Ekainaren 1ean (astelehena), COVID-19aren ondorioz sorturiko krisi ekonomikoa dela-eta martxoan salbuespenez luzatu ziren zergen arloko hainbat epe amaituko dira. Epeak luzatzea Foru Aldundiak zergen arloan harturiko neurri-multzo zabalean sartzen da. Hain zuzen, Bizkaiko pertsonen likidezia hobetzeko hartu zen neurri hori, batez ere mikroenpresa, enpresa txiki eta pertsona autonomoen likidezia hobetzeko, COVID-19ak ekonomiaren sektorerik ahulenean izandako inpaktua dela eta. Aitorpenak aurkezteko eta zergak ordaintzeko epeak luzatzeaz gainera, konfinamendu-egoeraren ondorioz zaildu edo ezinezko bihurtu ziren zenbait izapide egiteko epeak behin-behinean malgutu ziren.

Horrela, Foru Ogasunak gogorarazten du ekainaren 1ean, astelehenean:

Pertsona fisikoei, mikroenpresei eta enpresa txikiei dagozkien aitorpenak eta autolikidazioak aurkezteko luzatu zen epea amaituko dela. Gehienak lehenengo hiruhilekoari dagozkion BEZaren aitorpenak eta autolikidazioak eta PFEZaren atxikipenak dira, apirilean egin behar izan zirenak.

Langile autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek zerga-zorrak ordaintzeko duten epearen salbuespenezko geroratzea eskatzeko epea amaituko da. Ogasunak bermerik eta berandutze-interesik gabe emango ditu eskatutako geroratzeak, eta ordainketak irailaren 25etik aurrera egingo dira, zenbateko berbereko sei kuotatan. Geroratzerik eskatu ez bada, Ogasunak ekainaren 2tik 4ra bitartean kargatuko du dagokion zenbatekoa.

Berriro hasiko dira martxoaren 16tik hona etenda egon diren zergen arloko prozedurak.

Zergak BEZaren araubide erraztuan ordaintzen dituzten zergadunek ekainaren 1era arteko epea izango dute araubide horretatik behin-behinean kanpoan uzteko, eta egintza hori gertatu dela ulertuko da aitorpenak araubide orokorra aplikatuta aurkezten dituztenean. Ezohiko inguruabar hauetan, araubide sinplifikatutik kanpoan geratzeak ez du esan nahi, ohi denez, 3 urteko epean berriro aplikatzeko aukerarik ez izatea: salbuespenez, 2021ean araubide sinplifikatua izan ahalko da. Edozelan ere, araubide sinplifikatua aplikatzeari uko egiten ez bazaio, bigarren hiruhilekoan sortutako BEZaren kuota kalkulatzeko, ez dira jarduera-egun gisa konputatuko alarma-egoera deklaratuta egon den egun naturalak.

Foru Ogasunaren bulegoak berriro irekiko dira

Bizkaiko Foru Ogasunaren zazpi bulegoetan aurrez aurreko arreta eta erregistro-zerbitzua eskainiko dira berriro, ekainaren 1etik aurrera, 9:30etik 13:30era, eta baita Aldundiaren Gertu zerbitzuko hiru bulegoetan ogasunarekin lotuta ematen den arreta-zerbitzua ere. Hamar bulego horietako aurrez-aurreko arreta aurretiazko hitzordua eskatuta baino ez da eskainiko. Hitzordua 946.125.500 telefono-zenbakian edo Internet bidez eskatu daiteke, helbide honetan: Aurretiko hitzordua

Bizkaiko Foru Aldundiak gogorarazten du izapide guztiak Internetez egin daitezkeela, Bizkaibai bulego birtualean, Bak kodea edo identifikazio digitalerako edozein bitartekoren bidez. Era berean, Foru Ogasuna ahalegin handia egiten ari da, ahal dela, herritarrek bulegoetara joan beharrik izan ez dezaten. Helburu horretarako, arreta-zerbitzua areagotu da telefonoz, postontzi elektronikoen bidez, eta bulego birtualaren bidez. Beraz, hitzordua telefonoz adosten bada, Ogasuneko informatzaileek ahalegina egingo dute kontsulta edo eskabideari erantzuna emateko, interesdunak bulegoetara joan beharrik izan ez dezan, derrigorrezkoa ez bada.

Bulegoetara joan behar izanez gero, zalantzak argituko zaizkio eta argi eta garbi azalduko zaio zer betekizun bete eta zer dokumentu aurkeztu behar diren; gogoraraziko zaio hitzorduaren ordutegia zehatz bete behar duela, nahitaezkoa dela maskara erabiltzea eta bakarrik joan beharko duela.

Ogasunaren bulegora joaten denean, interesdunak beteta eraman beharko ditu ereduak eta dokumentuak, bulegoetan ez duelako izango ereduak betetzeko mahairik ez boligraforik. Era berean, erantsiko diren dokumentuen kopiak ekarri beharko ditu, ez delako fotokopiagailurik erabiltzeko aukerarik egongo.

Bizkaiko Foru Ogasuneko bulegoak udalerri hauetan daude:

  • Balmaseda; Magdalena pasealekua 2
  • Barakaldo; Los Fueros pasealekua 4
  • Basauri; Nagusia 38 (sarrera Santiago kaletik)
  • Bermeo; Dolariaga 19
  • Durango; Askatasun Etorbidea 12
  • Gernika; San Juan Ibarra plaza 5
  • Basurtuko Kaputxinoen kalea 4, Bilbo
  • Getxo; Konporte zk.g.
  • Portugalete; General Castaños 41
  • Mungia; Herribide 5