2022(e)ko maiatzaren 12(a) 11:34

Bolintxuko zubibideak eraitsita, atzerako zenbaketa hasi da Supersur autobidearen bigarren fasea martxan jartzeko

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak jakinarazi du urtebete barru zerbitzuan izango dela Metropoli Hegoaldeko Saihesbide osoa, Santurtzitik hasi eta AP-68arekiko Beteluriko elkarguneraino.

Imanol Pradales y Pedro Rivas

Metropoli Hegoaldeko Saihesbidearen 1b faseko obretan beste mugarri batera iritsi dira aste honetan, Bolintxuko errekaren gaineko zubibideko bi azpiegituretako bat eraitsi baitute. Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak azaldu duenez, obrako osagairik konplexuena izan da, eta hura arrakastaz gauzatu ondoren atzerako zenbaketa hasi da, azpiegitura urtebete barru zerbitzuan jartzeko.

Konplexua izan da. Hiru egun eman dituzte lanean jo eta ke eraiste maniobra egiteko. 80 profesional baino gehiago aritu dira, eta aurretik plangintza lan handia egin behar izan da. Eta lortu da. Ezbeharrik gabe lortu ere. Espero dugu urtebete barru jada funtzionamenduan izango dela goi-lautadarekiko konexio estrategiko hau, Supersurraren egungo trazadura AP-68 autobidearekin elkartzen duena Peñascaleko lotunetik aurrera. Azpiegitura erabakigarria izango da Bizkaiko mugikortasunaren etorkizunerako, eta Bizkaiko saihesbide handia konektatuko du, itsasadar azpiko tunelarekin batera. Beraz, gaur hasi da atzerako zenbaketa Bizkaiko etorkizuneko saihesbide handiaren lehenengo pieza zerbitzuan jartzeko, baieztatu du Imanol Pradalesek.

Diputatuak obraren diseinuan eta exekuzioan parte hartu duten eta parte hartzen ari diren enpresa guztien lanaren balioa nabarmendu du, bai eta Bolintxuko ibarrean sartu gabe hura planifikatu eta gauzatu beharrak erantsi duen konplexutasuna ere. Azpimarratu nahi dut euskal enpresak direla, eta aste honetan berriro erakutsi dutela oso goian dabiltzala ingeniaritzaren eta azpiegituren eraikuntzaren arloan. Arnotegiko tuneletik Seberetxeko tunelera 162 metro daude eta zailtasun erantsia izan da errekaren gainetik zubia egitea. Hasieratik erabaki genuen ibarrean makineriarik sartu gabe ekingo geniola obra honi. Eta bete egin dugu. Berariazko konponbide bat diseinatu zen, ibarrean euskarririk izan gabe eraiki behar ziren bi zubibideren bitartez. Horretarako beharrezkoa izan da bertikalean eraikitzea: 162 eta 142 metroko bi taula bertikalean eraiki eta gero biak etzatea, azaldu du.

Datu teknikoak

Aste honetan egindako maniobran, eraitsi eta itxi egin dira Bolintxuko zubibideetako Gasteizeranzko ardatzari eusten dion arkuaren bi arkuerdiak. Arku horrek 145 metroko luzera du eta 40 metroko tartea egiten du Bolintxuko errekaren gainetik, azpiko landaredia eta fauna ukitu gabe.

Maniobra egiteko, egituren, instrumentuen, altuerako lanen, topografiaren, droneen eta atxikipen sistema hidraulikoen arloetako espezialistarik onenak jarri dira lanean. Hori guztia koordinatu eta zuzendu dute PAGABIDEA ABEEko teknikariek (Cantábricas, Gaimaz, Campezo eta Geotúnel enpresek osatzen dute ABEE hori).

Eraiste eragiketa hiru egunetan zehar egin da. Lehenengo egunean, arkuerdiak bereizi egin dira txarrantxa eta sarbide izan diren dorre lagungarrietatik. Maniobra horretan hiru enboloko lau katu erabili dira, bi estribuen aurrealdean bermatuta. Eragiketa horren bidez, arkuerdien muturra 5 metro bereizi da bere bertikaletik. Ordutik aurrera, 66 kablez osatutako lau lokarrik eusten zioten egiturari (bik arkuerdi bakoitzeko). Lokarri horiei 1.500 tonako lau katuk eusten zieten. Une horretan kable bakoitzak 120 tonako pisua jasaten zuen.

Bigarren egunean katu horiek aktibatu egin dira eta apurka kablea askatuz joan da hurrenez hurreneko enbolokadetan, bi arkuerdien jaitsiera kontrolatuari ekiteko. Hiru geldialdi egin dira egituraren ibilbidea kontrolatzeko eta haren desbideratzea egiaztatzeko, ibilbide teorikoarekin alderatuta, bai eta haren tenkatze egoera ere, kalkuluko eredu teorikoarekin alderatuta. Amaierako posizio horretan, kableek 900 tonako pisua jasaten zuten.

Hirugarren egunean hurbiltze maniobra eta bi egituren arteko azken ahokatze lanak egin dira. Arkuerdietako baten muturrean jarritako kameren eta droneek zuzenean grabatutako irudien laguntzaz, bi egituren arteko azken ahokatzea burutu da. Une horretan, langile espezialistak garabi autopropultsatu baten bitartez garraiatu dira, bi piezen arteko azken ahokatze lanak egin eta behin betiko konexioa berma zezaten.

Hurrengo egunetan giltzarria ixteko lanak amaituko dira eta arkua berez funtzionatzen hasiko da, doitasun milimetrikoarekin bera etzan eta kokatzea ahalbidetu diguten kableak kenduta.


Bideoak


Audioak

Egin zaitez Bizkaia egiten newsletter-en harpideduna

Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.

Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.

Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia

Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao

TRATAMENDUAREN HELBURUA:

Bizkaitarren Egiten: newsletter.

ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:

interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
  • Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
  • 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak

Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...