2022(e)ko abenduaren 31(a) 11:30

Bizkaian bidesarien tarifen % 25ko deskontua egingo zaie ibilgailu arin elektriko hutsei

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Deskontua ibilgailu elektriko hutsei egingo zaie Interbiaken webgunean izen ematen dutenei eta OBE gailua identifikazio eta ordainketa bitarteko gisa erabiltzen dutenei.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2022. urterako bidesaria duten foru bideen tarifak eguneratu ditu, baita azpiegitura horien erabiltzaileentzako gehieneko gastuaren muga ere. Berrikuntza gisa, 2022an tarifaren zenbatekoaren % 25ko deskontua egingo zaie horretarako egiaztatuta dauden ibilgailu arin elektriko hutsei (egindako ibilbide guztietan), betiere OBE erabiltzen badute identifikatzeko eta ordaintzeko. Doikuntza, gastuaren mugako Bidesaria sisteman bezala, hilero ordainduko da, eta OBE gailuari lotutako kontuan amaitutako hilabetean.

Deskontu horien onuradun izateko, erabiltzaileek Interbiaken webgunean (www.interbiak.bizkaia.eus) izena eman eta bertan dauden jarraibideak jarraituko dituzte eta ibilgailuaren zirkulazio baimena egiaztatu eta aurkeztu beharko dute. Interbiaken bulegoetan aurrez aurre egiteko aukera ere badago.

Bidesaria 2022

2022an Bidesaria programaren parte diren bizkaitarrek gehienez ere 34,55 euro ordainduko dituzte hilean bidesaria duten hiru foru bideak erabiltzeagatik. Halaber, gastuaren muga 50,54 eurokoa izango da hilean AP-8an, Gipuzkoan, edo AP-1ean, Araban, ordaindutako bidesarientzat, betiere bidaia Bizkaian hasi edo amaitzen bada. Aldundiak hileko muga horiek gainditzen dituzten kopuruak itzuliko dizkie erabiltzaileei, zenbatekoa edozein dela ere. 2021an 22.313 pertsona izan ziren Bidesaria dirulaguntzen programan parte hartu zutenak eta hilean 57,45 euroko batez besteko itzulketa jaso zuten.

Jarraian urtarrilaren 1etik aurrera Aldundiak kudeatzen dituen bidesaridun bideetan aplikatuko diren tarifak zehazten dira.

AP-8

Ibilgailu arinen tarifak 0,42 eurokoak dira ibilbide laburrenean (Ermua - Gipuzkoako muga) eta 5,19 eurokoak ibilbide luzeenean (Galdakao - Gipuzkoako muga). Hala, gehikuntza bi eta hamazortzi zentimo artekoa da.

I. motako ibilgailu astunek 0,76 eta 12,61 euro ordainduko dituzte ibilbide berberengatik, hurrenez hurren;  horrek esan nahi du 0,03 eta 0,40 euro gehiago direla.

II. motako ibilgailu astunek 0,88 eta 14,22 euro ordainduko dituzte ibilbide horietan, hurrenez hurren, eta 2021an indarrean zeuden tarifak 0,04 eta 0,46 euro igoko dira.

Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea

Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea doakoa da 00: 00etatik 06:00etara.

Egunaren gainerako orduetan ibilgailu arinek 0,60 euro ordainduko dituzte ibilbide laburrenengatik (Bilbo Ekialdea - Bilbo Hegoaldea eta Bilbo Hegoaldea - Ortuella), hau da, egungo tarifa baino hiru zentimo gehiago. Ibilbide luzeenagatik (Bilbo Ekialdea - Santurtzi) 1,45 euro ordainduko dituzte, sei zentimo gehiago.

Ibilbide horiengatik, I. motako ibilgailu astunek 2,20 eta 5,26 euro ordainduko dituzte, hurrenez hurren, eta 2021ko tarifa 0,08 eta 0,19 zentimo igo da. II. motako ibilgailu astunek 2,49 eta 5,93 euro (0,09  eta 0,21 gehiago) ordainduko dituzte.

Artxandako tunelak

Artxandako tunelak doakoak dira 00: 00etatik 06: 00etara.

Mota guztietako ibilgailuentzako tarifak lau zentimo igoko dira; ibilgailu arinen kasuan  1,31 euro, eta 1,38 euro I. eta II. motako ibilgailu astunen kasuan.