2021(e)ko urriaren 21(a) 09:59

Ondarearen Europako Jardunaldien hirugarren astea jende guztiarentzako kultur jarduera ugarirekin hasten da

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Ondarearen Europako Jardunaldien barruan lehenengo bi asteetan 130 jarduera baino gehiago antolatu dira Bizkaian eta datozen bi asteetan ia ehun kultur jarduera egingo dira Bizkaiko hainbat udalerritan. Jardunaldien barruan Bizkaiko Foru Aldundiak museoetako eta ondare-guneetako inklusioari buruzko ikastaroa antolatu du kultura-ondareko profesionalentzat eta kanpainan parte hartzen duten kolektiboentzat. Prestakuntza-ikastaroa urriaren 25ean eta 26an emango da Ondare Aretoan, hiru adituren eskutik: Rufino Ferreras Marcos, Thyssen-Bornemisza Museo Nazionaleko Hezkuntza Arloko burua; Encarna Lago, Lugoko Probintziako Museo-sareko kudeatzailea eta Antonio Espinosa, la Vila Joiosako Udaleko (Alacant) Ondare Historikoaren eta Museoen Udal Zerbitzuko zuzendaria eta Vilamuseu, la Vila Joiosako Museo eta Monumentuen Sareko zuzendaria. Jarduera-programa www.ondareabizkaia.eus webgunean edo ohiko lekuetan aurki daitezkeen katalogoetan kontsulta daiteke. Erreserbak online, telefonoz edo posta elektronikoz egin daitezke. Ondarearen Europako Jardunaldiei buruzko informazio guztia www.ondareabizkaia.eus webgune berrian dago.

Bisita guidatua

Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatutako Ondarearen Europako Jardunaldiek hirugarren asteari ekingo diote, herritarrak Bizkaiko ondareaz gozatzera gonbidatzeko proposamen ugarirekin. Bisita gidatuak dira gehien eskatzen diren jarduerak eta erakunde antolatzaileen arabera gehienek % 100ean betetzen dute asteburuetan aurreikusitako eskaintza.

"Guztion ondarea, denok parte! El patrimonio accesible e inclusivo" lelopean jardueren eskaintzarik garrantzitsuenak 46 bisita gidatu, 12 antzezpen, 10 ibilbide, 12 hitzaldi, 13 tailer eta 18 erakusketa bildu ditu, besteak beste. Horrez gain, 2 dantza-ikuskizun, dokumental bat, dastatzeak, kontzertuak eta errezitaldiak ere izan dira, aniztasun soziala kontuan hartuta aurten ere jende guztiarentzako jarduera-eskaintza zabala erakusten dutenak.

Berrogeita hamar udalerrik eta ehun kultur erakunde eta elkartek baino gehiagok osatzen dute edizio honen programazioa, eta oraindik bi aste daude publiko guztiei zuzendutako kultur jarduerak egiteko. Urriaren bigarren hamabostaldirako ia ehun kultur jarduera antolatu dira Bizkaiko hainbat udalerritan. Jardueren artean eztabaidarako, ezagutza-trukerako eta prestakuntzarako tartea ere badago, adibidez Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutakoa, batez ere kultura-ondarearen arloko profesionalentzat eta Ondarearen Europako Jardunaldien antolaketan erakundearekin lankidetzan lan egin duten kolektiboentzat.

Foru erakundearen Ondare Aretoak (María Díaz de Haro kalea 11, Bilbo), urriaren 25ean eta 26an (9:00etatik 13:30etara), museoen eta ondare-guneen inklusioari buruzko ikastaro bat hartuko du, museo eta programa inklusiboen kudeaketan adituak diren hiru pertsonak emango dutena.

Astelehenean, urriak 25, Antonio Espinosa izango da jardunaldiaren buru. Espinosa la Vila Joiosako Udaleko (Alacant) Ondare Historikoaren eta Museoen Udal Zerbitzuko zuzendaria eta Vilamuseuko, la Vila Joiosako Museo eta Monumentuen Sarea, zuzendaria da. Ikastaroak, besteak beste, honako hauek aztertuko ditu: dibertsitate funtzionalak, diseinu unibertsalaren plangintza eta kudeaketa eta museoetako eta natura- eta kultura-ondareko tokietako arreta inklusiboa, ondarearen interpretazioa, edukien komunikazioa, testu irisgarrien garrantzia eta komunikazio-formatu berriak.

Urriaren 26ko jardunaldia Encarna Lagorekin, Lugo Probintziako Museo-sareko kudeatzailearekin, hasiko da. Museo horren kudeaketa-eredua aintzatetsia izan da sari askoren bidez. Museoak hogeita bi urte baino gehiagoko esperientzia du museo sozial, berdintasunezko, jasangarri eta inklusiboa defendatzen duen Museologia Berriaren Aldeko Nazioarteko Mugimenduaren (MINOM) ildoen barruan. Museoak espazio sozio-afektibo eta pertsona guztien bizi- eta bizikidetza-leku gisa hartzea, bai batzuen ondare eta memoriengatik, bai besteen etorkizunerako ametsengatik defendatzen du.

Rufino Ferreras Marcosek, Thyssen-Bornemisza Museo Nazionaleko Hezkuntza Arloko buruak, itxiko du ikastaroa urriaren 26an bertan, 11:30etik 13:30etara. Ferrerasek esperientzia handia du hezkuntzaren arloan eta oso ezagunak diren proiektuak garatu ditu, besteak beste Educathyssen, Nubla, Nosotras edo Musaraña. Hainbat unibertsitatetan aritu da irakasle eta hainbat hezkuntza-erakundetako eta erakunde ofizialetako prestatzailea izan da. Gainera, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartzen du.

Bere helburuen artean Museoaren hezkuntza-garapena dago; lan hori ikuspegi garaikidetik abiatuta egiten du, ohiko prestakuntza-ereduak gainditzen dituzten eta erakundea, bere narratibak eta publikoak eraldatzea bilatzen duen benetako hezkuntza-eredua ezartzen duten estrategiak eta metodologiak txertatuz.


Argazkiak