2020(e)ko urtarrilaren 28(a) 11:51

Aldundiak prozedura berria abiaraziko du Nazioarteko Ekintzailetza Zentrorako kudeatzaile aditu bat kontratatzeko

Bizkaiko Foru Aldundiak berehala aktibatuko du publizitatedun prozedura negoziatu ireki bat, Bizkaia dorrean proiektatzen duen Ekintzailetzaren Nazioarteko Zentrorako nazioarteko kudeatzaile bat kontratatzeko. Unai Rementeria ahaldun nagusiak iragarri duenez, foru erakundea formula berri batean ari da lanean, lau operadore interesatuek joan den irailaren 25ean egindako lizitazio publikoan eskaera aurkezteari uko egin diotela egiaztatu ostean.

Kontratazio prozedurak aurrera darrai, eta ekintzailetza zentro hori errealitate bat izango da.  Dorrea pizteko konpromisoa hartu genuen, eta beteko dugu.  Dagoeneko beste aukera bat aktibatu dugu, eta, helarazten dizkidaten epeen arabera, prozedura hori uda honetarako esleitzea espero dut. Nazioarteko eragileekin elkarreraginean arituko gara, eta berriro berba egingo dugu Bizkaia dorrearen inguruan interesa agertu duten operadoreekin.  Eta izen berriak sartuko ditugu harreman horretan.  Onenekin hitz egin nahi dugulako.  Eta entzun.  Hortik aurrera, eta egungo lizitaziotik abiatuta, eskaintzari onena kontratatuko dugu, sar ditzakegun hobekuntzak eta guzti, azaldu du Rementeriak.

Ahaldun nagusiak nabarmendu du nazioarteko operadore batzuek interesa dutela proiektuan, eta azaldu du zer zailtasun dituen prozesu horrek interes publikoak babesteko eta eragile pribatuen beharrekin konbinatzeko, proiektu aitzindari batean. Lankidetza publiko-pribatuko proiektua da hau.  Eskatzen dugun lankidetza pribatuak zerbitzu publikoari egokitutako zenbait baldintza bete behar zituela gehituta.  Seguruenik zorrotzegiak izan gara eskakizun batzuetan.  Inbertsio publikoa babesten duten baldintzak jarri ditugu, baina ez hainbeste pribatua babesteko.  Inbertsio publikoko fluxu ekonomikoei buruz ari naiz, adibidez.  Aldundiak, gutxienetik gehiagora, proiektuaren epe luzea ziurtatzeko pizgarri gisa planteatu zituen, baina pribatuek bultzada bat behar dute batez ere lehen urteetan, eta baita azkenekoetan ere.  Edo eskatutako kanona.  Edo oso zigor bermatzaileak.  Eta hori guztia proiektu publiko-pribatu aitzindari baten aurrean gaudela ahaztu gabe, inoiz egin ez dugun zerbait , zehaztu du.

Kontratu eredua, zerbitzu publikoaren kontzesio gisa, ez dela aldatzen gaineratu du Rementeriak.  Eta ez direla inola ere aldatzen dorrean zentrora bideratutako kokapena eta azalera, ezta helburuak ere.  Bestalde, dorrearen obren exekuzioak aurrera jarraitzen du eta azarorako amaituta egon liteke, oraindik beharrezko barne-obrak egin gabe badaude ere.

Biscay Startup Bay

Nazioarteko Ekintzailetza Zentroa Biscay Startup Bay estrategiaren barruan kokatzen den proiektu bat da, Bizkaiaren posizionamendua nazioarteko erreferentziazko ekintzailetza- eta berrikuntza-nodo gisa indartzeko.  Helburua da enpresak sortzeko tasa eta haien tamaina nabarmen handitzea lurraldean, bai eta tokiko eta nazioarteko enpresak eta korporazioak berritzen laguntzea ere, berrikuntza irekiko dinamiken bidez. Dinamika horietan, startupekin eta ekintzailetzako eta berrikuntzako ekosistemako gainerako eragileekiko elkarreragina sortuko da.

Biscay Startup Bay estrategia hiru jarduera-arlotan oinarritzen da:

  1. Bizkaian ekintzailetza aurreratua sustatzeko ekosistema indartzea.  Bizkaiko Foru Aldundiak tresna ugari ditu:  Beaz sozietate publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak, Seed Capital Bizkaiak eskaintzen dituen finantzaketa-aukerak, inkubagailuen eta elkartegien sare bat eta Bizkaiko Parke Teknologikoko campusak, inbertitzaileen eta aholkularien sare bat, itzuli beharrik gabeko laguntza ekonomikoak eta etengabeko harremana ekintzailetza aurreratuaren arloan lan egiten duten unibertsitateekin, zentro teknologikoekin eta beste erakunde batzuekin.
  2. Munduko ekintzailetza- eta berrikuntza-nodo aurreratuenekiko konexioa.  Bizkaiak Boston, Tel Aviv eta Helsinkiko ekintzailetza-nodoekin lan egiten du, nazioartean start up-en berrikuntza eta kontzentrazio polo garrantzitsuenetakoekin.
  3. Nazioarteko Ekintzailetza Zentroa Bizkaiak berrikuntzaren eta ekintzailetza aurreratuaren arloko bikaintasunaren munduko sarearekin bat egin nahi du, talentua erakartzeko eta atxikitzeko, hub gisa balio duen zentro batekin, betiere lehiaketa global honen lehen mailan parte hartzeko beharrezkoa den masa kritikoa sor dadin.