2022(e)ko apirilaren 05(a) 11:00

Aldundiak Bizkaiko udalerriek Herriak Egiten Funtsaren 58 milioiak jasotzeko prestatu duen Dekretua onartu du

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Ezohiko finantzaketa honen bidez foru erakundeak lurraldeko udalerriei inbertsio-proiektu eraldatzaileak egiten lagundu nahi die, lehentasunez dagoeneko abian jarritako lurraldeko lau trantsizio estrategiko handiak sustatzeko: iraupen luzeko zainketak, digitalizazioa, mugikortasun iraunkorra eta ingurumena.

Bizkaiko Foru Aldundiak Herriak Egiten deritzon ezohiko funtsa emateko prozesua arautzen duen Foru Dekretua onartu du Gobernu Kontseiluan. Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, otsailaren erdialdean iragarri zuen bezala, aparteko funts hau lurraldeko 112 udalerrien artean banatuko da; funtsa pandemiak eragindako krisiaren eragina arintzeko Estatuak aktibatutako baliabideetatik Bizkaiari esleitutako 94,79 milioiekin eratu da. Diru horren erdia baino gehiago udalentzat da, zehatzago esanda 58.000.000 euro, horrela gaur egungo sozietate aurreratuenek gainditu beharreko erronkak lortzen laguntzeko Bizkaiko Foru Aldundiak toki entitateekin duen konpromisoa indartuz.

Gaur onartutako Foru Dekretuak udalerri guztiek jasoko duten transferentzia ekonomikoa jasotzeko udalek jarraitu beharreko irizpideak eta prozedura ezartzen ditu. Ildo horretatik, udalak, ahal den neurrian, inbertsio proiektu eraldatzaileak bultzatzen saiatuko dira, ahal dela  dagoeneko martxan dauden lurraldeko lau trantsizio estrategiko handiak sustatzeko: iraupen luzeko zainketak, digitalizazioa, mugikortasun iraunkorra eta ingurumena. Inbertsioak 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen amaitu beharko dira.

Zenbateko ekonomikoei dagokienez esleipen finkoen arabera ezarri dira, biztanleria-tarteen arabera. 1.500 biztanlera arteko udalerri txikienek jasoko dituzten 100.000 euroetatik hasi eta Bilbok, 200.000 biztanletik gorako udalerri bakarrak, jasoko dituen 15 milioietara arte. Zenbatekoak tarte hauetan zehaztu dira:

  1. 1.500 biztanlera arte: 100.000€
  2. 1.500 eta 3.000 biztanle artean: 140.000€
  3. 3.000 eta 5.000 biztanle artean: 230.000€
  4. 5.000 eta 7.500 biztanle artean: 345.000€
  5. 7.500 eta 10.000 biztanle artean: 445.000€
  6. 10.000 eta 15.000 biztanle artean: 665.000€
  7. 15.000 eta 20.000 biztanle artean: 850.000€
  8. 20.000 eta 30.000 biztanle artean: 1.300.000€
  9. 30.000 eta 40.000 biztanle artean: 1.700.000€
  10. 40.000 eta 70.000 biztanle artean: 2.000.000€
  11. 70.000 eta 100.000 biztanle artean: 3.405.000€
  12. 100.000 eta 200.000 biztanle artean: 4.405.000€
  13. 200.000 biztanletik gora: 15.005.000€

Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean foru dekretua indarrean jartzen denean udalek hamar egun balioduneko epea izango dute esleitutako zenbatekoa onartzeko, eta, hori egin ondoren, gehienez ere bi hilabeteko epean transferentzia ordainduko zaie.