2020(e)ko azaroaren 19(a) 09:54

Agortu dira Bizkaiko Foru Aldundiak irailean atera zituen 26.800 Bizkaia Aurrera kultura-bonuak

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bizkaia Aurrera kultura-bonuak eskuratu dituztenek soilik programari atxikitako establezimenduetan trukatu ahal izango dituzte, 2021eko maiatzaren 31ra arte. Ekimenak Kutxabanken eta CECOBIren babesa dauka.

Bizkaia Aurrera kultura-bonuak, kulturaren sektoreak bizi dituen une zail hauetan Bizkaiko Foru Aldundiak arlo horretako kontsumoa sustatzeko irailean salgai jarri zituenak, harrera ona izan dute herritarrengan eta, gaurko egunez, dagoeneko agortuta daude foru-erakundeak irailean atera zituen 26.800 bonuak.

Guztira, 26.800 bonu atera zituen foru-erakundeak, bi motatakoak:

  • A motako BAKB, 25 euro balio duena, edozein kultur produktutarako (B motako BAKBekin eros daitezkeen produktu eta zerbitzuak izan ezik). Kasu horretan, 17.000 bonu jarri ziran salgai
  • B motako BAKB, 15 euro balio duena, soilik euskarazko produktuetarako (liburuak, musika, filmak, dokumentalak, jokoak, bideojokoak, museoak, zinea, antzerkia, dantza, kontzertuak eta musikalak, Bizkaiko toki-hedabideetarako harpidetzak barne). Kategoria horretan, 9.800 izan dira salgai jarri diren bonuak.

Bizkaia Aurrera kultura-bonu guztiek berrogei euroko balioa izango dute bonuak dauzkanarentzat, eta kultur produktuak erosteko, edo museoetarako, zuzeneko emanaldietarako eta bestelako kultur ekitaldietarako sarrerak eskuratzeko erabili ahal izango ditu kanpainari atxikitako establezimenduen sarean, bonuak kanpainarako ezarritako epeen barruan erosi eta erabiliz gero. Informazio guztia hemen dago kontsultagai: https://www.bizkaia.eus/BizkaiaAurreraKulturaBonua

Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatuko du BAKB bakoitzaren prezioaren eta erosketa-balioaren arteko aldea, horretarako dagoen aurrekontua agortu arte. Programa honetarako 500.000 € bideratuko dira.

Bizkaia Aurrera Kulura Bonuak 2021eko maiatzaren 31ra arte erabili ahal izango dira, soilik programari atxikitako establezimenduetan.

Bizkaia Aurrera Kultura Bonua Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimena da eta CECOBIren eta Kutxabanken babesa dauka.