2022(e)ko maiatzaren 23(a) 12:00

Aldundiak sustapen presentziala eta digitala batzen ditu Bilbao Bizkaiak Europan enbaxadoreak bilatzen dituen ekintza aitzindarian

Ekonomia Sustatzeko Saila

Foru erakundea Milanera, Parisera, Amsterdamera eta Bartzelonara joango da, Vueling-enkin lankidetzan, murgiltze-areto batekin. Ekimen honetan parte hartzen duten 160 pertsonek esperientzia paregabea biziko dute bideoa, soinua, ukipen-mahaiak, sentsoreak, usain-sistemak eta Bizkaiko gastronomiaren onena dastatuz gure destino turistikoaren erakargarritasunak bost zentzumenekin gozatzeko. Pertsona horiek merkatu horietako preskripzio-emaileak dira (aktoreak, telebistako aurkezleak, pertsona mediatikoak, influencerrak, kazetariak, komunikabideetako ordezkariak, arropa-marken ordezkariak,...), eta horien artetik aurtengo udazkenean Europan abian jarriko den marketin-kanpaina digitalaren hurrengo enbaxadoreak aukeratuko dira.

Gastroxperience

Turismo presentziala eta digitala batera agertzen dira Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbao Bizkaiak Europako merkatuetan izango dituen enbaxadoreak hautatzeko abian jarriko duen ekimen aitzindari honetan; hautatu diren merkatuak estrategikotzat jotzen dira, duten pisu espezifikoagatik eta datozen urteetan hazteko duten gaitasunagatik. Ekintza honek lau hiritan garatuko den murgiltze-esperientzia konbinatzen du; hiru horietan gure destinoa 160 preskriptoreri aurkezten zaie, Bizkaiko lurraldea in situ ezagutzeko bidaiekin eta kolektibo horretako pertsonen hautaketarekin, udazkenean Europako merkatu horietako bakoitzean abian jarriko den marketin digitaleko hurrengo kanpainaren irudia izan daitezen.

Sustapen presentziala, jatorrian egiten dena, eta sustapen digitala nahasten dituen ekimena da. Euren pisu espezifikoagatik eta hazteko potentzialagatik estrategikotzat jotzen ditugun Europako merkatuei zuzendua. Ekimenean harremanetan jartzen gara merkatu horietan preskripzio-ahalmen handia duten 160 pertsonekin eta hasiera batean murgiltze-gela honen bidez euren herrialdetik irten gabe, Bilbao Bizkaia ezagutzeko esperientzia paregabea eta esklusiboa eskaintzen diegu. Eta pertsona horien artean merkatu bakoitzean gure enbaxadorea izango dena aukeratuko dugu, euren jatorrizko herrialdeetan gure sustapen digitaleko kanpainaren protagonista izan daitezen. Horrela aliatu bat bilatzen dugu, pertsona horiek erreferente diren merkatu horietara indar eta erraztasun handiagoz iristeko. Eta, horrela, Bilbao Bizkaiak kanpoan duen irudia indartzen laguntzen dugu, merkatu bakoitzaren interesen araberako mezua eskaintzen dugu eta sustapen digitalean sakontzen dugu. Azken batean, urratsak ematen ditugu gure estrategian markatu dugun bidean, adierazi du Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, Foru Erakundeak bultzatutako eta Vueling hegazkin-konpainiaren laguntza duen ekintza honi dagokionez. Vueling konpainia liderra da Bilboko aireportuan, bai Estatu barruko bai nazioarte mailako konektagarritasunari dagokionez.

"Kutxa" bat Bilbao Bizkaian murgiltzeko

Ekimen honen lehen zatia, GastroXperience deritzona, maiatzaren 30ean eta 31n egingo da Milanen, eta ekainean, 2an eta 3an Parisen, 8an eta 9an Amsterdamen eta 10ean eta 11n Bartzelonan. Hiri horietan 5 metroko luzera, 4 metroko zabalera eta 3,5 metroko altuera duen kutxa handi gisa diseinatutako egitura bat jarriko da. Kutxa honek proiekzio-sistema bat, erabiltzaileen elkarreragina ahalbidetzen duten sentsoreak, murgiltze-esperientzia indartzeko aromak hedatzeko sistema sinkronizatu bat, Dolby soinu-sistema estereo bat, mahai interaktibo bat eta edukiak kudeatzeko sistema bat ditu, besteak beste parte-hartzaileen argazkiak denbora errealean integratzea ahalbidetzen duena.

Elementu horiekin 70 minutuz sekuentzia eta interakzio batzuk birsortzen dira, Bilbao Bizkaira egindako bidaia simulatzen dutenak. Horrela parte-hartzaileak aretora iristen direnean, hegazkin-kabina batean sartzen dira. Kabina horrek eserleku bakoitzean txartel pertsonalizatu bat du, bere izenekin. Hegazkineko komandanteak bertaratutakoak agurtzen ditu eta hegaldi-denborari buruzko datuak ematen dizkie, eta, ondoren, bide ematen die murgiltze-esperientzia horren eduki espezifikoei. Eduki horiek sei bloke handitan biltzen dira, gure destinoaren sustapen-estrategiaren arabera:

  • Urban. Bloke honetan hiri dinamikoa aurkezten da, Bilbo. Irudietan Alde Zaharra, Abandoibarra, Bilboko baldosak, Azkuna Zentroko ataria eta barruko igerilekua ikusten dira.
  • Food, txakolin-dastatze interaktibo batekin eta Bizkaiko hiriburuan ohikoa den kaleko bizitza esperimentatuz.
  • Sea, itsasoko, Flyscheko eta Gaztelugatxeko Donieneko irudiekin, Tronu Jokoa serieko musikarekin eta sua jaurtitzen duen herensuge batekin.
  • Art. Atal honetan Guggenheim Museoaren irudiak erakusten dira, eta gonbidatuek mahai interaktiboan Puppyren larruan loreak hazarazteko aukera izango dute.
  • Nature, antzinako baserri batera iristen diren mendi eta basoen irudiekin. Kasu honetan mahaia txingarra da, erabiltzaileak uki dezakeena, eta gonbidatuek garra elikatu dezakete.
  • Nortasuna, herri kirolak eta euskal tradizioak ardatz dituena; ekimenenean parte hartzen dutenek aukera izango dute mahaian txalaparta jotzeko eta San Mameseko zaleen artean eta giroan murgiltzeko. Futbolin interaktibo batean ere jokatu ahal izango dute.

Murgiltze esperientzia amaitzeko, parte-hartzaileek Bilboko Aste Nagusiko su artifizialetara joan ahal izango dute, Guggenheim Museoa ikusten den hondo baten gainean.

Bloke horiek destino bakoitzak dituen turismo-produktuen lehentasunen arabera ordenatu daitezke (adibidez, Frantziaren kasuan, Art blokea; Italiaren kasuan, Nortasuna eta jaia; Herbehereen kasuan, Nature, eta Estatuko merkatuaren kasuan, Food).

Hasieratik amaierara arte, irudiak eta jarduera interaktiboak aromekin ere konbinatuko dira, esperientziari errealismo handiagoa emateko biltzen direnak: txakolinaren dastaketaren mahatsena, itsasoarena, belar freskoarena eta txalapartaren zurarena, San Mamesen moztu berri den belarrarena, su artifizialen bolborarena... Eta esperientzia amaitzeko, bloke bakoitza Bizkaiko gastronomiako plater batekin erlazionatuko da: gildatik marmitakora eta pistora, txipiroietara, bakailaora edo intxaursaltsara bere bertsio tradizionalenean edo goi mailako sukaldaritza ukitu batekin.

Murgiltze-esperientzia hauetan parte hartuko duten pertsonak euren preskripzio-gaitasun handiagatik hautatu dira. Influencerrak, aktoreak, kazetariak, modako marken eta komunikabideen ordezkariak... dira, izen handikoak eta ezagunak esperientzia hau garatuko den hiri eta herrialdeetan. 12 pertsonako taldeetan parte hartuko dute hiri bakoitzean egingo diren lau emanaldietako bakoitzean eta horien artean aukeratuko dira udazken honetan Bizkaiko Foru Aldundiak turismoa sustatzeko abian jarriko duen kanpaina digitalaren protagonistak izango diren enbaxadoreak.

Hiri bakoitzeko pertsona batek hartuko du bere gain betebehar hori eta uda honetan Bizkaira etorriko da gure destinoaren erakargarritasunak ezagutzera eta kanpainaren parte izango diren piezak grabatzera; horrela, kanpaina honen irudia izango da bere jatorrizko herrialdean. Gainera, bere herrialdearentzat sortutako sustapen-materialak sare sozialetako kanalen bidez zabaltzeko konpromisoa hartuko du, Bilbao Bizkaiarekin duen lotura horrek sustapen-edukiak merkatu horietako biztanleengana errazago irits daitezen.

Bestalde, hiri bakoitzeko saioetako batean parte hartu duten 4-6 pertsonako beste talde bat gonbidatuko da gure lurraldeko erakargarritasun turistikoak deskubritzera kanpaina abiarazi aurreko asteetan euren sare sozialetan eta komunikabideetan Bilbao Bizkaiari buruzko edukiak sortzeko konpromisoarekin, aurrerakin gisa balio dezan eta kanpainaren beraren jarduera osagarria sor dezan.

Marketin digitaleko kanpainen garrantzia eta emaitzak

Hala jatorrizko sustapen hau Bilbao Bizkaiaren sustapen digitalarekin lotzen da; izan ere, Bizkaiko Foru Aldundia bereziki ari da lanean horretan pandemia hasi zenetik eta zeregin garrantzitsua izango du aurrerantzean sustapenaren arloan Bilbao Bizkaia 2030 Turismo Estrategia berrian jasotakoa garatzeko tresna gisa.

Foru erakundeak marketin digitalari ematen dion garrantzia aurreko bi kanpaina digitaletan bildutako datu onetan eta egungo azterlanen ondorioetan oinarritzen da, sare sozialak faktore erabakigarri gisa jartzen baitituzte bidaia hautatzeko inspirazio fasean.

Faktore horietako lehenengoari dagokionez, aurreko kanpainetako emaitzei dagokienez alegia, @visitbiscay (Instagram eta Facebook) sare sozialen komunitateak azken bi urteetan izan duen hazkunde nabarmena azpimarratu behar da. 2020an, pandemiak turismoari modu nabarmenagoan eragin zionean, foru erakundeak kanal digital horien bidez hurbileko merkatuetan destinoa sustatzearen aldeko apustua egin zuen; horri esker 5.000 jarraitzaile izatetik 131.300 baino gehiago izatera igaro zen lehen kanpaina honen amaieran. "Descubre tu lado Bilbao Bizkaia-Deskubritu zure Bilbao Bizkaia aldea" kanpainak 13,8 milioi pertsonari eragin zien eta bere batez besteko engagement ratioa antzeko sektoreetako kanpainetan ohikoa dena baino askoz handiagoa izan zen.

"Bilbao Bizkaia Lovers" marketin digitaleko bigarren kanpainak ere, Bilboko Udalarekin batera abian jarri zenak, oso balantze positiboa izan du: @visitbiscay komunitatea 211.500 jarraitzaileraino zabaltzea ahalbidetu du, Instagrameko 63.700 erabiltzaile eta Facebookeko 21.900 zale berri baino gehiagorekin, eta 8,9 milioi pertsona baino gehiagorengan eragin du. Sare horietako lehenengoan engagementa 1,8 milioikoa dela kalkulatu da, eta bigarrenean 863.000.

Zehatzago esanda, Instagramen 44.500 iruzkin baino gehiago erregistratu dira, 299.000 erreakzio baino gehiago, 10.400 argitalpen baino gehiago gordeta, 1,5 milioi bistaratze eta 13.800 esteka-klik baino gehiago. Facebooken 3.800 iruzkin baino gehiago egin dira, 3.800 partekatu baino gehiago, 64.500 erreakzio baino gehiago, 441.000 argitalpen baino gehiago gordeta, 720.000 bistaratze baino gehiago eta 56.000 esteka-klik baino gehiago.

Aurrekari horiekin, Bizkaiko Foru Aldundiak sustapen digitalerako estrategiari eustea erabaki du, baina berrikuntza batekin: aurten, kanpaina ez da izango Estatuko publikoari zuzendutakoa, aurreko bietan bezala, baizik eta nazioarteko publikoari, eta, zehatzago esanda, Europakoari.

Merkatuen pisua

Ekimen honekin lotutako murgiltze-esperientzia eta kanpaina digitala zein hiritan garatuko den aukeratzeko merkatu horiek gure lurraldeko turismoan duten pisua eta interes estrategikoa hartu da kontuan.

Estatuko merkatua da azken bi urteetan, oro har, sarrera-bolumen handiena izan duena (388.690 sarrera 2020an eta 696.365 sarrera 2021ean), baita ostatu-gauen bolumen handiena izan duena ere (770.992 eta 2.343.835 sarrera ekitaldi horietan, hurrenez hurren). Estatuko turisten batez besteko egonaldia luzatu egin zen 2020an, 1,98 gaura iritsiz, baina jaitsi egin da 2021ean, 1,93 gau.

Frantziako merkatua da atzerriko merkatu nagusia; izan ere, sarrera-bolumen handiena eragiten duena da (2021ean erregistratutakoen % 23 dira), baita ostatu-gauena ere (iazko atzerriko merkatuko ostatu-gauen % 20 dira). Gainera merkatu egonkorra dela esan daiteke, negatiboa bada ere gainerakoekin alderatuta aldakuntza txikiagoa baitu. Frantziatik etorri zirenen batez besteko egonaldia 1,63 gauekoa izan zen iaz.

Italiako merkatuak hazkunde handia izan du 2020 eta 2021 artean, % 92,50ekoa. 15.733 sarrerarekin, atzerritarren sarrera guztien % 6 da, eta ostatu-gauetan duten pisua % 82,57 hazi da 2020aren aldean. Aztertutako merkatuetatik, halaber, egonaldi handiena izan duena da: 2,02 gau 2021ean.

Herbehereetako merkatuak ere hazkunde garrantzitsuak izan ditu joan den urtean, 2020aren aldean. Turisten sarrera-kopurua % 149 hazi zen, eta ostatu-gauena % 153,09; hau da, atzerriko sarrera guztien % 5 eta gaualdien % 7 da.


Argazkiak


Bideoak

Egin zaitez Bizkaia egiten newsletter-en harpideduna

Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.

Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.

Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia

Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao

TRATAMENDUAREN HELBURUA:

Bizkaitarren Egiten: newsletter.

ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:

interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
  • Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
  • 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak

Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...