2021(e)ko urriaren 14(a) 12:00

Foru Aldundiak 38.550 merkataritza-bonu gehiago banatuko ditu kontsumoa suspertzeko Bizkaiko eskualde guztietan

Ekonomia Sustatzeko Saila

Urriaren 15etik abenduaren 15era arte Bizkaia Bonu Dendak eskuratu ahal izango dira kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan. Helburua da kontsumoa suspertzea erosketa ugariko aldietatik (beherapenak, Gabonak...) urrun dauden egunetan. Bonu bakoitzak 15 euro balioko du eta beraren trukean 30 euroko gastua egin ahal izango da Aldundiak Cecobi, Bizkaidendak, Bilbaodendak eta Bilboko Merkataritza Ganberarekin elkarlanean bultzatutako kanpainari atxikitako establezimenduetan. Bonuen erabilera orekatzeko eta suspertze-eragina Bizkai osoan zabaltzeko asmoarekin, Bizkaiko lurraldea lau multzotan zatitu da (Bilbo; Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterri; Eskuinaldea, Plentzia-Mungia eta Gernika-Bermeo; Durangaldea, Arratia-Nerbioi eta Markina-Ondarroa) eta multzo bakoitzean bertako biztanleriaren araberako bonu kopurua banatuko da. Bonuak denetariko produktuen txikizkako merkataritzan ari diren establezimenduetan erabili ahal izango dira, bai eta ikuztegietan, tindategietan, ile-apaindegietan, edertasun-aretoetan, estetika-kabineteetan, argazki-zerbitzuetan eta Bizkaiko Artisautza Erregistroan sartutako artisautza eta artisauen establezimendu eta tailerretan ere.

Ainara Basurko eta Cristina Múgica, Bizkaiko merkataritza elkarteetako ordezkariekin

Bihar, Cecobi, Bizkaidendak, Bilbaodendak eta Bilboko Merkataritza Ganberarekin elkarlanean, Bizkaiko Foru Aldundiak 38.550 bonu gehiago banatuko ditu kontsumoa suspertzeko Lurraldeko eskualde guztietan. Bizkaia Bonu Denda berriak urriaren 15etik abenduaren 15era bitartean eskuratu eta erabili ahal izango dira kanpainarekin bat egindako establezimenduetan. 15 euroko bonu bakoitzeko 30 euro gastatu ahal izango dira.

Erabaki dugu beste bonu-kanpaina bat egitea urteko aldi honetan, uste baitugu garrantzitsua dela kontsumoa suspertzea beherapen-aldiaren eta Gabonen aldean erosketa gutxi izaten diren urtaro honetan. Sektoreak ere gauza bera esan digu. Izan ere, beherapenetan eta Gabonetan eskariak gora egiten du, eta uste dugu hobe dela kontsumorako pizgarriak ematea erosketa urriko aldi batean, esan du Ekonomia Sustatzeko Saileko foru diputatu Ainara Basurkok.

18 urtetik gorako pertsona bakoitzak 4 bonu erosi ahal izango ditu gehienez eta faktura bakoitza ordaintzeko bi erabili ahal izango dira gehienez ekimen honekin bat egin duten Bizkai osoko 2.772 establezimenduetan. Bonuak denetariko produktuen txikizkako merkataritzan ari diren establezimenduetan erabili ahal izango dira (janari-dendetan barne), bai eta ikuztegietan, tindategietan, ile-apaindegietan, edertasun-aretoetan, estetika-kabineteetan, argazki-zerbitzuetan eta Bizkaiko Artisautza Erregistroan sartutako artisautza eta artisauen establezimendu eta tailerretan ere.

Gainera, bonuen erabilera orekatzeko eta suspertze-eragina Bizkai osoan zabaltzeko asmoarekin, Bizkaiko lurraldea lau multzotan zatitu da biztanleriaren arabera, iazko abenduko kanpainan egin zen bezala. Hona: Bilbo; Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterri; Eskuinaldea, Plentzia-Mungia eta Gernika-Bermeo; Durangaldea, Arratia-Nerbioi eta Markina-Ondarroa.

Bizkaiko Foru Aldundiak 639.900 euro inbertituko ditu kanpaina honetan.


Argazkiak


Bideoak