2022(e)ko abenduaren 02(a) 13:40

2022ko Ohorezko Lauaxeta Sariek nazioartean euskararen ezagutza eta erabilera zabaltzea saritu dute

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Ohorezko Saria eman die nazioartean euskararen ezagutzaren eta erabileraren hedapenean ibilbide luze eta emankorra egin duten pertsona eta erakundeei: euskarari prestigioa emateko egindako lanagatik, Rafael Yuste izan da saritua; Laurak Bat erakundeak, Buenos Airesko Euskal Etxeak, euskara Euskal Herritik kanpo mantentzen eta iraunarazten egindako ibilbideagatik ere izan da saritua, ordezkari gisa Jose Gabriel Anitua saria jaso du; eta Hanna Lanttok saria jaso du unibertsitateetan irakurletza programen bidez euskararen erabilera sustatzeko egindako lanagatik. XVIII. edizio honetan Ikus-entzunezkoen kategoriako Lauaxeta saria Iratxe Fresnedak jaso du. Poesiako Lauaxeta Sariei dagokienez, 35 urtetik gorakoen kategorian Aritz Gorrotxategi izan da saritua, eta 35 urtetik beherakoen kategorian, berriz, Itziar Ugarte.

Lauaxeta sariak

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeria Maizek, eta Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Lorea Bilbao Ibarrak, 2022ko Lauaxeta Sariak banatu dituzte gaur Bilboko Elkarte Filarmonikoan egin den ekitaldian. Lauaxeta Ohorezko Sariaren helburua bereziki Bizkaian eta oro har munduan euskara sustatu, zabaldu eta normalizatzeko egindako ekarpenagatik nabarmendu diren pertsonak edo taldeak jendaurrean aitortzea da, merezimendu handiko jarduera horiek sarituz eta hedatuz, ahal den neurrian gizartea euskara sustatzeko lan horretara erakartzeko pizgarri izan daitezen.

Rementeriak sarituek euskara nazioartean zabaltzeko egindako lana goraipatu du, guztiak euskara handi egiten dozue eta batez be, herritarrok erabiltzeko aukera eskaintzen dozue. Zeuok erabili eta beste batzuei erabiltzeko aukera emon. Horixe da kontua azken baten, aukeratzea, hautatzea zein hizkuntza gura dogun gure bizitzan, gure egunerokoan. Bizkaian euskaraz ari garenon hiztun-komunitatea indartsua da, baina indartsuago gura dogu, Bizkaian euskararen erabilera nonahi gura dogu, kalean, etxean eta lagunartean, lanean, aisian, edonon, batez be hori: edonon, aukera izatea eta aukera bilatzea, aukera aprobetxatzea. Eta euskara atzerrian be ezaguna izatea nahi dogu. Eta atzerrian be ikastea beste hizkutnza batzuk moduan eta ahalik eta gehien erabiltzea.

Hemezortzigarren edizio honetan Rafael Yustek, Laurak Batek eta Hanna Lanttok jaso dute 2022ko Lauaxeta Ohorezko Saria, nazioartean euskararen ezagutzaren eta erabileraren hedapenean egindako lan luze eta emankorragatik.

Hain zuzen ere, komunitate zientifikotik, kasu honetan Columbiako Unibertsitatean (Estatu Batuak) euskarari prestigioa emateko egin duen lanagatik saritu dute Rafael Yuste. Jose Gabriel Anituak jaso du saria, Laurak BAT ordezkatuz, Buenos Airesko (Argentina) Euskal Etxeak egindako lanagatik; Eta Hanna Lanttok, Turkuko Unibertsitatean (Finlandia) irakurle-programak garatzeagatik eta atzerrian euskararen erabilera sustatzen egindako lanagatik jaso du bere saria.

Beste alde batetik, Itziar Ugartek eta Aritz Gorrotxategik Poesiako Lauaxeta Saria jaso dute, euskarazko poesia sustatzeko eta zabaltzeko ematen dena. Poesiako Lauaxeta Saria, 35 urtetik beherakoen kategorian, Itziar Ugartek jaso du, Gu gara ere lanagatik. Epaimahaiak nabarmendu duenez bere lehen liburutik ahots propioa eta bereizia eraikitzea lortu duen idazle bakanetakoa da, poemak identifikagarri bezain gozagarri eginez. Gainera, epaimahaikideek nabarmendu dute hasieratik amaierara ahots orekatu batek idazlearen ingurunearen berri ematen du, deskribapen erraz esanguratsuekin eta beharrezkoak baino ez diren hitzekin. Oroitzapen sendoak agertzen dira, beti samurtasunez. Letra txikiz idatzitako poemak dira, baina letra erraldoiz irakurtzen direnak.

35 urtetik gorakoen kategorian Aritz Gorrotxategik Uda betea lanagatik jaso du poesia saria. Epaimahaiak azpimarratu du atsekabe multzoa dela, ahots heldu batek lasaitasunez eta hitz egokiekin kontatua, eta unibertso horretan itsasoak, lagunek eta udak leku nabarmena betetzen dutela. Irakurlea maisutasunez etorkizunari begira jartzen du, bizi izan dituen eta biziko  dituen pozen lekuko.

Iratxe Fresnedak Tetuan lanagatik jaso du Bizkaiko Foru Aldundiak banatzen duen Ikus-entzunezko Saria. Epaimahaikideek nabarmendu dute lan hau memoria historikoaren parte dela: Protagonistak jatorri askotakoak dira, iraganeko garai batekoak eta egungoak, baina denek migratu behar izan dute. Dokumentalak agerian uzten du bizipen-lotura uste baino estuagoa dela, eta egungo migratzaileek geroko euskal memoria historikoa osatzen dutela. Hausnarketak egungo eta etorkizuneko euskal gizarte integratzaile eta solidarioaren aldeko ikuspegi baikor eta itxaropentsua ere jasotzen du.

Aurtengo edizioko sari banaketan bertaratutakoek Rakel Rodriguezen (Arymux) dantza inklusiboaz, Maren abeslariaren eta Aukeran dantza taldearen emanaldiez gozatu ahal izan dute.

Bilboko Elkarte Filarmonikoan egin den ekitaldian Bizkaiko gizartearen ordezkaritza zabala izan da.


Bideoak

Egin zaitez Bizkaia Denontzat newsletter-en harpideduna

Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.

Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.

(*) duten esparruak nahitaez bete behar dira

Sartu balio duen e-mail bat, adibidez: adibidea@adibidea.com

Datuak Babesteko Lege ofiziala onartu behar duzu

Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia

Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao

TRATAMENDUAREN HELBURUA:

Bizkaitarren Egiten: newsletter.

ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:

interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
  • Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
  • 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak

Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...