2021(e)ko urriaren 21(a) 14:30

Bizkaiko udalek 946,2 milioi euro jasoko dituzte 2022an beren finantzaketarako

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Gaur arratsaldean, Finantzen Lurralde Kontseiluan Udalkutxa udal finantzaketaren foru funtserako aurreikuspena onartu da, 937,4 milioi euroan. Hala, % 13ko igoera egon da aurten jasotako zenbatekoaren aldean, eta % 4,8koa 2021eko ekitaldiko likidazioaren aurreikuspenen aldean. Horrez gain, Bizkaiko udalek 8,8 milioi euro jasoko dituzte Gizarte Zerbitzuen Funts berritik, aurrekontuei buruzko Foru Arauan ezarriko den bezala. Otsailean izango dugu 2021eko ekitaldiaren itxieraren berri, baina, aurreikuspenen arabera, likidazioa positiboa izango da, 65,2 milioi euroan.

Bizkaiko Finantzen Kontseiluak gaurko bileran

Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak gaur arratsaldean egindako bileran, 2022. urtean lurraldeko udalerriei emango zaizkien funtsen kalkulua egin da, eta, zenbaki orokorretan, 946,2 milioi euro izango dira: 937,4 milioi euro Udalkutxatik eta 8,8 milioi euro Gizarte Zerbitzuen Funtsaren bidez.

Hala, Udalkutxa Foru Funtsa % 13 igo da 2021eko ekitaldiko aurrekontuan balioetsitakoaren aldean, eta % 4,8, aldiz, 2021. urteko likidazioaren aurreikuspenaren aldean (azken datu hori datorren urteko otsailean jakingo da).

Udalkutxa udal finantzaketarako foru funtsa arduratuko da kopuru hori Bizkaiko udalerrien artean proportzionalki banatzeaz. Gainera, datu erabakigarria dugu udalek datorren urteko ekitaldirako aurrekontuak prestatu ahal izateko. Udalerrien artean banatzerako orduan, hainbat irizpide hartzen dira kontuan, besteak beste: biztanle kopurua, langabezia tasa, ahalegin fiskala, ikastetxeen kopurua edo biztanleen sakabanatzea.

Bilera horretan bertan, Udalkutxa funtsaren 2021eko ekitaldi honetarako likidazioaren aurreikuspenak ere egin dira. Nahiz eta behin betiko datuak Finantzen Lurralde Kontseiluaren otsaileko bileran ezagutuko diren, itxura guztien arabera likidazioa berriz ere izango da positiboa, 65,2 milioi euroan. Zenbateko hori udalen artean banatuko da, 2022ko otsaileko behin betiko likidazioaren ostean.

Foru finantzaketaren arau testuinguru berrira egokitzea

Iragan urriaren 7an, Ekarpenen Lege berria onartu zen. Horren arabera, udalaren gutxieneko partaidetza % 54,70etik % 39,23ra pasatu da. Hala, eszenatoki berri bat zabaldu da, eta, beraz, foru erakundeak tokiko finantzaketaren araudia egokitu beharko du. 2022an banaketa neutraltasun egoeran egiten dela bermatu ahal izateko, behin-behinean ezarri da, aurrekontuen Foru Arauaren bidez, lehen eskuragarri zeuden baliabideen % 56 ordez orain udalerrietan eskuragarri egongo diren baliabide berriak % 39,66 izango direla, bi funtsen bidez: Udalkutxan eskuragarri dauden baliabideak % 56tik % 39,29ra pasatuko dira eta Gizarte Zerbitzuen Funtsean % 0,37ra. Hartara, 2022an Bizkaiko udalek 937,4 milioi euro jasoko dituzte Udalkutxatik eta 8,8 milioi euro Gizarte Zerbitzuen Funtsetatik.

Aurrekontu egonkortasunaren eta finantza jasangarritasunaren arloan, 2022ko ekitaldirako zerga arauek etenda jarraituko dute, 2020ko eta 2021eko ekitaldietan bezala. Halaber, Foru Aldundiko eta Bizkaiko udalerrietako ordezkariak bat etorri dira orain eta etorkizunean egin beharreko gastuetan zuhurrak eta arduratsuak izaten jarraitu beharrarekin, eta finantza jasangarritasunaren printzipioa zorrotz bete beharrarekin.

Finantzen Lurralde Kontseiluari buruz

Finantzen Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte-hartzerako organoa da. Hain zuzen ere, udal finantzaketa modu egokian banatzen dela bermatzen du, bai eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia eta finantza jarduera eta aurrekontu jarduera zaindu ere. Hamar kide daude: bost Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak dira eta gainerako bostak EUDEL - Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkariak dira (Bilboko Udala, Fruizko Udala, Larrabetzuko Udala, Plentziako Udala eta Portugaleteko Udala).

Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseilua urtean bi aldiz biltzen da gutxienez, Finantzen Euskal Kontseiluaren ostean, eta Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte-hartzerako organoa da. Udal finantzaketa Bizkaiko Lurralde Historikoan modu egokian banatzen dela bermatzen du.


Argazkiak