2021(e)ko azaroaren 06(a) 11:56

30 urte geroago La Encartada fabrikako langile ohi batek trikotatzeko makinaz txapel bat egin du ehun urtetik gorako teknikarekin

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Erakusketa hau makina eta era askotako elementuak modu erregularrean berreskuratzeko Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta eta museoak garatzen duen BERRITU programaren barruan egin da. Museoak azaroko lau larunbatetan fabrika honetako lanak zuzenean ezagutzeko aukera eskaintzen du. Gaur goizean María Pérezek, La Encartada fabrikako langile ohiak, Joaquín Marco zaharberritzailearekin batera, trikotatzeko makinak berrikusteko eta martxan jartzeko jardueran parte hartu du eta txapelak egin ditu Fabrika ekoizten aritu zen urteetan erabiltzen zuen makineria berarekin.

María Pérez y Joaquín Marco

Azken hamarkadako azaro guztietan bezala La Encartada Fabrika-Museoak larunbatetan fabrika zaharraren erabilera, zereginen eta lan-prozesuen erakustaldien programa berezia eskaintzen du. 2021ean hitzorduak interes berezia du museoak makina eta era askotako elementuak era erregularrean berreskuratzeko Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako BERRITU programari esker.

Makina batzuk lehengoratu eta berreskuratu ondoren orain trikotatzeko makinen txanda da, hau da, txapelak ehuntzeko erabiltzen zituzten makinena. María Pérez izango da, fabrika oraindik martxan zegoenean makina horien arduraduna zena eta makina horiek erabili zituen azken pertsona, jatorrizko makineria hori bera erabiliz 30 urte geroago berriro txapelak egingo dituena.

Maria Pérezek ondo ezagutzen ditu txapelen ehungailuak. 16 urte besterik ez zituela hasi zen lanean fabrikan eta, hasiera-hasieratik, atal honetan egin zuen lan: txapelak ehuntzen. 1892ko 10 buruko lehen trikotatzeko makina haiek ezagutu zituen, baina laster hasi zen bi burukoekin (bi unitate) lanean.

Trikotatzeko makinak lehengoratzeko prozesu mekanikoa motela eta neketsua izan da eta prozesu horretan Joaquín Marco zaharberritzaileak makina bat arazo izan du eta sarritan zorroztu behar izan du asmamena. Higadurak, desdoikuntzak, pieza hondatuak, ordezko piezak aurkitzea… Hainbat lan erantsi dira eta horietan bereziki izan dira garrantzitsuak María Pérezek makineria erabat lehengoratzeko egin dituen ekarpenak eta txapelak egiteko prozesuari buruz duen ezagutza.

Azaro osoan, larunbatetan, ehungintzako lanaren hainbat alderdi ikusiko ditugu BERRITU programaren barruan: «Etorri, ikusi eta azalduko dizugu».

Museoak, azaroko lau larunbatetan fabrika honetan egiten diren lanak zuzenean ezagutzeko aukera eskaintzen du, hainbat pertsona eta baliabide mekanikoren parte-hartzearekin.

Gaur goizean lan erakustaldia izan da txapelak egiteko trikotatzeko makina lerrozuzenetan eta María Pérez bera izan da, hain zuzen ere, erakustaldiaren arduraduna Joaquín Marco zaharberritzailearekin batera. Biek makinak nola funtzionatzen duen azaldu dute, martxan jartzearen lekuko direnen galderei erantzunez.

Azaroaren 13an jardunaldia zuntz naturalen iruteari eskainiko zaio eta Olatz Pujana artisauaren eskutik artilearen edo lihoaren ezaugarriak ezagutuko ditugu, baita gorua deitzen diogun gailuarekin haria eskuz lortzeko orduan duen portaera ere.

Azaroaren 20an Laurentino de Cabo artisau leondarrak 1906ko jacquard ehungailuarekin alde bikoitzeko ehunaren teknika erakutsiko digu, makinaren eta teknikaren ezaugarriak eta oihalean marrazki automatikoak sortzeko formulak azalduz.

Azaroaren 27an Miguel Angel Martínez Vitoresek eta Joaquín Marcok La Encartadako tailer mekanikoko makineria jatorriz zuen erabilerarako erabiliko dute: fabrikaren funtzionamendurako beharrezkoak ziren piezak lehengoratzeko, berreskuratzeko eta mekanizatzeko.

Erakustaldi horiek guztiek 35 eta 40 minutu arteko iraupena izango dute, gutxi gorabehera, eta museo-teknikaren bisitarekin konbina daitezke. Jarduera horietara joateko erreserba egin behar da museoko telefonoan (946 800 778) edo laencartada@bizkaia.eus helbidean.


Argazkiak