak beste, eginkizun hauek dagozkio: kasuari buruzko garrantzizko informazioa biltzea, haurren eta beren familien beharrizanak ebaluatzea eta arreta-plan pertsonalizatua prestatzea.

AGBTaren barruan, arretaren koordinatzaile bat izendatuko da. Hark egingo die harrera umeari eta haren familiari, eta bera izango da erreferentea, bai familiarentzat, bai haurraren arretaz arduratzen den arreta goiztiarreko esku-hartze taldearentzat.

Arreta goiztiarreko gizarte-zerbitzua emateko ebazpenari esku-hartze sozialeko plana arreta goiztiarrean erantsiko zaio, eta arreta goiztiarreko esku-hartze taldeak plan hori aplikatu behar du haurrarekin, haur horrentzat Bizkaiko Foru Aldundiarekin itunduta dauden zentroen artetik tratamendu horiek eskaintzen dituelako aukeratzen den zentroan.

Zentro horietan, arreta goiztiarreko esku-hartze taldeek (AGET) diziplinarteko arreta terapeutikoa ematen diete haurrari, haren familiari eta inguruneari.

AGET bakoitza arlo psikosozialeko profesionalek osatuko dute, eta zerbitzu hauek eskainiko ditu: psikomotrizitatea, psikoterapia, fisioterapia, logopedia, gizarte-lana, psikopedagogia, psikologia, terapia okupazionala, gizarte-hezkuntza eta haurraren garapenerako egokitzat jotzen diren beste batzuk.

Honako arrazoi hauengatik utziko zaio arreta goiztiarreko esku-hartze zerbitzua emateari:

  1. Arreta-plan pertsonalizatuan finkatutako helburuak betetzea.
  2. Gurasoek edo, bestela, legezko ordezkariek berariaz adieraztea zerbitzua amaitzeko borondatea.
  3. 6 urte betetzea.
  4. Ez betetzea zerbitzua behar bezala emateko ezarritako arauak.
  1. Eskaera egiten da:
    Zer agiri aurkeztu behar dira?
    Erroldatze-ziurtagiria, NANaren eta familia-liburuaren fotokopiak. Zehastasuna
    Non aurkeztu behar da?
    Bizkaiko Foru Aldundiaren bulegoetan www.bizkaia.eus weba erabiliz; udaletako oinarrizko gizarte-zerbitzuetan, eta Osakidetzaren edo Hezkuntzaren bidez.

  2. Hitzordua jartzen da haurra ikusteko.

  3. Foru Aldundiak haurraren beharrizanen ebaluazioa egiten du, osasuneko (Osakidetza) zein hezkuntza-arloko profesionalekin koordinatuta, Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldea (AGBT) eratzen baitute.

  4. Esku-hartzeko plana emango zaio familiari (beharrezkoa bada gizarte-zerbitzuek esku hartzea), bai eta eskura dituen haurren garapeneko zentroen zerrenda ere.

    • Haurren garapeneko zentroa familiak aukeratu dezake.
    • Arreta goiztiarra doakoa da esku hartzeko planean jasota badago.
    • Haur bakoitzak koordinatzaile bana izango du esleituta.
  5. Haurraren bilakaeraren jarraipena egingo da AGBTn (Aldundia, Osakidetza eta Hezkuntza), Esku-hartze Taldearekin (AGET) batera koordinatuta.
    Aldian-aldian informaziorako eta trebatzeko saioak egingo dira familiekin (GURASO ESKOLA).

  6. Zerbitzuaren amaiera:
    Zerbitzua amaituko da haurra hobetu egin delako, behar duen arreta beste arlo batzuetatik (osasuna eta hezkuntza) jasotzen duelako, familiaren borondatea delako edo 6 urte bete dituelako.
    Beste sistema batzuetarako trantsizioa egiten lagunduko zaie, haien arreta jasotzeko.