2020(e)ko abenduaren 30(a) 11:30

Bizkaiko herritarrak baikor daude etorkizunaren aurrean, ekonomia eta enplegua ez direlakoan asko aldatuko 2020an

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Langabezia da bizkaitarren ardura nagusia, baina baikor agertzen dira etorkizunarekin. Beren ahalegin pertsonala ingurumena eta pertsonak zaintzera bideratzeko asmoa dute. Era berean, lurraldeko herritarren bizi-ohiturek erakusten dute gero eta kirol gehiago egiten dutela, osasuna gehiago zaintzen dutela, eta garraio publikoa erabiltzeko konpromiso handiagoa dutela.

Enplegua eta egoera ekonomikoa dira, oraindik ere, bizkaitarren ardura nagusienak. Hala ere, orokorrean, herritarrak baikor daude etorkizunarekin, eta gehienek uste dute 2020a amaitzear dagoen urtearen antzekoa izango dela. Hori izan da Bizkaiko Foru Aldundiak urtero egiten duen azterlanaren emaitza. Azterlan horren xedea da herritarrek egoera ekonomiko, sozial eta politikoari eta bizi-ohitura eta kontsumoari buruz duten iritzia jakitea.

2019a amaitzear dagoela, Neurbi azterlanean ondorioztatu da gizarte optimista dugula, ez baina konformista. Ildo horretan, bizi-kalitate oso altua dutela adierazi dute askok; inkestari erantzun diotenen % 88k uste du Bizkaian nahiko ondo edo oso ondo bizi dela, eta batez besteko balorazioa 10etik 7,8 da. Asetasun-maila altua da hori, nahiz eta gure lurraldean erronka ugari ere badagoen. Zentzu horretan, inkestari erantzun diotenen ustez, Bizkaiko Foru Aldundiko gobernuak lehentasuna eman beharko lieke langabeziari, lan-prekarietateari eta gizarte-babesari, eta bere jarduketaren ardatz hartu. Zehazki, % 53k uste du langabeziari eman beharko litzaiokeela lehentasuna; bigarren, % 24ren ustez, gizarte-babesari eta ongizatea gehitu eta pobrezia murrizteko laguntza eta neurriei. Lehenetsi beharreko gainerako jarduketa-arloak honako hauek dira: ekonomia (% 15), segurtasuna (% 12), herritarren beharrizanei erantzutea (% 11), eta gazteak (% 10).

Optimista ekonomiarekin eta konfidantza kudeaketa politikoan

Ekonomia eta enplegua aipatu dituzte herritarren ardura nagusi gisa, beren bizitzan eraginik handiena duten arloak baitira; hala ere, orokorrean, optimista baina zuhur agertu dira.

Bizkaian egun dagoen egoera ekonomikoari 6,6 puntu eman dizkiote 10etik, eta enpleguari 5,9. Ekonomiari dagokionez, herritarren % 59ren balorazioa oso edo nahiko positiboa da, eta % 6k uste du egoera ekonomikoa negatiboa dela. Datorren urterako duten itxaropen ekonomikoaz galdetzerakoan, inkesta egin zaienen % 47k uste du 2020an ekonomia berdin mantenduko dela; % 29ren iritziz okerrera egingo du; eta % 24k, berriz, uste du urte hobea izango dela.

Bizkaiko egoera politikoaren balorazioa positiboa da % 57rentzat; % 36k nola-halako pertzepzioa du, eta % 6k txarra edo oso txarra. Kopuru hori ez da ia aldatzen Euskadiko egoera politikoari buruz erantzuterakoan. % 59ren ustez positiboa da, baina, estatuko politikaz galdetzerakoan, iritzi negatiboak dira nagusi: % 40ren ustez egoera txarra da, % 31ren ustez nola-halakoa, eta % 27ren iritziz oso txarra.

Azken hauteskundeetan sortutako foru-gobernuari dagokionez, inkestan ondorioztatu da lurraldeko herritarrek ezagutzen dutela gobernu berria, eta beren konfidantza 6,1ekoa da, batez beste, 0tik 10erako eskalan. Pertzepzio hori hobea da euskararen erabilerari, kulturaren sustapenari, garraioaren eta azpiegituren hobekuntzari eta berdintasunaren bultzadari dagokienez.

Bizkaiko Foru Aldundiaren kudeaketari 6,3 puntuko balorazioa eman diote, batez beste. Foru-erakundeak lurraldean dituen kudeaketa-eremu nagusitzat jo dituzte gizarte-ekintza (% 26), azpiegiturak eta errepideak (% 22), ekonomiaren eta enpleguaren sustapena (% 15), ogasuna (% 10), eta garraioa (% 10).

Ahaldun nagusiaren balorazio positiboa egin dute Bizkaiko herritarren % 64k. Haren lanak eta kudeaketak 6,4 puntu jaso ditu 10etik, batez beste.

Ohituren eta kontsumoaren joera Bizkaian

Bizkaiko herritarren % 58 baikor agertu dira etorkizunaren aurrean, eta % 72k uste du etorkizuna egiteko gai garenaren mende dagoela; azkenik, % 10ek beldurra du etorkizunaren aurrean, ezin baita aurreikusi.

Etorkizun hurbileko joeren artean, datozen bost urteetan, Bizkaiko herritarrek uste dute arreta handiagoa jarriko dutela birziklatzean eta ingurumenean, eta denbora gehiago eskainiko dietela aisiari, familiari eta familiako eta inguruko adinekoen zaintzari. Bizi-ohituretan, etorkizuneko joeren artean jaso dira osasuna zaintzea eta joan-etorrietan garraio publikoa edo bizikleta gehiago erabiltzea.

Kontsumoaren arloan, esan daiteke oreka handiagoa dagoela inkestari erantzun diotenen artean. Izan ere, % 37k erantzun dute bost urte barru denbora gehiago emango dutela etxetik hurbil dituzten saltoki edo establezimenduetan erosketak egiten edo zerbitzuak kontratatzen, eta % 35ek uste du batez ere Internet bidez egingo dutela.