2021(e)ko urriaren 14(a) 10:00

Foru Aldundiko suhiltzaileek Bizkaiko eskualdeak zeharkatuko dituzte gela mugikor batekin, suteen prebentzioa zabaltze aldera

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Santurtzin, Igorren, Lekeition eta Derion izango dira foru suhiltzaileak, beren-beregi diseinatutako eta ekipatutako edukiontzi eramangarri batekin, suteen aurkako segurtasun-printzipioak eta autobabes-printzipioak Bizkaiko pertsona guztiei eta, bereziki, haur eta gazteei modu ludiko eta didaktikoan zabaltzeko. Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuaren 50. urteurrena Bizkaiko herritarrekin partekatzeko sortu zen jarduera hau. Iazko azaroan bete zen 50. urteurren hori, baina pandemia-egoera zela eta, zerbitzua abian jartzea atzeratu egin behar izan zen. “Egunero gertatzen dira suteak, baina ia beti saihestu daitezke. Larrialdirik onena inoiz gertatzen ez dena da”, azpimarratu dute Aldundiko suhiltzaileek, eta herritarrei gela mugikorrera hurbiltzeko gonbita egiten diete. 1970ean sortu zenetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak 180.000 esku-hartze inguru egin ditu.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak datorren igandean, urriaren 17an, Santurtzin, Bizkaiko herritarrak oro har, baina haurrak eta gazteak bereziki, suteen aurkako prebentzioaren garrantziaz sentsibilizatzeko gela mugikor bat estreinatuko du.

Santurtzin, Igorren, Lekeition eta Derion izango dira foru suhiltzaileak udazken honetan, beren-beregi diseinatutako eta ekipatutako edukiontzi eramangarri batekin, hitzaldien, adibide praktikoen eta ginkana-tailerren bidez suteen aurkako segurtasun printzipioak eta autobabesaren printzipioak modu ludiko eta didaktikoan zabaltze aldera. Edukiontzi eramangarri zabalgarriaz gain, autobonba-kamioi baten laguntza izango dute, eta egoki den erreferentziazko parkeko suhiltzaileek egingo dituzte jarduerak, Santurtziko udalerriaren eta Uriosteren (Ortuella) kasuan. Arrantza portuko zabalgunean egongo dira. Aurreikusita dagoen egitaraua goizeko 10:00etatik 14:30etara luzatuko da.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuaren 50. urteurrena Bizkaiko herritarrekin partekatzeko sortu zen ekintza hori; iazko azaroan bete zen 50. urteurren hori. Hala ere, pandemia-egoeraren ondorioz, atzeratu egin behar izan zen zerbitzua abian jartzea. Foru Aldundiko suhiltzaileen asmoa euren ikasgela mugikorra lurraldeko eskualde guztietara hurbiltzea da: orain udazkenean eta, ondorik, datorren urteko udaberrian.

1970ean, Bizkaiko lehenengo suhiltzaile-parkeek beren ateak ireki zituzten Gernikan, Durangon eta Trapagaranen; parke horietan, guztira, 50 suhiltzailek, bi sarjentuk eta zerbitzuburu batek zerbitzu horren lanak hasi zituzten, egunero bi lan-txandatan. Bizkaiko suhiltzaileen lehen esku-hartze ofiziala jasotzen duen akta urriaren 30etik azaroaren 5era bitartekoa da. Ez zen deskribatu zer ezbehar mota izan zen, ezta data zehatza ere. Irteera Trapagarango parkean izan zen, Santurtzin izandako istripu bati aurre egiteko. Hori dela eta, Santurtzi aukeratu da igandean, hilak 17, ikasgela ibiltariaren ibilbidea hasteko.

Hurrengo datak, beti igandez, honako hauek izango dira: urriaren 31n Igorren egongo da gela mugikorra, azaroaren 14an Lekeition eta azaroaren 21ean Deriora hurbilduko da. Jarduerak egingo dituzten suhiltzaileen foru zerbitzuko langileak Basauri, Markina eta Derioko parkeetakoak izango dira, hurrenez hurren.

Suteen aurreko hezkuntza, gainditu gabeko ikasgaia

Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen aburuz, suteen prebentzioaren eta horien aurreko jokabidearen arloko herritarren hezkuntza gainditu gabeko gaia da, eta, horren garrantziaz jabetuta, herritarrak sentsibilizatzeko hainbat ekimenetan inplikatuta daude.

Suhiltzaile-zerbitzuetako profesionalek egunero egiaztatzen dute suterik ohikoenak eta heriotzarik gehien eragiten dituztenak saihestu zitezkeela eta biktimak salbatu zitezkeela, baldin eta inplikatutako herritarrek beren haurtzaroan eta gaztaroan oinarrizko kontzeptu batzuk bereganatu izan balituzte.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak 5.916 esku-hartze egin zituen 2020an; horietatik 1.362 suteak izan ziren ( % 23). Gehienak hiriko su txikiak izan ziren, etxebizitzetan gertatutakoak. Kea da etxeko suteetako heriotza-kausa nagusia.

Be Fire safe at School’ Europako proiektua

Suteen aurkako babeserako hezkuntzarako Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak esku hartzen duen proiekturik garrantzitsuenetakoa Be Fire safe at School izenekoa da. Europako Batzordearen Erasmus+ programaren barruko proiektua da, eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat xedaturik dago; hain zuzen, adin horretan, ikasleek gaitasun handiagoa dute beren bizitzetako segurtasunean eragina izan dezaketen ezagutzak eta jarraibideak ulertzeko eta barneratzeko.

Bizkaiaz gain, Irlanda, Finlandia, Alemania, Belgika, Danimarka eta Lituania ere proiektu honetako kideak dira. Alde pedagogikoan Dublingo Trinity College Unibertsitateak parte hartzen du proiektuan.

Be Fire safe at School programaren helburua hezkuntza sistemen esku jartzeko prestakuntza pack bat diseinatzea izan da. Bizkaiko hogei ikastetxek baino gehiagok eskatu dute doako sarbidea duen tresna didaktiko hau. Webgune honetan dago eskuragarri: www.bfiresafeatschool.eu.

Proiektu honetan interesa duten irakasleek Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzura jo dezakete posta elektronikoz, helbide honetara mezua bidaliz: prevención.incendios@bizkaia.eus.


Argazkiak


Bideoak


Audioak