Aldundiak #BizkaiaGara boluntarioen laguntza-sarea aktibatu du, lurraldeko adineko zaurgarriei laguntza emateko

Bizkaiko Foru Aldundiak boluntarioak lortzeko kanpaina aktibatu du, astelehenetik aurrera #BizkaiaGara boluntarioen laguntza-sarea osa dezaten. COVID-19 koronabirusak eragindako larrialdiak sortutako beharrizanen ondorioz, baliteke mendekotasun-egoeran dauden eta etxean zaintzaile batekin bizi diren 9.168 adinekok laguntza-behar handiagoa izatea oinarrizko jarduera horiek egiteko, ez baita gomendagarria etxetik irtetea. Hauek dira laguntza hartzeko prozesua eta boluntario izateko eman beharreko urratsak:

Telefono-deien bidez, foru-erakundea harremanetan jarriko da laguntza horren balizko jasotzaile gisa identifikatuta adinekoekin; haien beharrizanak jasoko ditu, eta erantzuteko prozesua aktibatuko du.

  • Kolektibo horretan sartuta ez dagoen lurraldeko beste edozein adinekok laguntza hori behar badu Aldundiaren 94 406 6000 telefono-zenbakira dei dezake astelehenetik aurrera.
  • Aldundiak bizkaitarren elkartasuna eskatu da, eta dei egin die herritarrei #BizkaiaGara laguntza-sarearekin bat egin dezaten.
  • Boluntarioek sendagaiak edo elikagaiak erosteko laguntza emango diete Bizkaiko adinekoei, etxetik atera ez daitezen.
  • Boluntarioak telefonoz jarriko dira harremanetan pertsona horiekin, elikagaien eta sendagaien arloan dituzten beharrizanei buruz galdetzeko; gero, erosi egingo dituzte eta etxeetara eramango dizkiete, higienea eta segurtasuna erabat bermatuta.
  • Boluntarioek informazioa, prestakuntza, orientazioa eta baliabide materialak jasoko dituzte zeregin hori betetzeko, berebiziko arreta jarriz COVID-19 birusa ez kutsatzeko prebentzioan, adinekoen eta boluntarioen babesa bermatzeko.
  • #BizkaiaGara boluntarioen laguntza-sarearekin bat egin nahi duten pertsonek bolunta Bizkaiko boluntariotza-agentziaren bidez egin ahal izango dute, astelehenetik aurrera. Horretarako, mezu bat bidali helbide honetara: bizkaiagara@bizkaia.eus, edo zure datuak utzi hurrengo formularioan.