2021(e)ko azaroaren 25(a) 13:30

Laespada: «Konfinamenduak sufrimendua gehitu die indarkeria matxistaren biktimei»

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Gizon erasotzaileek euren kontrola eta inpunitatea areagotu zuten, biktimekin isolatuta geratu baitziren. Erasandako emakumeek erresilientzia- eta biziraupen-estrategiak garatu dituzte.

.

Aldundiak 16 plazatik 24ra igo du Indarkeria Matxistaren Biktimentzako Larrialdiko Arreta Zerbitzua.

Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, gaur ziurtatu duenez konfinamenduak sufrimendua gehitu die indarkeria matxistaren biktimei.

Batzar Nagusietako Batzordean egindako agerraldian Laespada diputatuak "Indarkeria matxistari buruzko azterlana COVID-19aren testuinguruan" aurkeztu du gaur, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunean. Azterlanean adierazten da gizon erasotzaileek euren kontrola eta inpunitatea areagotu zutela, biktimekin batera etxean isolatuta geratu zirelako.

Ikerketa diputatuak pandemiaren hasieran, duela urtebete baino gehiago, aurreratu zuen bezala egin da eta berariaz indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunean aurkeztu da Bizkaiko Foru Aldundiak "Matxismoa indarkeria da" leloarekin egin duen kanpainaren barruan.

Biktima eta biziraun duen pertsona bakoitzaren atzean erasotzaile bat dago, eraso egiten duen gizon bat. Indarkeria matxista egiturazkoa da, gaineratu du Laespadak eta berriz errepikatu du uko egiten diola gizartean dagoen desberdintasun matxista onartzeari eta, aldi berean, ezin duela onartu emakumeen aurkako indarkeria, desberdintasun horren adierazpen erradikalena dena.

IRAKASGAIAK

Era berean, adierazi duenez, urte eta erdiko esperientziak egoera kritikoan zerbitzuak eta prestazioak indartzeko arlo publikoaren garrantzia erakusten digu, hala nola Foru Aldundiaren Indarkeria Matxistaren Biktimentzako Larrialdiko Harrera Zerbitzua, 16 plaza izatetik 24 izatera igaro baitzen.

Eta kanpaina instituzionalen eta sentsibilizazio-ekintzen garrantziaren irakasgaia ikasi dugu. Fruituak eman dituzte. Agian zaila da horien emaitzak kuantifikatzea, baina hor daude. Komunikazio kanpainen erabilgarritasuna berretsi dugu, gaineratu du.

Konfinamenduan zehar indarkeria matxistak izan duen ereduari edo patroiari dagokionez, ezaugarri hauek izan ditu: erasotzailearen emakumeen gaineko kontrola handitzea, banantzearen eta salaketaren bidez indarkeriatik irteteko aukerak mugatzea, eta zuzeneko arreta profesionala jasotzeko aukera gutxiago izatea.

Testuinguru honetan biktimak harrapatuta daude, erasotzaileak bere burua inpune ikusten du, seguru. Emakumeek erresilientzia-ariketa egin dute, bizirauteko, azpimarratu du.

Azkenik nabarmendu du indarkeria matxista desagerrarazteko apustua agenda feministaren lehentasuna dela, ezin baitugu etsi egiturazko indarkeria matxistaren dramarekin bizitzen.

Gizon batek emakume bat hiltzen, beldurtzen, umiliatzen, gaizki tratatzen eta mehatxatzen duenean, emakumeak bere askatasuna galtzeko eta gizonaren irizpidearen arabera azpiratzeko indarra erabiltzearen aurrean gaude. Hori matxismoa da, hori terrore matxista da. Ez dira kasu isolatuak. Oso barneratuta dagoen desberdintasunaren kultura da, portaera-ereduetan oso onartuta egoteagatik ikusezin bihurtzen dena ondorioztatu du.


Argazkiak