2021(e)ko azaroaren 25(a) 10:00

Aldundiak naturan askatu ditu Bizkaiko Birgaitze Zentroan artatutako antzara mokolaburraren bi ale

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Bi animaliek ahultasun-zantzuak zituzten joan den urriaren 9an Muskizen eta Trapagaranen aurkitu zituztenean eta Gorlizko foru-instalazioetan egon dira sendatzen, askatzeko adina pisu lortu arte. Bi antzarei eraztunak jarri zaizkie identifikatzeko eta jarraipena egiteko. Estatu espainiarrean eraztuna jarri zaien espezie horretako lehen aleak izan dira.

Antzara mokolaburra aleetako baten soltatzea

Bizkaiko Foru Aldundiak antzara mokolaburra espeziearen bi ale askatu ditu naturan. Espezie hori ez da oso ohikoa inguru honetan eta urriaren 9an ahulezia-zantzuekin sartu ziren Animalia Basatien Bizkaiko Birgaitze Zentroan.

Animalia horiek Muskizen eta Trapagaranen jaso ziren, eta, foru-instalazioetara iritsitakoan ahi aberastu batean oinarritutako elikadura behartua jaso zuten, ez baitziren euren kabuz jateko gai (haietako bat lurrean etzanda zegoen, altxatu ezinik). Asteak igaro ahala hegaztiak euren kabuz elikatzeko gai izan ziren berriro, eta beharrezko pisua errekuperatu zutela egiaztatu eta beste aldagai batzuk ebaluatu ondoren, zentroko teknikariek erabaki zuten aleak naturara itzultzeko baldintza ezin hobeetan daudela.

Urdaibaiko Biosfera Erreserban askatu baino lehen bi aleei eraztuna jarri zitzaien, eta Espainiako Estatuan eraztuna jarri zaie espezie horretako lehen animaliak izan dira.

Antzara mokolaburra anatidoen familiako hegaztia da. Europakoa da, Groenlandian eta Islandian hazten da, baina neguan Britainia Handira eta Herbehereetara lekualdatzen da. Antzara ertaina da tamainari dagokionez, 2 edo 3 kilo pisatzen ditu gutxi gorabehera, eta landa-antzararen antzekoa da, baina txikixeagoa eta trinkoagoa, lepo motzagoa du eta mokoan eremu arrosa txikia dauka laranjaren ordez.

Latitude hauetan ikusten zaila den espeziea da, nahiz eta azkenaldian zenbait ale ikusi diren Kantauri aldean eta Galizian.


Argazkiak