2022(e)ko uztailaren 29(a) 11:00

“Izaro: Natura eta Historia” erakusketak toki enblematiko honen alderdi desberdinak azaltzen ditu Arrantzaleen Museoan

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Anton Erkoreka eta Xabier Armendariz komisario dituen erakusketak uharteko fantziskotarren komentuaren 600 urteak ematen ditu ezagutzera, eta, gainera, Izaroren historia naturala azaltzen du, bertako flora eta fauna; bai eta uhartea inguratzen duten itsaspeko hondoak, bere ondare artistikoa, Madalen Eguneko jaia eta Izaroren inguruan kultura herrikoian, literaturan eta zineman dagoen iruditeria ere. Erakusketa 2023ko martxora arte bisitatu ahalko da.

Aixa Gaztelu, Xabier Armendariz, Lorea Bilbao eta Anton Erkoreka

Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak datozen hilabeteetan Bizkaiko Foru Aldundiaren Arrantzaleen Museoan egongo den erakusketa aurkeztu du gaur goizean. Anton Erkoreka eta Xabier Armendariz komisario dituen "Izaro: Natura eta Historia" erakusketak askotariko piezak barne hartzen ditu, hala nola tailu eta irudi erlijiosoak, pieza arkeologikoak edo margolanak, eta horien bitartez Izaro uhartearen alderdi desberdinak azaltzen dira, bere hastapenetatik gaur egunera arte.

Uharteko frantziskotarren komentuaren sorreraren 600. urteurrena da erakusketaren ardatz nagusia, eta bertan ikusgai daude uharteko komentuak iraun zuen 300 urteetan zehar gorde ziren pieza artistiko garrantzitsuenak.

Hiru mendetan zehar, uharteko hegal malkartsuetan, itsasoko haizeek astindua, frantziskotarren komentua kokatu zen. Komentu hori Gaztelako errege eta erreginek bisitatu zuten, kortsarioek eraso egin zioten eta bertako fraideek zigor handiak jasan zituzten. Historian zehar, komentuak ondare historiko eta artistiko aberatsa pilatu zuen, zeina denborazko erakusketa honetan bilduta aurkezten baitugu. Erakusketan ikus daitezkeen piezen artean, honako hauek daude: XVI. mendeko taula flandriar bat, San Antonioren mirariei buruzko XVII. mendeko sei taulako multzo bat, aparteko kalitateko bi irudi gotiko edo Izaroko prozesio-gurutze bikaina; azken hori, bere kalitateagatik, modu iraunkorrean egon da ikusgai Bilboko Euskal Museoan.

Panelen zati bat uhartearen historia naturala ezagutzera bideratuta dago, bertako flora eta fauna, bai eta uhartea inguratzen duten itsaspeko hondoak ezagutzera ere, mendeetan zehar hondoratu diren hainbat ontzi baitaude bertan.

Uhartearen lehen deskribapenen ostean, erakusketa bisitatzen duten pertsonek honako hauek ezagutuko dituzte: 1422an komentua sortu zeneko xehetasunak, Gernika eta Bermeon Bizkaiko foruen zina egin ondoren Gaztelako errege eta erreginek egindako bisitak, komentuari lotu zitzaizkion zenbait pertsonaia garrantzitsu, 1596an kortsarioen eraso baten osteko suntsipena, eta 1719an uhartea utzi eta Foruko komentura joan zirenera arte jasan zituzten zailtasun handiak.

Hori guztia osagarria da uharteko bizimoduarekin, gorde zuten ondare artistiko izugarriarekin; Bermeo, Elantxobe eta Mundaka arteko itsas biraren bidez ospatzen den Madalen eguneko jaiaren ospakizunarekin; eta Izaroren inguruan kultura herrikoian, literaturan eta zineman dagoen iruditeriarekin.

Erakusketan ikusgai dauden piezak Elantxobeko Parrokiatik, Bilboko Euskal Museotik, Eleiz Museotik eta Bilboko Miserikordia Etxetik hartu dira, eta, era berean, Foru Erakundearen Arkeologi Museoan egon ohi diren piezak ere daude.

Gaur inauguratu den erakusketa 2023ko martxora arte bisitatu ahalko da Bizkaiko Foru Aldundiaren Arrantzaleen Museoan.

Komentuaren 300 urte uhartean

1714an, baimena eskatu zioten Bermeoko herribilduari komentua lekualdatzeko. Eraikinaren egoera txarra ikuskatu ostean, baimena eman zen. Berehala, Foruko kabildo eklesiastiko eta sekularrak beren oniritzia eman zuten eta izapideak betetzen joan ziren Bizkaiko korrejidorearekin, Aldundiaren Batzarrekin eta Errege Kontseiluarekin; Felipe V.aren Errege Zedula, Calahorrako apezpikuaren Lizentzia, eta Onespen eta Lizentzia Apostolikoak (Erromatik igorriak 1716ko abenduaren 18an) lortu arte. Izaroko frantziskotarrek 1719ko abuztuaren 17an hartu zituzten dohaintzan Foruko etxea eta lursailak, eta, horrela, Izaro uhartean bizitako hiru mendeko abentura luze eta emankorra amaitu zuten.

Izaro Euskal Herriko uharterik handiena da. Matxitxako eta Ogoño lurmuturren artean dago, iparraldetik Gernika-Mundaka ibaiaren bokalea ixten duen badia handiaren erdian, zeinak, gaur egun, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba osatzen duen.

Gaur egun, Izaro uhartea hegazti, flora eta itsaspeko espezieen santutegia da. Uharte berezia, historiaz eta kondairez betea. Ondare-paradisu bat, ezezaguna bezain ederra.

Izaro literaturan eta zineman

Izaroren silueta mitikoak hainbat autore inspiratu ditu eta uhartearen inguruan literatura-obrak, bilduma historikoak eta ikono kulturalak ehundu dira. Adibide gisa, 1878an, Antonio Trueba idazle kostunbristak, Curiosidades histórico-literarias de Vizcaya (Bizkaiko bitxikeria historiko-literarioak) lanean, kapitulu bat eskaintzen dio: Memorias históricas de la isla de Izaro (Izaro uhartearen memoria historikoak). Kapitulu horretan, uhartea protagonista izan zuten gertakari garrantzitsuenen eta bertan bizi izan ziren fraide frantziskotarrek izandako gorabeheren berri ematen da. XX. mendean, Gabriel Arestik Izaro sartu zuen Harri eta Herri poema liburuan, euskal literaturako lanik enblematikoenetako bat, poesia eder eta malenkoniatsuarekin.

Era berean, ez da falta izan XVI. mendeko frantziskotarren komentuaren kortsario-lapurreta ospetsuan girotutako eleberririk. Pablo Zapataren El tesoro de la isla de Izaro (Izaro uharteko altxorra) gazteentzako eleberrian, bi mutil bermeotarrek uharteko kobazuloak arakatuko dituzte, altxor handi bat aurkituko dutelakoan.

Agian, Izaroren irudiaren erabilera bereziena kultura herrikoian Izaro Films ekoiztetxearen filmen izenburua da, pasa den mendeko 70eko eta 80ko hamarkadetan bere filmen hasieran uhartearen silueta erakusten zuena.

Madalen Eguna

Uhartea utzi ondoren, Madalenari eskainitako baseliza bat eta haren jai bat geratu zen, uztailaren 22an ospatu ohi dena. Ekitaldi instituzional horretan, udala udalerriaren muga horietara iristen da, Gaztelugatxeko San Juan Burumoztuaren egunean Gaztelugatxeko Donieneko baselizan egiten duen bezala. Errege-bisitak gogoratzen dituen itsas-bira bat da. Santa Eufemia zinpeko elizan hasten da eta, gero, segizioa kaian zehar doa, Izaroren atzealderaino iristen diren ontzi apainduetaraino; bertan, alkateak teila bat botatzen du itsasora, Bermeoko mugak haraino iristen direla gogoraraziz. Izarotik, itsasontziak Elantxobera doaz eta, bazkaldu ostean, Mundaka bisitatzen dute; iluntzerako Bermeoko portura itzultzen dira. Agintari eta bizilagunen segizioa Goiko plazaraino igotzen da, eta erritu-festa udaletxe aurrean amaitzen da, dantzan, kioskoaren inguruan, aurreskuak eta zabaletakoak.

Erakusketaren inguruko jarduerak

Hilabete hauetan zehar jarduera desberdinak antolatuko dira erakusketaren inguruan: hitzaldi-zikloa, bisita gidatuak "Hegaluze" itsasontzian eta katalogoaren aurkezpena, besteak beste.


Argazkiak

Egin zaitez Bizkaia egiten newsletter-en harpideduna

Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.

Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.

Sartu balio duen e-mail bat, adibidez: adibidea@adibidea.com

Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia

Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao

TRATAMENDUAREN HELBURUA:

Bizkaitarren Egiten: newsletter.

ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:

interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
  • Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
  • 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak

Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...