2021(e)ko azaroaren 11(a) 13:00

Udalerriekiko lana areagotzea eta gobernu digital inklusibo baterako trantsizioa bizkortzea dira Bizkaiaren 2022rako erronkak

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztu du bere Sailak datorren urterako izango duen aurrekontu-xehekapena. Aurrekontu hori 86,74 milioi eurokoa izango da, hots, 2021ean baino % 22,52 handiagoa. Aurrekontuaren % 54,4 gizarte aurreratuetan berezkoa den Gobernu Digital inklusibo baterako trantsizioa bizkortzera bideratuko da. Foru Aldundiak 37 milioi euro bideratuko ditu Herritarrentzako Arreta eta Zerbitzu Digitalen programara ( programa hori % 36,1 hazi da), eta Igorren, Markinan eta Mungian Herritarrentzako Arreta Integralerako hiru bulego berri irekitzea aurreikusten du.

Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak gaur eguerdian Batzar Nagusietan azaldu ditu zuzentzen duen Sailak 2022an izango dituen aurrekontu-partidak. Aurrekontua 86.740.000 eurokoa da, eta aurrekontu-partida horietan % 22,52ko gehikuntza izan da aurreko ekitaldiko aurrekontuarekin alderatuta. Etxanobek azpimarratu duenez, Sailak datorren urterako duen aurrekontua, funtsean, gizarteari eta udalei zerbitzu hobeak eta modernoagoak eskaintzera eta etorkizuneko Bizkaiko Foru Aldundia diseinatzera bideratuko da; izan ere, alderdi horri dagokionez, erakundearen eraldaketa digitala izango da protagonista, balio erantsi handiagoko zerbitzuak bermatzeko helburuarekin, hau da, Aldundiak inklusioa beren gain zorrozkiro hartuko duten zerbitzuak ematea bermatuko du, herritarren, enpresen eta udalerrien beharrei eta errealitate desberdinei egokiro erantzute aldera.

Elixabete Etxanobek azpimarratu duenez, Pertsonengan zentratutako Aldundi hurbilago bat eraikitzen ahaleginduko gara. Helburu hori erdieste aldera, erakundeak prest egon behar du, ez soilik alderdi teknologikoenetan, baita giza alderdian ere, esperientzia pertsonalizatuak bermatu ahal izateko. Foru diputatuak gaineratu duenez, Herritarren behar eta itxaropen berriek egiteko modu berriak behar dituzte, berritzaileagoak, azkarragoak eta eragingarriagoak, eta, teknologia berriak oinarri hartuta, prozesuak sinplifikatzea eta datuen erabilera modu seguruan sustatzea ahalbidetuko dutenak, betiere pertsonen eta udalerrien mesedetan.

Bizkaia Digitalerako trantsizioa bizkortzea

Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailak 2022an izango duen aurrekontuaren % 54,4 bere gobernu digital inklusiboaren eredua, gizarte aurreratuei dagokiena, finkatzeko erabiliko du. Ehuneko hori Herritarrentzako Arreta eta Zerbitzu Digitalen programetan eta Foru Plan Informatikorako eta Gobernu Onerako eta Gardentasunerako programetan biltzen da, Lantik, Zugaztel eta Biscaytik sozietate publikoen laguntzarekin, horiek balioa ematen baitiote trantsizio horri, alderdi teknologikoenaren ikuspegitik.

Hiru programa horien artean nabarmentzekoa da Herritarrentzako Arreta eta Zerbitzu Digitalen programa, 37 milioi euroko aurrekontua duena, hau da (aurrekontuak % 36,1eko gehikuntza du 2021arekin alderatuta). Programa honen helburua da administrazio-prozeduretan funtzioen integrazioa, digitalizazioa eta berrikuntza bultzatzea, kanal anitzeko sare integratu bat azkarrago ezartze aldera, herritarrek Foru Aldundiak eskaintzen dituen zerbitzu eta edukietara iristeko kanala hautatzeko aukera izan dezaten.

Kanal-aniztasun horri doakionez, aurrez aurreko arreta indartzea aurreikusten da Sailaren aurrekontuan. Horretarako, Herritarrentzako Arreta Integralerako hiru bulego berri irekiko dira Igorren, Markinan eta Mungian. Halaber, 850.000 euro baino gehiagoko programa espezifiko bat sortu da errenta-kanpainan aurrez aurreko arreta indartuko duten langileak kontratatzeko.

Toki erakundeentzako euskarria eta laguntza

Herri Administraziorako eta Udal Harremanetarako Sailaren lehentasunezko ildoetako bat Bizkaiko 112 udalerriekin eta gainerako toki erakundeekin (eta udalerri eta toki erakundeontzat) lan gehiago egitea izango da, eskualde guztiekin eta, bereziki, garapen eta ongizate arloan lurralde osoak duen irismen maila bera erdiesteko bultzada gehigarria behar dutenekin hartutako konpromisoa azpimarratuz.

Horretarako, 7,4 milioi euro emango zaizkio BiscayTIK Fundazioari. Fundazio hori Bizkaiko toki erakundeen modernizazioa bultzatzeaz arduratzen da, erakunde horien azpiegitura teknologikoa eta administrazio elektronikoaren eta digitalizazioaren arloko soluzioak garatuz, hedatuz eta mantenduz.

Era berean, Foru Aldundiak 4 milioi euro bideratuko ditu Toki Erakundeentzako Aholkularitza deritzon programara, eta horietatik 1,5 milioi bideratuko dira Herri Txiki, Aukera Handi izeneko programaren esparruan defini daitezkeen proiektuak diruz laguntzera (Bizkaiko Foru Aldundiak Arratia eta Mungialdea eskualdeetan abian jarri duen proiektu pilotua, Bizkaiko herri guztiek zerbitzu publiko berberak eskura ditzaten lortzeko).

Horrezaz gainera, lurraldeko udalerri txikietako azpiegituretan inbertsioak egiteko aurrekontuko partida 2 milioi eurotik 2,5 milioi eurora igoko da 2022an.

Erreferentziako eta abangoardiako Larrialdi Zerbitzua

Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzurako partida % 12 igoko da datorren urtean, eta 5.057.815 euro izango ditu Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzu hori erreferentziazko zerbitzu bilakarazte aldera, zerbitzu berritzailea eta iraunkorra delako eta abangoardiako teknologia integratu eta garatu duelako. Hala, igoera horren arrazoi nagusiak honako hauek dira: Urioste, Artaza, Derio eta Markinako parkeetako hobekuntza-lanak; Ispasterko maniobra-eremuaren jasangarritasuna hobetzea eta birmoldatzea; makineria eta material berria eskuratzea eta baso-ibilgailu bat erostea.

Jasangarritasunaren aldeko apustua

Bizkaiko Foru Aldundiak Jasangarritasun Energetikoari buruzko Euskal Legean ezarritako jasangarritasun energetikoaren arloko helburuak betetzeko ezarri dituen ekintza askoren artean, Elixabete Etxanobek zuzentzen duen Sailaren aurrekontuan 1,5 milioi euro inguruko inbertsioa egiten dela azpimarratu behar da. Partida hori 50 ibilgailu hibrido entxufagarri erosteko erabiliko da (Next Generation MOVES III Europako programak ere diruz lagun dezake erosketa hori). Horrela, Foru Aldundiak kilometrorik gehien eta urterik gehien duten ibilgailuak berritzen jarraituko du.

Bizkaia Gazteak

Gazteriaren arloan, 2022. urtean, lurraldeko udal eta mankomunitateekiko lankidetzari ekingo zaio, Udal Gaztedi proiektuaren bidez; proiektu horrek, besteak beste, gazteen emantzipazioa eta ongizatea hobetzea izango ditu erronka nagusitzat. Horren aurrekontua 810.000 eurokoa da. Era berean, ikerketaren, orientazioaren, aholkularitzaren eta informazioaren alorretako programak indartuko dira, Gaztesaregileak proiektua oinarri hartuta. Partaidetza eta entzute aktiboa sustatzeko proiektu bat da, eta, horri dagokionez, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekiko akordioari eutsiko zaio.