2022(e)ko uztailaren 18(a) 11:30

Omako Basoak 700 zuhaitz baino gehiagotan jasoko ditu Ibarrolak sortutako jatorrizko 33 multzoak

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Multzo horietako batzuk osatu egingo dira, tamaina handituta, eta gainera berreskuratu egingo dira galdutako hiru multzo, Agustín Ibarrolaren jatorrizko ideiari eutsiz. Uda honetan lehen faseko 14 multzoak margotuko dira, tartean Agustín Ibarrolak sortutako zabalenak eta ezagunenak, eta 2023ko udaren azkenean amaituko dira lanak, ordurako margotu behar baitira beste 19 multzoak. Bizkaiko Foru Aldundiak EHUko Fernando Bazeta irakaslea buru duen diziplina anitzeko talde baten eskutik egindako lanak jarraitutasuna ematen dio Agustín Ibarrolaren obrari.

Lorea Bilbao, Fernando Bazeta eta José Ibarrola Oma proiektua aurkezten

Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak, Agustín Ibarrolaren obran aditua den Fernando Bazeta EHUko irakaslearekin eta Agustín Ibarrolaren seme José Ibarrolarekin batera, Omako Basoko sormen proiektua aurkeztu du gaur goizean. Proiektuaren sorburuan, Ibarrolaren obra hori ikertu eta berrirakurtzeko lan sakona egin du Bazetak zuzendutako diziplina anitzeko taldeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta. Lan horri esker aurkeztuko den obrak artistaren jatorrizko asmoa jasotzen du, izan ere multzoetako batzuk handitu egingo dira; behinola Agustín Ibarrolak ezin izan zuen hori egin. Omako Basoa osorik egongo da, hau da, Basoan izan diren multzo artistiko guztiak batuko ditu, EHUko adituak azpimarratu duenez.

Ildo berean, Lorea Bilbaok gehitu du Omako Basoa ez dela kopia bat, aitzitik, Omako Basoa Agustin Ibarrolaren ideiaren lekualdatzea dela esan dezakegu. Bilbao Ibarrak azaldu duenez Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritako proiektuaren helburu nagusia Agustin Ibarrolaren sorkuntza artistikoari jarraipena ematea da. Bizkairako proiektu berritzailea, ilusioz betea, konplexu eta garrantzitsua da aldi berean eta orain gauzatzen ari da. Arazoa zegoen tokian, irtenbide berritzaile bat aurkitu dio Bizkaiko Foru Aldundiak aditu taldeen aholkularitzapean Omako Basoari jarraipena emanez. Diputatuak gaineratu duenez proiektu artistikoaren ikuspegi osoagoa izateaz gain, aukera baliatu da hainbat alderditan jarduteko, hala nola basoaren iraunkortasuna bermatuko duten kudeaketa eta mantentzean; irisgarritasun fisikoan zein konektibitate hobearen bidez; hedapenari dagokionez ere; bisita gidatuak sartzean eta eduki berriak idaztean; edo larrialdiak kudeatzean, milaka bisitarik hartzeko aukera emango duen espazioan. Eta horrek guztiak basoa hobeto bisitatzea ekarriko du, eta bisitariei Ibarrolaren obraren magiaz blaitzeko aukera emango die. Segurtasuna, erosotasuna, erakargarritasuna, natura, eta arte interbentzio errespetuzkoa.

Omako Basoa osatzen duten multzo artistikoen lekualdaketaren lehenengo fasea egiten ari da.

Ikerketa zehatz baten ondorioz, Basoa berrirakurri egin da, eta 700 zuhaitz baino gehiagotan margotutako 33 multzo artistikoz osatutako proiektua izan da emaitza. Bizkaiko Foru Aldundiak abiarazitako proiektu horrekin eta Fernando Bazetak zuzendutako taldearen lanari esker, kontzeptuzko akatsak eta izenburu ezegokiak zuzendu dira eta multzo bakoitza osatzen duten elementuak zehatz definitzea lortu da, baita haien esanahia ere.

Halaber, margotutako zuhaitz gehiago erantsi zaizkie zenbait multzo artistikori (Begiak, Koloretako biribilak, Erritmo inguratzaileak eta Basoko animaliak), artistak jatorrizko diseinuan eman zizkien neurriekin eta ezaugarriekin, eta jada galduta zeuden beste hiru multzo berreskuratu dira -Kordobako Meskita, Haritzari omenaldia eta Mehatxu nuklearra-. Horrenbestez, Omako Basoko obra bere osoan goza daiteke. Multzo horiek 1989. urtean galdu ziren, lurren jabeek orduan egin zuten mozketaren ondorioz.

Bi faseko garapena

Sormen proiektua bi fasetan gauzatuko da. Lehenengo fasea 2022ko ekainaren amaieran hasi da eta urrian amaituko da. Lehen 14 multzoak lekualdatuko dira: sarrerarena egiten duten multzoak (Musurako gonbidapena, Erronbo horia), Ibarrolak pintatu zuen lehenengoa (Marra horizontala), eta dagoeneko ikur ezagun bihurtu diren beste batzuk, hala nola Ortzadarra eta Begiak. Batzuk konplexutasun tekniko berezikoak dira, Izpi harrapatua izenekoa, esaterako. Udako hilabeteotan honako hauek ere pintatuko dira: Ahur/ganbil erlazioa; Equipo 57 erara; Horizontala, diagonala, bertikala; Bertikaltasuna eta bere mugimendua; Gizadiaren martxa; Basoko animaliak; Mehatxu nuklearra eta Maite zaitut.

Zuhaitz kopuruari dagokionez, Basoak azkenean 700dik gora zuhaitz edukiko ditu, eta gehienak lehenengo fase honetan pintatuko dira.

Bigarren fasea 2023ko maiatzetik irailera bitartean gauzatzekoa da. Geratzen diren 19 multzoak lekualdatuko dira, 33 multzoko obra osatu arte. Multzo hauek dira: Kordobako Meskita; Haritzari omenaldia; Minimal; Izenpea; Motorzaleak; Grekoari omenaldia; Puntillismoa; Sugarra; Koloretako biribilak; Konposizio laranja eta morea; Malevitxi omenaldia; Zirkulua; Marra zurien bihurdura; Dimentsio biko diagonala; Erritmo inguratzaileak; Bihurgunea, kontrabihurgunea; Zirkulu irekiak; Erraldoi gorria eta Uhin zuria.

Margotze prozesuan pintura ez kaltegarria erabiltzen ari da, eta artistak erabili zuen pintura mota bera bilatzeko ahalegina ere egin da. Osaera zehatza lortzeko, jada merkaturatze bideetatik kanpo dagoenez, nahastura hori berariaz proiektu honetarako egin duen enpresa batengana jo behar izan da. Erabilitako teknikari dagokionez, egileak multzoak margotu zituen moduari eutsi zaio, hau da, lehenengo eta behin multzo bakoitzerako gune egokienak identifikatu dira, gune horiek behatu eta perspektiba egokiak bilatu dira, in situ bozetoak egin dira, eta azkenik eskuz margozteko lana egin da. Prozesu horretan, Bazeta irakasleak zuzendutako lantaldeak inbentario bat ere erabili du, EHUk 2015. urtean egina Bizkaiko Foru Aldundiaren eskariz, bai eta digitalizazio proiektua ere, multzoak euren neurri eta ezaugarri zehatz guztiekin lekualdatu ahal izateko.

Bigarren fase hori amaitzen denean 700dik gora zuhaitz edukiko ditu guztira Omako Basoak, eta kilometro batetik gorako ibilbidea egingo da bertan.

Basoa zainduago egongo da eta jasangarria izango da, landaretzaren tratamendua eta aldian aldiko zainketak egokiagoak izango baitira basoaren erritmo biologikorako. Gainera, jatorrizko landaredia errespetatuko da eta haren biotipoari eragin diezaioketen lanak saihestuko dira. Aldi berean, zuhaitzen egoera kontrolatuko da, zuhaitzak banan-banan monitorizatuz, eta segurtasun sistema bat aktibatuko da sua itzaltzeko edo larrialdiei erantzuteko.

Horrez ginera, bisitariek esperientzia atseginagoa izan dezaten, bideak pinu eta altzifre azal birrinduekin egokituko dira eta atsedenguneak atonduko dira ibilbidean zehar. Eta bisita are emankorragoa izan dadin, adieraziko da zein lekutan kokatu behar diren bisitariak multzo artistiko bakoitza behar bezala behatzeko.

Basoak konektibitatea edukiko du, eta, horrenbestez, bisitariei artistaren erreferentziak edo lanaren testuinguruari buruzko argibideak helarazteko bitartekoak erabili ahal izango dira.

Diziplina anitzeko lantaldea

Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektu honetan diziplina anitzeko lantalde bat osatu da obra egokitzeko eta lekualdatzeko. Taldeko burua Fernando Bazeta da, Agustín Ibarrolaren obran aditua. Honela dago osatuta lantaldea: bi artista plastiko; zaharberritze arloko hiru aditu; Euskal Arte Garaikideko EHUko espezialista bat; EHUko arkitekto bat eta Xortu enpresako bi arkitekto espezialista; EHUko Kontserbazio eta Zaharberritze Graduko bi ikasle; eta Basalan foru enpresako basogintzako aditu batzuk. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuaren aholkularitza ere jaso du proiektuak, eta Ibarrola familiaren laguntzarekin garatzen ari da.

Irizpide zorrotzak lekualdaketarako

Obra lekuz aldatzeko, ezinbestez kontuan hartu behar izan dira hainbat alderdi, hala nola, antzeko orografia bat bilatu beharra, perspektiba guneen arteko baliokidetasuna, perspektiben dentsitate eta sakoneren arteko antzekotasuna eta berdintasuna, eta zuhaitz margotuen artean antzeko elkarrizketa ezarri beharra.

Fernando Bazetak gogorarazi duenez, basoaren garrantzi artistikoa ideia, kontzeptu, iradokizun, gogoeta eta abarrekoak helarazteko gaitasunean datza…

Bisita aurrez erreserbatu behar da

Omako Basoa bisitarientzat itxita egongo da uztailaren 25era arte, eta egun horretatik aurrera bisita gidatuak bakarrik egingo dira. Aurrez erreserbatu behar dira, 94 465 16 57 telefono zenbakira deituta.

Omako Basoa 2022ko uztaileko azken astetik aurrera bisitatzen dutenek jada margotuta dauden multzoak ikusiko dituzte eta aldi berean beste multzo artistiko batzuk margotzeko prozesuaren lekuko izango dira. Egunean bi bisita antolatuko dira astelehenetik igandera, goizez, 10:30ean eta 12:30ean, aurtengo irailaren 11ra arte.


Argazkiak


Bideoak


Audioak

Egin zaitez Bizkaia egiten newsletter-en harpideduna

Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.

Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.

Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia

Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao

TRATAMENDUAREN HELBURUA:

Bizkaitarren Egiten: newsletter.

ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:

interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
  • Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
  • 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak

Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...