2021(e)ko azaroaren 22(a) 10:29

Urtzi Urkixok Erinnerung-Recuerdo erakusten du Rekalde Aretoan Aldundiak sustatzen duen Barriek 2021 programaren barruan

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Barriek 2021 programaren hamargarren edizioko hirugarren erakusketa da; programa honen barruan Bizkaiko Aldundiaren beka jaso duten artisten sorkuntzak daude ikusgai.

Urtzi Urkixoren Erinnerung-Recuerdo erakusketa

Barriek erakusketa-zikloak Bizkaiko Foru Aldundiaren beka jaso duten artisten lanak aurkezten ditu. Barriek 2021ren hirugarren erakusketak Urtzi Urkixoren grabatuak biltzen ditu Rekalde Aretoan azaroaren 23tik 2022ko urtarrilaren 23ra.

Urtzi Urkixoren Erinnerung-Recuerdo izeneko erakusketak 2020. urtearen hasieratik gaur egunera arte egindako lan grafikoak biltzen ditu eta artistaren grabatu guztien ardatz erkidea paper gaineko serigrafian eskuz inprimatutako argazkiak dira. Bere ekoizpenaren unearen ondorioz obra gehienak Covid-ak ekarritako egoeraren erantzun gisa ikus daitezke.

Horrela Erinnerung-Recuerdo lanak prozesu-izaera garrantzitsua du, non bere argazki-deribako ariketa batean aurkitutako lehen materiala abstraitu egiten den, oroitzapen abstraktu bihurtzeraino. Hainbat sormen-testuingurutatik abiatzen denez, lanek erro berari buruzko ikuspegi desberdina eskaintzen dute, hau da, zuri-beltzeko argazki analogikoari buruzkoa.

Lanak Berlinen, artistaren bizilekuan, bere tailerrean eta Künstlerhaus Bethanien ospetsuaren serigrafia tailerrean egin ziren. Obren beste zati bat Bilbon ekoiztu da, BilbaoArte fundazioaren serigrafia tailerrean.

Urtxi Urkijok tailer bat eskainiko du Rekalde Aretoan, datorren azaroaren 30ean, lan-prozesuei buruzko gogoeta egitera gonbidatzeko eta serigrafiaren arloan egiten duen ikerketa gertutik ezagutzeko. Edukiera mugatua denez ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea 944068532 telefonoan edo mezu bat bidaltzea salarekalde@bizkaia.eus helbidera.

Erakusketak egiteko foru-aretoa Bizkaiko Foru Aldundiaren beka jaso duten artisten sorkuntzak ikusteko eta proiektatzeko plataforma ezin hobea bihurtu da. Barriek programaren hamargarren edizio honetan Jenni Alvaradok, Javier R. Pérez-Curielek, Urkixok, Izaskun Araluzeak eta Mikel Erkiagak, Aldundiaren Sormen Artistikorako Bekak izan dituzten sortzaileek, euren lanen sorta bat erakusten dute.

Urtzi Urkixoren hausnarketa

URTZI URKIXO (Bilbo, 1993) Arte Ederretako lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (2017), eta Berlinen bizi da 2015etik; hiri horretan bere proiektu artistikoa serigrafiako obra grafikoen editore lanarekin uztartzen du.

2015ean hasi zuen bere ibilbide artistikoa grafikaren munduan, Gloria Alonsorekin, Berlingo Künstlerhaus Bethanien tailerreko irakaslearekin, egin zituen praktika batzuekin. 2017an serigrafian espezializatu zen Betanzoseko (A Coruña) Estanpa Garaikideko Nazioarteko Zentroan modulu bat eginez. Harrezkero sormen-gune eta egoitza artistiko askotan egin du lan, besteak beste Alfara Gráfica-n (Salamanca, 2017), BilbaoArte Fundazioan (2015-2021) eta Berlingo Czentrifuga talde artistikoaren tailerrean. Bere obra Rekalde Aretoan erakusteaz gain, Urkixo Grabatuen Nazioarteko Azokan izango da, La Taller Galeriak ordezkatuta.

Gaur egun artista grafiko moduan jarraitzen du bere proiektua, Berlingo White Grid Gallery-n erakusketa bat egiteko obra sorta berria ekoizten; azken urtean galeria horrekin hasi da lanean.

Hiri batean bizi naiz eta, beraz, herritarra naiz. Herritar kopuru handi batekin batera denbora eta espazioa partekatzen ditut, baina, askotan, espazio hori pribatua da eta, horregatik, espazio horren balioa eta nortasuna askotan inposatua da. Emiliano Zapatak esan zuen bezala, "Lurra lantzen duenarena da" eta, nire ustez, espazioa bertan bizi denarena da, ez bakarrik fisikoki, baita metaforikoki ere.

Herritarrok gara kale, plaza eta eremu komun horiei guztiei esanahia eman eta gure bizimoduaren araberako erabilera emateaz arduratu behar dugunak.

Nire lanak espazio horiek aldatu nahi ditu, arlo fisikotik nire neure imajinarioraino. Nire ustez une jakin batean gertatutako errealitatea irudikatzen duen zuri-beltzeko argazki batetik abiatuta, argazki horretan esku-hartzen dudan heinean, bere informazioa urratu egiten da, oroitzapen abstraktu bihurtzeraino.


Argazkiak