2021(e)ko urriaren 22(a) 09:30

Zaintza Eskola zaintzaileentzat egiaztatutako prestakuntza-programa Bizkaiko eskualde guztietara zabaldu da

Gizarte Ekintzako Saila

Prestakuntza ziurtatuko gelak larunbat honetan, urriaren 23an, irekiko dira lehenengo fasean, Bilbo, Basauri, Durango, Getxo, Sestao eta Zamudioko eguneko 6 zentrotan. Urtarriletik aurrera, egutegia osatzeko, beste 3 ikastetxetan jarriko da abian ikastaroa. Emandako prestakuntza LANBIDEk ziurtatuko du, Mendekotasuna duten Pertsonentzako Arreta Soziosanitarioko Profesionaltasun Ziurtagiria lortzeko, merkatu soziolaboralean sartzea ahalbidetzen duena. Lehen Zaintza Eskola ziurtatua 2019an jarri zen martxan, modu pilotuan, Bilboko Santutxu auzoko Karmelo eguneko zentroan. Prestakuntza-talde horretan, batez beste 53 urteko 19 pertsona bertaratu ziren, irailean berriz ere klaseak eman zituztenak. Kontziliazioa errazteko, zaintzaileek prestakuntzan parte hartzen duten bitartean, eguneko zentroan bertan arreta eta zaintza espezializatuko zerbitzu bat eskaintzen zaie jagoten dituzten pertsonei, garraioa barne. Zaintza Eskolaren prestakuntza-programa Bizkaiko Zaintzaileen Estatutuan jasotako neurrietako bat da, eta lurraldean mendekotasun-egoeran dauden eta familia-inguruneko zaintzagatiko prestazio ekonomikoa jasotzen duten 21.000 pertsona baino gehiagorentzat da.

Zaintza Eskola 2021 ikastaroa aurkezteko jardunaldia, Durangon. Larunbata, urriaren 23a.

Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko eskualde guztietara zabalduko du ikasturte honetan Zaintza Eskola prestakuntza ziurtatuko programa. Prestakuntza ziurtatuko gelak larunbat honetan, urriaren 23an, irekiko dira lehenengo fasean, Bilbo, Basauri, Durango, Getxo, Sestao eta Zamudioko eguneko 6 zentrotan. Urtarriletik aurrera, egutegia osatzeko, beste 3 ikastetxetan jarriko da abian ikastaroa. Zentro horietan emango den prestakuntza 2019az geroztik Bilboko Santutxu auzoan pilotu gisa eskaintzen hasi zenari gehitu behar zaio; izan ere, irailean hasi ziren eskolak berriz ematen.

Prestakuntza-programa hori Bizkaiko Zaintzaileen Estatutuak jasotzen dituen neurrien artean dago, eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten 21.000 pertsona baino gehiagori zuzenduta dago. Pertsona horiek familia-ingurunean zaintzeagatiko prestazio ekonomikoa jasotzen dute. Helburua da zaintzaileei zeregin hori egitea erraztuko duten eta zaintzailearen nahiz mendetasun-egoeran dagoen pertsonaren bizi-kalitatea hobetuko duten gaitasunak ematea. Eta, horrez gain, LANBIDE - Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du emandako prestakuntza.

Gizarte Ekintzako foru diputatu Sergio Murillok adierazi du azken alderdi hori interes berezikoa dela, zaintza-lanei balioa ematen dielako, haien ziurtagiri ofiziala aitortuz eta, etorkizunean, zaintzaileen enplegagarritasuna hobetuz, haiek, hala nahi izanez gero, lan-merkatuan sartzeko aukera izan dezaten profesionalen eskaera handia duen sektore batean. Hori garrantzitsua bada ere, Sergio Murillok azpimarratu du Zaintza Eskolaren funtsezko gauza zainketen kalitatea hobetzea dela, zaintzaileen eta mendetasun-egoeran dauden senideen ongizatean eraginez: zeregin hori hobeto kudeatzen laguntzea. Eta, azkenean, bai, ofizialki zainketen arloan aitortutako gaitasunak eskuratzea. Hau da, orain nagoen moduari eta ahal dudanari erantzuna ematea da helburua, eta prestakuntza horrek gaur egungo zainketak hobetzeko balio du, prestakuntzaren eta atsedenaren bidez, eta etorkizunean zaintzaileei enplegagarritasun handiagoa emango die, azpimarratu du.

Doako prestakuntza eta plaza mugatuak.

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saila gutun bidez jarri zen harremanetan zentro horietako eragin-eremuetako zaintzaileekin, horietan emango baita doako prestakuntza lehen fase honetan, 17.700 guztira. 900 pertsona baino gehiagok azaldu dute programa horren gaineko interesa, eta 510 pertsonek baieztatu dute bertara joateko interesa.

Egiaztatutako prestakuntza osoa 4 orduko 112 saiotan banatuta dago; guztira, 450 ordu teoriko eta praktiko emango dira 2024ra arte. Horri hasiera emateko, lehen prestakuntza-modulua egingo da: laguntza psikosoziala, harreman- eta komunikazio-arreta erakundeetan, 130 ordukoa. Lehen modulu honetako edukiek mendekotasun-egoeran dauden pertsonekin komunikatzeko trebetasunak eskuratzeko balioko dute, bai eta eguneroko animazioa eta jarduerak hobetzeko ere. Lehen modulu honek 3 prestakuntza-unitate ditu:

  1. Gizarte-animazioa mendekotasun-egoeran dauden pertsonekin (30 ordu).
  2. Eguneroko jarduerak mantentzea eta hobetzea mendekotasun-egoeran dauden pertsonekin (50 ordu).
  3. Mendekotasun-egoeran dauden pertsonekin komunikatzeko teknikak (50 ordu).

Partaidetza-saioak dira, eta parte-hartzaileek beren beharrizanetan oinarritutako ikaskuntza mota bat esperimentatzeko diseinatuta daude, beren erritmoekin bat datorrena eta antzeko zaintza-egoerak bizi dituzten pertsonen arteko harremanetarako, atsedenerako eta topaketarako denbora emango duena. Ikastaro guztiak larunbatetan izango dira, 9:30etik 13:30era, eta plazak mugatuak dira.

Zaintzaileei ikastaroetara joatea errazteko, zaintzen duten mendekotasun-egoeran dagoen pertsonarentzako arreta-zerbitzu espezializatua eskaintzen da, garraio-zerbitzua barne. Bi zerbitzuak doakoak dira.

Lehen pilotuak 2018an

Bizkaiko Zaintzaileen Estatutua arautzen duen 192/2018 Foru Dekretua onartu ondoren, Foru Aldundiak 2018ko udazkenean abian jarri zuen etengabeko, borondatezko eta doako prestakuntzako Zaintza Eskola proiektuaren lehen pilotajea, zaintzaileei zeregin hori errazago betetzeko osagarri bat eskaini nahian.

Lehenengo fasea hiru eguneko zentrotan jarri zen martxan (Zamudio, Ermua eta Sestao), Txorierri, Ermua-Mallabia eta Sestaoko zaintzaileentzat. 16 ordu eman ziren 5 modulutan banatuta, eta guztira 80 zaintzailek hartu zuten parte. Ziklo horietan, mendekotasun-egoeran zeuden 43 pertsonak eguneko zentroan bertan erabili zuten garraio- eta atseden-zerbitzua, zaintzaileak ikastaroetara joaten ziren bitartean.

Oinarrizko prestakuntzako ikastaro hau 2019an berrargitaratu zen Balmaseda eta Ugao-Miraballeseko eguneko zentroetan, Enkarterri eta Arakaldo, Orozko, Zaratamo, Arrankudiaga, Ugao-Miraballes eta Alonsotegi eskualdeetarako, hurrenez hurren. Modulu berberak eguneko bi zentrotan eman ziren. Kasu horretan, 40 zaintzailek eta mendekotasun-egoeran dauden 16 pertsonak hartu zuten parte, eta eguneko zentroan bertan erabili zuten garraio- eta atseden-zerbitzua.

Era berean, Ermuko, Zamudioko eta Sestaoko eguneko zentroetan 12 orduko prestakuntza aurreratuko fase bati ekin zitzaion, 5 modulu berritan banatuta. Horietan, 60 zaintzailek hartu zuten parte eta mendetasun-egoeran zeuden 10 pertsona artatuak izan ziren atseden zerbitzuan.

Parte-hartzaileen artean jasotako balorazio egokien ondorioz, eta familia-inguruneko Zainketetarako Prestazio Ekonomikoa jasotzen duten zaintzaileen premiak ikusita, Bizkaiko Foru Aldundiak beste urrats bat eman zuen 2019-2020 ikasturtean Lanbidek Bilboko Santutxu auzoko Karmelo eguneko zentroan ziurtatutako Zaintza Eskola abian jarrita. Covid19ak eragindako pandemia-egoeragatik eskolak etenda geratu ziren ikasturte horretara 19 pertsona joan ziren: 13 emakume eta 6 gizon. Taldearen batez besteko adina 53 urtekoa izan da.

2018tik aurrera martxan jarritako pilotajeen emaitza onak ikusita eta Santutxun garatzen ari den Zaintza Eskola ziurtatuan lortutako erantzun positiboaren ondoren, ikasturte honetan lurraldeko 10 zentrotara zabalduko da prestakuntza ziurtatua.


Argazkiak


Bideoak


Audioak