2021(e)ko urriaren 20(a) 12:30

Bizkaiko entitate txikietako auzo-alkateen aukeraketa segurtasun juridikoa emango dion Foru-Araua onartu da

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Bizkaiko Batzar Nagusiek onartutako foru-arauak, arautzeaz gain, segurtasun juridikoa eskainiko die lurraldean dauden lau auzo-alkatetzei: Belandia, Lendoñobeiti, Lendoñogoiti eta Mendeika (horiek Urduñako Larruazabalgo Batzarra osatzen dute).

Unai Rementeria eta Elixabete Etxanobe Urduña eta Lendoñobeitiko udal ordezkariekin.

Bizkaiko Batzar Nagusiek, asteazken honetan, osoko bilkuran, Bizkaiko lurralde historikoko toki-entitate txikietako auzo-alkateen aukeraketari buruzko foru-araua onartu dute. Arau horrek lurraldean dauden lau auzo-alkatetzen (Belandikoa, Lendoñobeitikoa, Lendoñogoitikoa eta Mendeikakoa; horiek Urduñako Larruazabalgo Batzarra osatzen dutenak) organoen hauteskunde-araubidea ezarriko du. Hori guztia bere berezitasunetik eratorritako alderdiak arautzen dituen berezko esparru juridiko batenpean. 

Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatu Elixabete Etxanobek arau hori onartzearen garrantzia azpimarratu du, orain arte erabili ez den Bizkaiko Lurralde Historikoaren berezko ahalmenak erabiltzea dakarrelako.

Testuaren xedapen-atala bost kapitulutan egituratuta dago, eta guztira hogei artikulu, bi xedapen gehigarri eta hiru azken xedapen ditu.

Zehazki, lehen kapituluan, hautesletzat hartzen diren pertsonak eta hautagai izan daitezkeenak aipatzen dira, eta hautaezintasunaren eta bateraezintasunaren arrazoiak adierazten dira. Bigarrenean, ‘hauteskunde-antolakuntza’ deiturikoan, hauteskunde-barrutiak eta hauteskunde-administrazioa zehazten dira. Era berean, Bizkaiko toki-entitate txikietako auzo-alkateak aukeratzeko hauteskundeetarako deialdiari buruzko aurreikuspenak jasotzen ditu; noiz egingo den zehazten du, eta data hori bat etorriko da udal-hauteskundeekin eta Batzar Nagusietarako hauteskundeekin, eta hautagai-zerrenden aurkezpenari eta hautagai faltaren aurreikuspenari buruzko gaiak arautzen ditu.

Hirugarren kapituluak, ‘Bozketa eta Zenbaketa’ izenburupean, hauteskunde-egunean eta auzo-alkatearen aldarrikapenean kontuan hartu beharreko aurreikuspen guztiak jasotzen ditu bere artikuluetan, eta, hautagairik izan ez duten toki-entitate txikientzat, aukeratutako pertsonaren berariazko onarpena eduki beharra jasotzen du. Laugarrena, kargu-hartzeak, agintaldiak zein hautetsi falta, uko egitea, heriotza edo titularraren desgaitasuna eta titular horri bere eginkizunak aldi baterako betetzea galarazten dion absentzia edo eritasuna arautzen ditu. Eta, azkenik, bosgarrenak alderdi politikoei, koalizioei, federazioei eta hautesle-elkarteei hauteskundeetarako dirulaguntzak ematearekin zerikusia duen guztian sakontzen du.

Bizkaiko entitate txikietako auzo-alkateak aukeratzeko Foru Araua Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 20 egunera sartuko da indarrean.


Argazkiak