2022(e)ko martxoaren 31(a) 12:00

Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Busturialderako Arratzuko Suhiltzaileen Parkea inauguratu du

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea - Ahaldun Nagusia

Busturialdea-Urdaibaiko hogei bat udalerritako 46.300 pertsona ingururi emango die zerbitzua. Instalazio berriak Barrutia auzoan daude, Gernika-Arteaga BI-2238 errepidearen ondoan, eta instalaziorik modernoenak eta ingurune naturalera egokitutako diseinu berezia dituzte. Parke berri honek Gernikakoa ordezkatzen du, Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzua osatzen duten zortzi parkeetatik martxan zegoen zaharrena.

Arratzuko suhiltzaieen parkearen inaugurazioa

Unai Rementeriak, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Busturialdean kokatuta dagoen Arratzuko suhiltzaileen parkearen instalazio berriak inauguratu ditu. Parke horretatik hogei bat udalerri artatuko dira, eta horietan 46.300 biztanle inguru bizi dira. Udalerri horietako alkateak, hau da, Arratzu, Ajangiz, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelua, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta, eta Busturialdeko Mankomunitateko lehendakaria, instalazio berrien estreinaldi ofizialera gonbidatuta egon dira. Halaber, inaugurazio-ekitaldian egon dira Elixabete Etxanobe, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua, eta Pedro Izaga, Larrialdietako eta Babes Zibileko zuzendari nagusia, eta baita Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaileak ere. Inaugurazio-ekitaldian ibilaldia egin dute instalazio berriak ezagutzeko eta, amaitzeko bi zisterna-kamioik hornitutako ur-arku baten azpian instalazioen "bataio" sinbolikoa egin da.

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, balorazio hau egin du: azpiegitura berri honek funtsezko zerbitzu publikoa eskainiko du, eta horri esker Busturialdeko pertsonen nahiz ondasunen segurtasuna hobetuko da; izan ere, eskualdea osatzen duten hogei udalerrietan eta Bizkaian emango du zerbitzua, erabateko bermearekin. Suhiltzaileen parke berri honi esker, Busturialdea pixka bat hobetzen da. Pixka bat hobetzen da Bizkaia. Eta hemen bizi garenon bizi-kalitatea ere hobetzen da, adierazi du.

Parke berria Barrutia auzoan dago, Gernika-Arteaga BI-238 errepidearen ondoan. Instalazio berri hau orain arte eta 1970az geroztik erabiltzen aritu den parkearen ordezkoa da. Parke hori Gernikan dago eta Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen zerbitzuak martxan jarri zuen lehen hiru parkeetako bat izan zen. Izan ere zerbitzuan zegoen bakarra zen, 90eko hamarkadan Trapagarango parkearen ordez Uriostekoa jarri zelako abian, eta Durangokoaren ordez Iurretakoa ireki zelako 2009an.

Arratzuko parkearen kokapen berriak instalazio modernoak eskaintzen dizkio Bizkaiko Foru Aldundiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuari, Gernikan jarduten zuen eskualdeko suhiltzaileen parkeak dituen baliabideak erosotasunez kokatzeko gai direnak. Hori ez ezik, larrialdi-abisurik izanez gero suhiltzaile-taldea azkar mugitzea bideratzen du eta instalazioaren kokalekuak seguruago egiten du ibilgailuetara sartzea eta ezbeharretan esku hartzeko irteerak abian jartzea eta, aldi berean, parkearen barruan aparkatzea eta larrialdietako ibilgailu astunak mugitzea errazten du. Era berean, pertsonen, ondasunen eta ingurumenaren segurtasuna hobetzen da Foru Erakundeko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzua inplikatuta egongo den eta bertako kideek eta baliabideek esku hartu beharko duten babes zibileko ezbeharretan.

Parkeko ekintza-eremuan gerta daitezkeen zuzeneko larrialdiez gain, suhiltzaileek eskualde horrekin mugakide diren lurraldeko beste parkeei lagunduko diete baliabide gehiago behar dituzten esku-hartzeetan, hau da, gainerako foru-parkeek Arratzuko berri honekin egingo duten bezala. Urtean Busturialdeko parkeak 370 irteera inguru egiten ditu.

Instalazio berrien ezaugarriak

Arratzuko parke berria 6.150 m2-ko lursail baten gainean dago eraikita, eta eraikuntza berriak horietatik 2.100 m2 hartzen ditu. Eraikin nagusiak 1.750 m2 erabilgarri ditu eta bi solairutan banatuta dago administrazio-, bizitegi- eta kirol-erabileretarako. Beheko solairuan daude guardiako postua, kabo eta sarjentuaren bulegoak, aldagelak eta eskolak emateko eta bisitak hartzeko gela bat. Goikoan, berriz, gimnasioa, logelak, komunak eta jantokia, egongela eta sukaldea daude, espazio integratu batean. Eraikin osoa berariaz funtzionaltasuna zainduz diseinatu da, gertakari baten aurrean erantzuteko denborak minimizatzeko eta kokatuta dagoen ingurune naturalera egokitzeko.

Eraikuntzak gehieneko kalifikazio energetikoa du (A), energia geotermikoa erabiltzen duten berokuntza- eta hozte-instalazioak ditu, eta energia hori lurzoru erradiatzaileko sistema baten bidez aplikatzen da. Gainera argiztapen guztia LED da.

Aurreko eraikinari atxikita dagoen eta fisikoki zein bisualki komunikatuta dagoen beste eraikin batean garajea dago, estetika industrialagoa duena. Parkearen hornidura osatzen duten ibilgailuak hartzen ditu: hirirako ponpa-bilgailu astun bat, basorako ponpa-ibilgailu bat eta beste ibilgailu-inude bat, autoeskala erabat automatikoa, hainbat tresna dituen furgoia eta lur orotako ibilgailu bat. Ekipamendurako eta tresnak gordetzeko biltegi-gune bat du, besteak beste elurra kentzeko xaflak, ponpak, harea-orgak, gatz-barreiagailuak eta abar. Multzoak entrenamendu- eta maniobra-eremu bat eta beheko solairu eta beste bost solairuko ariketa-dorre bat ditu.

Langileei dagokienez Arratzuko suhiltzaile-parke berriak Gernikako parkean lan egiten zuen hornidura bera izango du: sei kabo, hogeita hamar suhiltzaile eta bi sarjentu, Uriosteko (Ortuella) parke zentraleko zonako buru batek koordinatuta.

Instalazio berrien potentzialtasuna

Hemendik aurrera erabilgarri dagoen azalera handiagoari esker Arratzuko parke berrian hainbat maniobra-eremu gaitu ahal izango dira, zuzkidurak egunero entrenatu ahal izateko aukera ematen dutenak. Langile-talde horiek hainbat konfiguraziotan istripua izan duten ibilgailuetako bidaiariak askatzeko moduak praktikatu ahal izango dituzte, bai eta mota askotako erreskate eta suak entrenatu ere, maniobra-dorrearen balio-aniztasunari esker. Halaber, instalazio egokiak ditu altuerako lanak egiteko edo gune konfinatuetan erreskateak egiteko.

Beste alde batetik, eraikitako azalera handiagoari esker parkea esku-hartzeen ondoriozko kutsadura prebenitzeko protokoloak aplikatu ahal izateko moduan diseinatu ahal izan da horrela kutsadurarik gabeko eremu garbiak mantentzen direla ziurtatzeko. Era berean, eraikitako eremuaren zabaltasunak, parkearen beraren bizigarritasuna hobetzeaz gain, zerbitzuaren hornidura osatzen duten ibilgailu guztiak estalpean mantentzea ahalbidetzen du, ibilgailu eta baliabide horien zaintza hobea ahalbidetuz eta balio-bizitza handituz.

Bizkaiko Foru Aldundiak 6,5 milioi euro inbertitu ditu parke berri hau eraikitzeko.

8 parke Bizkaiko 8 eskualdeetarako

Bizkaiko Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak 430 pertsona eta suhiltzaileen zortzi parke profesional ditu, eskualde guztietan banatuta daudenak: Urioste (Ortuella), Basauri, Artaza (Leioa), Iurreta, Arratzu, Zalla, Markina eta Derio.

Busturialdean Arratzuko parke berria martxan jartzea, iazko maiatzaren amaieran abian jarri zen Enkarterrirako Zallako parkearekin batera, Aldundiaren proiektu estrategikoa da legegintzaldi honetarako, Bizkaia Goazen 2030 dokumentuan jasotzen den bezala.


Argazkiak


Bideoak

Egin zaitez Bizkaia egiten newsletter-en harpideduna

Hileroko buletina, Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzuko albisteekin eta informazio nabarmenarekin.

Egon egunean Bizkaiko berrikuntza eta proiektu guztien inguruan: kultur jarduerak, azpiegitura berriak, laguntzak eta askoz gehiago.

Harpidetza hau bat dator DBEOarekin, eta datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa honako hau da:

TRATAMENDUAREN ARDURADUNA ETA KONTAKTUA:

Komunikazio Zuzendaritza Nagusia

Gran Vía, 25 – 48009 Bilbao

TRATAMENDUAREN HELBURUA:

Bizkaitarren Egiten: newsletter.

ESKUBIDEAK EGIKARITZEA:

interesdunak tratamenduaren arduradunaren aurrean erabil ditzake datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko, datuak ezabatzeko, datuen tratamendua mugatzeko eta banakako erabaki automatizatuak ez hartzeko eskubideak, Aholkularitza Juridikoaren, Informazioaren Segurtasunaren eta Datuen Babesaren Atalari zuzendutako idazki baten bidez. Honako helbide honetan aurkez daiteke:

  • Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoa: https://www.ebizkaia.eus.
  • Bizkaiko Foru Aldundi Erregistro Nagusia (Laguntza Erregistro eta Herritarrentzako Arreta Bulegoa: Diputazio kalea 7, 48008 Bilbao).
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren Herritarrei Arreta emateko Eskualdeko Bulegoak.
  • Bizkaiko Foru Aldundiaren sailetako erregistro orokorrak.
  • 39/2015 Legean aurreikusitako gainerako tokiak

Datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazio zehatza eskura dezakezu hemen

Kargatzen...