2022(e)ko urtarrilaren 07(a) 10:00

Bizkaia Connected Corridor aurten hasiko da lehenengo balizak zabaltzen

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Bizkaia Connected Corridor (BCC) Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Tecnaliaren proiektu estrategikoa da, korridore kooperatibo bat sortzea xede duena. 57 kilometroko autobidea da, digitalizatua eta sentsorizatua. Enpresek mugikortasun autonomoaren, mugikortasun konektatuaren eta mugikortasun kooperatiboaren (CCAM) arloko teknologia aitzindariak probatu ahal izango dituzte, eta bai azpiegitura adimendunak ere.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Tecnaliaren Bizkaia Connected Corridor proiektuak, lurraldeak lehen autobide adimenduna izan dezan, mugarriak betetzen jarraitzen du lehen balizen instalazioarekin. Zehazki, urtearen lehen zati honetan, komunikazio kooperatiborako lehenengo balizak (Road Side Unit) jarriko dira, Ermua eta Ugaldebieta arteko autobidearen 57 kilometroetan zehar. Baliza horiek hainbat gorabeherari buruzko mezuak jaso eta igorriko dituzte ibilgailuen eta kontrol-zentroen artean, hala nola eguraldi txarra, obrak, trafiko-pilaketak edo galtzadako oztopoak, besteak beste. Horrela, erabiltzaileak aurrea hartu ahal izango dio larrialdi-egoera bati edo auto-ilara bati. 2022an zehar gainerako balizak jarriko dira, 50 guztira, eta 2024rako guztiz erabilgarri egongo da.

2023. Urtean, 57 kilometro horiek osatuko dute lehen korridore kooperatiboa, hots, Bizkaiko lehen autobide adimenduna. Alde batetik, Bizkaiko errepide-sarea ikerkuntzaren eta garapen teknologikoaren zerbitzura dagoen Living Lab bilakaratzen dugu, errepideko mugikortasunari eta bide-azpiegiturei aplikatutako I+G proiektuak erakartzeko eta probatzeko balioko baitu. Eta, beste alde batetik, teknologia hori Aldundiak egiten duen errepideen kudeaketa operatiboan txertatuko da, errepide sarearen erabiltzaileei zerbitzu hobea eskainiz, azaldu du Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak.

Bizkaia Connected Corridor proiektuaren helburuetako bat errepide-sarea digitalizatzea da, hainbat teknologia ezarriz. Horien artean daude garraio kooperatiboko sistema adimendunak (C-ITS), errepidearen eta azpiegituraren artean (V2I) eta ibilgailu baten eta beste ibilgailu baten artean (V2V) komunikatzea ahalbidetzen dutenak, bidearen egoerari buruzko abisuak bidaltze aldera. Era berean, IoT teknologiaren bidez, biki digital gisa jardungo duten bide-sareko lau azpiegitura sentsorizatuko dira. Eta, azkenik, Bizkaiko foru errepideak izango dira, enpresek eta ikerketa-zentroek Living Lab ingurune batean beren teknologien garapena baldintza errealetan probatzeko agertoki egoki.

TESCOR plataforma bat garatzen eta inplementatzen ari da dagoeneko Tecnalia, eta hainbat teknologia erabiliko ditu, hala nola BIM, Cloud, IoT eta Big Data, non lehen aipatutako lau biki digitalak zabalduko diren. Sortutako BIM ereduak eta azpiegitura sentsorizatuetan kokatzen diren IoT sentsoreetatik datozen datuak data-hub edo datalake batean egongo dira eskuragarri, eta beren-beregi eskatzen duten enpresen eta ikerketa-taldeen eskura jarri ahal izango dira.

Bizkaia Connected Corridor proiektuaren irismena ezagutarazteko, showroom bat egokitzen ari dira Artxandako kontrol-zentroan; showroom horretan ekitaldiak eta jardunaldiak egingo dira, eta instalatzen diren teknologiak eta unean-unean egiten ari diren proiektuak erakutsiko dira.

Webgune hau ere prestatu da: https://bizkaiaconnectedcorridor.biz/.


Bideoak


Audioak