GAZTELUGATXE “UHINALDIAREN AURKAKO HARRIZKO GOTORLEKUA”

Euskal kostaldeko toki gutxik gordetzen dute Gaztelugatxeko arrokak adina magia. Ehun urtetik gorako baselizaren kokapen abantailatsuak, Kantauri itsasoari aurre egiten baitio, naturaren indarrarekin, historiarekin eta tradizioarekin bat egiten du. Horren guztiaren ondorioz, fantasiazko paraje bat sortzen da.

TIKETAK
DOAKO SARRERA

Derrigorrezkoa da doakoa den tiketa edukitzea Gaztelugatxe bisitatu ahal izateko

Lor ezazu hemen zure tiketa

ARGIBIDEAK

Helbidea

Kokapena. KML artxiboa

Google maps

Mapa ikusi

Gaztelugatxeko San Joaneko Biotopo Babestua euskal kostaldean kokatuta dago, Bakio eta Bermeo herrien artean. Beharrezkoa da garraio publiko edo pribatua erabiltzea horren inguruetara iristeko, itsas mailako jaitsiera oinez egin beharko duzun arren.

Autobusez.

Autobusez, Bilbotik edo beste leku batzuetatik, Bakiora eta Bermeora joan zaitezke abian dauden autobus-lineak erabiliz.

  • A3518 Bilbao-Mungia-Bakio
  • A3527 Bilbao-Mungia-Bermeo

Herri horien erdiguneetatik bertatik zuzenean Gaztelugatxera doazen autobusak daude. Autobus horiek zuzenak dira eta 10 minutu inguruan bertara eramango zaituzte.

Lineen ordutegiak

Trenez.

Ezinezkoa da Gaztelugatxeraino zuzenean trenez iristea, baina bai Bermeoraino, Euskotrenen E4 linearen bidez. Ostean Gaztelugatxerainoko ibilbidea autobusez egin daiteke.

Euskotren-eko E4 linearen ordutegia

Autoz.

Bilbotik 45 minutura dago Gaztelugatxe. Aukera gomendagarriena BI-631 errepidea jarraitzea da, Loiuko aireporturako norabidean. Aireportua atzean utzita, Mungiarantz jo, eta herrira sartu beharrean BI-2101 errepidea aukeratu, Bakiorantz. Bakio erditik zeharkatu ostean Gaztelugatxe ikusiko duzu ezkerraldeko lehiatilatik.

Ordea, bertara Gernikatik joan nahi baduzu BI-2235 errepidetik joan behar duzu, Bermeo noranzkoan. Bermeo herrira iritsi ondoren errepide horretatik jarraitu behar duzu beste 10 minututan. Guztira tarte osoa egiteko gutxi gorabehera ordu 1 beharko duzu

Aparkalekua

Aparkalekuetara BI-3101 errepidetik iristen da. Aparkaleku nagusia sarreran dago, Jendeari Arreta Eskaintzeko Gunearen ondoan.

Kontua da Gaztelugatxera bisitari asko hurbiltzen dela eta horregatik aparkaleku horiek beterik egoten direla, batez ere egunaren erdiko orduetan (10:00-16:00). Ondorioz, Bakio eta Bermeo herrietan kokatuta dauden aparkatzeko esparruetan aparkatzea gomendatzen da, eta leku horietatik Gaztelugatxera iristen den autobusa hartzea.

Doakoa den tiketa edukitzea derrigorrezkoa izango da urteko une hauetan Gaztelugatxe bisitatu ahal izateko:

  • Egunero Aste Santuan zehar.
  • Asteburuetan, jaiegunetan eta zubietan, apiriletik ekainaren bigarren hamabostaldira arte.
  • Egunero ekainaren bigarren hamabostalditik irailaren 30era arte.
  • Urriko asteburuak; urriko eta azarozko jaiegunak eta zubiak.
  • Abenduaren 1etik 9ra.

Ordutegia 10:00etatik 19:00etara izango da (abenduan azken sarrera kontrolatua 17:00etan izango da).

Zure erreserba online egin nahi baduzu sartu hemen.

Nahitaezkoa izango da pertsona bisitariek aurrez eskuratutako erreserbaren tiketa Jendeari Arreta Eskaintzeko guneetan sarbideen kontrolaren ardura duen pertsonalari erakustea; horretarako sarrera inprimatu edo dispositibo mugikor baten irakur daiteke.

Dena dela, aldi baterako baino ez, aipatutako egunetan eta orduetan, aukera egongo da tiketa Gaztelugatxen jarrita dauden Jendeari Arreta Eskaintzeko guneetan eskuratzeko. Toki hauetan daude kokatuta:

  • Urizarretatik sarbidean. Arreta eta harrera puntu nagusia da. Parkingaren ondoan sarreran kokatutakoa. Espazioari buruzko informazioa eskaintzen da.
  • Ermutik egiten den sarreran.
  • Gaztelugatxeko San Juan ermitara daraman eskaileran sartzeko zabalgunean.

lotura liburuxkara.

Sarbideak

Gaztelugatxeko San Juan ermitara iristeko bi sarbide daude. Bat Urizarretan eta bestea Ermun. Bi kasuetan oinetako egokiak behar dira, aldapa makurtua baita eta lurzorua irregularra.

  1. Urizarretatik. Sarbide nagusia da baina malkartsua da. Distantzia: 1.200 m. Informazio Gune Nagusitik. Malda: % 35

  2. Ermutik. Bigarren mailako sarbidea, luzeagoa da baina errazagoa, ez delako hain malkartsua. Luzera: 1.600 m. Informazio Gune Nagusitik. Malda: % 15.

Ibilbidea egiteko eta baselizara doazen 241 eskailera-mailak oinez igotzeko, komenigarria da arropa eta oinetako erosoak janztea. Kontuan hartu malda handiko leku batetik ibiliko zarela. Ura eramatea gomendatzen dizugu.

Ibilbideak jarduera fisiko handia eskatzen du, eta, horregatik, ez da gomendagarria osasun-arazoak eta ibiltzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat, ezta haur-kotxea eramaten dutenentzat ere.

Lurraren egoera eta maldak direla eta, Gaztelugatxeko baselizako bisita ez da gomendagarria disfuntzio fisikoren bat duten pertsonentzat, bereziki mugikortasun-arazoak dituztenentzat. Paisaia Ermuko ibilbidean dagoen begiratokitik ikustea proposatzen dugu.

Udan eta egun eguzkitsuetan ez ahaztu eguzkitako krema erabiltzea.

Xehetasun gehiago eskatu sarrerako aparkalekuan dagoen jendearen arretarako gunean.

Ibilbideak

Gehiago ikusteko gogoarekin geratu bazara egon daude Gaztelugatxetik ateratzen diren ibilbide eta bide-zidor batzuk, inguruko beste toki interesgarri batzuk ezagutzeko aukera ematen dutenak.

  • Matxitxakoko itsasargia.
  • Baselizen ibilaldia.

Lotura mapara

Gogoratu naturagune babestu bat bisitatzen ari zarela eta, beraz, bertako natura-balioak mantendu eta bultzatzeko oinarrizko zenbait arau errespetatu behar direla.

Debekatuta daude honako jarduera hauek: kanpaldia, eskalada, sua egitea, zarata egitea, zaborra uztea, urpekaritza, ibilgailuekin ibiltzea, aparkatzeko egokitutako tokietatik kanpo aparkatzea eta, orokorrean, tokiko lasaitasuna eteten duen eta flora eta fauna kaltetzen duen jarduera oro.

Zure igarotzeak utzi behar duen arrasto bakarrak oroitzapena eta itzultzeko gogoa izan behar dira. Lagundu iezaguzu helburu hori erdiesten.

Gaztelugatxeko bisita egiteko komunak jarri dira bi tokitan.

  • Gaztelugatxeko sarreran kokatuta dagoen aparkalekuko Jendeari Arreta Eskaintzeko Gunearen ondoan.
  • Urizarreta eta Ermuko bideak batzen diten tokian, baselizara iristeko eskaileren aurreko Jendeari Arreta Eskaintzeko Gunetik hurbil.

Bisitaren iraupena, gutxi gorabehera, 2:30 ordukoa da. Inguruan komun bakarrak direla kontutan hartu.

Jendeari arreta eskaintzeko ordutegiaren barruan (goizeko 10etatik arratsaldeko 7etara) Jendeari Arreta Eskaintzeko Guneek lehen sorospenetarako botika-kutxa txikia dute bisitan gerta daitezkeen gorabehera txikiei aurre egiteko.

Halaber, Gaztelugatxe desfibriladoreak badituen tokia da.

Piknikak egiteko mahaiak daude Ermuko ibilbidean zehar.

Gaztelugatxeri buruzko informazio turistikoa ikus dezakezu visitbiscay webgunera sartuz

Natura - Biotopo babestua

Biotopo babestua

Bere oparotasun naturala, paisaia-aberastasuna eta hauskortasuna direla eta, Gaztelugatxe biotopo babestua izendatu zuten 1998an. 2013an, Natura 2000 Sarean sartu zen: kontserbazio bereziko eremua (KBE) eta hegaztientzako babes bereziko eremua (BBE) da. Biotopo babestuak ekosistemak babesteko helburua dauka eta bitxitasuna, edertasun ikusgarria eta bakantasuna ditu bereizgarri. Tamaina txikiko guneak dira, non erabilera publikoa araututa dagoen.

Ziurrenik, bisitarientzako elementu deigarrienak San Joan baseliza bera, Akatx uhartetxoa eta Matxitxako lurmuturra dira. Azken puntu horrek, Bermeoko kostaldeko gunearekin batera, euskal kostaldeko lehen itsas erreserba ezarri zen enklabea zedarriztatzen du.

Itsas hondoa

Neurri handiko algak aurkitzen ditugu, adibidez, Laminariak edo Saccorhizak. Horiek funtsean arrokatsua den itsas hondoan finkatuta daude eta gune ezin hobea osatzen dute harrapakari handien zenbait espeziek (esate baterako, morenek edo itsas aingirek) eta beste espezie txikiago batzuek (hala nola txitxarroek, lupiek edo panekek) arrainkumeak izateko.

Ura kalitate onekoa eta gardena denez, oxigeno-kontzentrazio egokia daukanez eta kutsatzailerik ez duenez, espezie-aniztasun handia dago. Gainera, hain sakonak ez diren zonetan, kare-algen (Lythophyllum eta Corallina) eta alga gorrien (Gelidium) artean, beste animalia batzuk ere badaude, adibidez, dontzeilak, karraspioak, babuxak, aktiniak, lanpernak, holoturiak, trikuak, nekorak, txangurruak eta olagarroak.

Gaztelugatxeko biotopo babestuan debekatuta daude itsaski-bilketa eta urpekaritza.

Lurreko aberastasuna

Gaztelugatxeko biotopo babestuak duen itxura harrigarria milaka urteko higaduraren emaitza da: denbora, olatuak eta arrokak paisaia magiko bat eratuz joan dira, ia eguzki-izpi bakoitzarekin profil desberdin bat erakusten duena.

Formazio geologiko anitzeko ikuskizunak (itsaslabarrak, uhartetxoak, lurmuturra, flyscha…) berehala harrituko du bisitaria; horietan, material silizeoak ekialdeko eremuan dira nagusi eta tuparri-buztinezko flyscha osatzen dute. Karezko materialak, ordea, mendebaldean gailentzen dira eta Gaztelugatxe, Akatx eta Artatia Puntaraino heltzen dira.

Akatx uhartetxo bakartiak Kantauri itsasoko marea-aldaketa biziei aurre egiten die eta santutegi menderaezina da balio paregabeko itsas hegaztientzat, adibidez, ekaitz-txori txikiarentzat (Hydrobates pelagicus); gaueko hegazti txiki hori horrelako zona bakanduetan bizi da, lurreko mehatxuetatik urrun. Oso zaila izaten da ikustea, ekaitz bizietan izan ezik, une horietan kostaldera hurbiltzen baita babes bila. Kaio hankahorien (Larus michahellis) eta ubarroi mottodunen (Phalacrocorax aristotelis) populazioak orobat gailentzen dira, baita belatz handien (Falco peregrinus) koloniak ere.

Florari dagokionez, Matxitxako lurmuturreko harkaitz malkartsuetan, itsasoaren eta haizearen eraginpean, Armeria euskadiensis espeziaren populazioak daude, euskal kostaldeko endemismo ederra, baita basolibondoa ere (Olea europea), oraingo olibondoaren basa-arbasoa.

Artadi kantauriarrak eta kostaldeko txilardiek biodibertsitate handia dute, faunarentzako aterpeak dira eta biotopo babestuko kostaldeko magalak hartzen dituzte.

Paisaia-aberastasun eta -balio handiko beste puntu bat Atxuloko ingurunea da: Bakioko harkaitz horietan ere, olatuek urpeko paisaia paregabeak eta haitzulo ugari modelatu dituzte.

Matxitxako lurmuturra

Matxitxako lurmuturra kostalde kantauriarreko lurmutur irtenena da. Bermeo eta Gaztelugatxe artean dago eta bi itsasargi daude hor: bata 1852koa da, farozain batek zaintzen zuen eta “zaharra” esaten zaio, eta bestea, “berria”, automatikoa da, 1909koa.

Udatik udazkenera, zetazeoak behatzeko leku bikaina da: izurdeak, kaxalote arruntak, zereak, pilotu-izurdeak, orkak eta xibartak. Negu-pasarako migratzen duten hegaztientzako behatoki ezin hobea ere bada. Lurmuturrean zenbait hegazti umatzen dira, adibide, harkaitz-zozo urdina eta pitxartxar burubeltza, eta belatz handiak ehizatzen duen ohiko lekua da.

Gaztelugatxeren panoramika zoragarria ikusteko aukera ematen duen paisaia apartaz gozatzeaz gain, Matxitxako lurmuturrean tokiko kultura-ondarea agerian uzten duten aztarnak ere aurki daitezke: Gerra Zibileko kanoi-bateria zaharra, talaia, bolborategia, etab.

Historia

San Joan Baseliza

Gaur egun ikusten dugun baseliza ez da jatorrizkoa: gertakari batzuk direla-eta, hala nola guduak edo suteak, eliza zenbait aldiz berreraiki behar izan da.

Uste da lehen baseliza IX. mendean eraiki zela eta XII. mendean komentu bihurtu zela.

Baselizak defentsa-helburu bat ere izan zuen, hain zuzen, Bizkaiko jaurerriaren boterea babestekoa. Beste egitate historiko batzuen artean, Alfonso XI. Gaztelako erregeak 1334an Gaztelugatxe setiatu zuen, Juan Núñez de Larari jarraituz. Azken hori haitzean gotortu zen beste zenbait zaldun bizkaitarrekin, eta hilabetez baino gehiagoz eutsi zien erasoei:

(…) eta horregatik Bermeotik irten zen eta San Joan haitza inguratu zuen, hortik bi legoara baitzegoen; eta haitz hori oso indartsua da, itsaso guztiak inguratzen duelako, sarrera estu bat bakarrik izan ezik. Eta erregea han finkatu zen eta hari aurre egiteko tresnak ekartzeko agindu zuen eta hilabetez geratu zen han. Eta haitzaren barruan aitoren semeen konpainia ona eta ugaria zegoen, eta jaki anitz zeuzkaten: eta horregatik erregeak ezin izan zuen bereganatu han egon zen bitartean (…).

Era berean, Kantauriko olatuek etengabe astintzen duten uhartetxo arrokatsu hori iritsiezina denez, altxorrak ezkutatu behar zituela imajinatu zuten, eta horren ondorioz eraso asko egin dira: besteak beste, XVI. mendearen bukaeran, esaten da Sir Francis Drake kortsario ingelesak baseliza erre zuela eta Arroxelatik zetozen heretiko higanotek Izaro eta Gaztelugatxe hartu zituztela, han aurkitu zuten guztia lapurtu, eta ermitaua itsaslabarretik amildu zutela. Azken gertaera 1978an jaso zen, baseliza suak hartu zuenean eta suntsituta geratu zenean. Horren ondorioz, haren azken berreraikuntza garrantzitsua egin zen, 1983an.

Tradizioak

Gaztelugatxeren jatorri etimologikoa “Gaztelu-aitz”etik (gazteluko haitza) etor daiteke. Itsasoari aurre egiten dion enklabe honek magia inspiratzen du, bai urrutitik begiratzen dugunean bai harmailetatik doan bide estuari ekiten diogunean, eta honen ondorioz, tradizio asko daude Gaztelugatxeko Donianeri buruz. Adibidez, hauek aipa ditzakegu:

  • Bermeoko arrantza-ontziek, hegaluze-kanpaina luzeetan lan egitera irteten direnean, ababorrera eta istriborrera egiten dute zenbait aldiz santuak zortea ekar diezaien, eta gauza bera egiten da itsasontzi bat inauguratzen denean.
  • Gutxi gorabehera XVII. mendetik aurrera, ohitura bihurtu zen Bermeoko Udala Gaztelugatxe, Izaro eta Demikura prozesioan joatea jurisdikzio-jabetzako aldarrikapenak burutzera. Gaur egun oraindik joaten dira Gaztelugatxera, abuztuaren 29an.
  • Egutegiko beste data garrantzitsu bat ekainaren 24a da, San Joan jaiak, erromeria bat egiten baita. Jendetza handia joaten da baselizara erromesaldian, promesak betetzera edo soilik santuari eskerrak ematera. Lore-oparia egiten zaio 1963an itsas hondoan, uhartetxo zoragarri horren ondoan sortzen diren arku naturaletako baten azpian, jarri zen Ama Birjinaren irudiari. Urtean beste bitan bakarrik ematen da meza baselizan: uztailaren 31n, San Ignazio Loiolakoaren egunean, eta abenduaren 30ean.
  • Era berean, fededunek beren gaitzak sendatzeko jotzen duten San Joanengana: buruko mina sendatzeko (objekturen bat utziz, hala nola txapela, zapiak…), lo-arazoetarako edo ugalkortasun-arazoetarako (Santa Anaren irudiaren ondoan haurtxo-arropak utziz).

Kondairak

Gaztelugatxeko ondare- eta historia-balio ukaezina da, eta horren inguruan, aintzinatik sortu dira kondaira eta erritu ugari.

Azken mailan, tenpluaren alboan, aztarna bat dago. Kondairaren arabera, San Joan Bataiatzailea hiru oinkada luzetan bakarrik heldu zen Bermeotik baselizara. Utzitako lau aztarnak hemen omen daude: lehena, Bermeoko San Joan arkuan; bigarrena, Itsasalde baserriaren ondoan; hirugarrena, Burgoako muinoan; eta azkena baselizara heldu aurretiko azken mailan ikus daiteke. Hor, zizelkatutako inskripzio bat irakurri ahal da, “San Juan” dioena.

Jaiak

Urtean zehar zenbait jai daude, eta horien barruan baselizara bisita antolatzen da.

  • San Juan. gauan erromeria antolatzen da, oso berezia Bermeokoentzat
  • Uztailaren 31n Loiolako San Inazioak dira, eta erromeria antolatzen da Arrietan.
  • Abuztuaren 29an San Juan ‘Degollado’ko jaiak ospatzen dira Bakion, eta bertan erromeriak antolatzen dira ere.