2018(e)ko ekainaren 28(a) 09:49

Aldundiak pertsona guztien askatasuna eta eskubideak defendatzen ditu, norberaren sexualitatea eta genero-identitatea gorabehera

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

LGTBI+fobiak eragindako gorroto delituen eta bereizkeriaren hazkundea kezkagarria da, batez ere gure mugetatik kanpo.

Anitza naiz. Hala gurata!

Anitza naiz. Hala gurata!

Bizkaiko Foru Aldundiak irmo defendatzen ditu pertsona guztien askatasuna eta eskubideak, norberaren sexu-joerari eta genero-identitateari dagokienez.

Aurtengo ekainaren 28rako ‘Anitza naiz. Hala gurata!’ leloa aukeratu du foru erakundeak, irudi baten ondoan, eta lelo hori dendetan, udaletxeetan eta Aldundiaren beraren egoitzetan banatuko du.

LGTBI+fobiaren aurkako behatokiek argitaratutako indizeek sexualitateari eta genero-identitateari lotutako kontuengatiko bereizkeriaren eta gorroto delituen hazkundea erakusten dute. Hain zuzen ere, begirada altxatu eta beste herrialde batzuetako adierazleei erreparatuz gero, badira ia 70 herrialde arrazoi horiengatiko espetxe zigorrei eusten dietenak, eta beste zortzitan oraindik ere indarrean dago heriotza zigorra.

Stonewallen gertatutakoa gogoratzen da urtero LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean. New Yorkeko pub horretan LGTBI+fobiaren agerpenak bizi izan ziren 1969an: poliziaren zenbait sarekada, istiluak, protesta ibilaldiak eta eskubideen aldarrikapenak.

LGTBI+ eskubideen aldeko borrokari eutsi behar zaio, dagoeneko erdietsi diren lorpenak ahaztu gabe. Esaterako, 1990ean homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuten. Horri gehitu behar zaio transexualitatea ere zerrenda horretatik kendu dutela lehengo asteko astelehenean (ekainaren 18an).

Aldundiak azpimarratu du denok libre jaio garela, denok berdinak, eta inola ere ezin dela onartu sexu-joeraren edo genero-identitatearen aitzakian justifikatutako jarrera, ekintza edo gorroto deliturik.

Aldundian hainbat esparru estrategiko planteatu ditugu; besteak beste, LGTBI+ inguruneko pertsona kalteberenekin (adingabeak, nagusiak, migratzaileak, etniak…) lan egitea, zeharkako politika koordinatuen bitartez, pertsona horiek guztiek beren ikusmolde bereziekin eskaintzen dizkiguten aberastasunari eta dibertsitateari arreta jarriz.

Adingabeen artean ere bullying kasuak eta gorroto delituak saihesteko ahalegin etengabea beharrezkoa da hezkuntzaren arloan. Bestalde, Aldundiak apustu egin du familia eredu irekiaren alde, hots, eredu tradizionalarekin bat ez datozen familiak gizartean inolako arazorik gabe onartzearen alde.

Gure mugetatik harantzago, adibidez garapenerako lankidetzako gure programetan, argi adierazten dira LGTBI+fobiari aurka egiteak duen garrantzia eta horrelako gorrotoa jasaten duten pertsonak babestu beharra. Hain zuzen ere, inguruabar horiek eragindako asilo eta babes eskaeren kopuruak gehikuntza esponentziala izan du azken boladan.

Helburua da etiketak albora uztea, pertsonez ari garelako eta askatasunaz ari garelako. Azpimarratu beharra dago sarri askotan komentario eta irain homofobo, transfobo eta lesbofoboekin hasten direla erasoak.

Aldunditik berretsi egiten ditugu konpromiso horiek, eta pertsona horien guztien eskubideak defendatzeko deia egiten diegu gure lurraldeko herritarrei.


Argazkiak