2021(e)ko irailaren 20(a) 13:00

Aldundiak eta Udalak herritarrentzat salgai jarri dituzte bilbao bizkaia turismo bonuak, udazken/neguan sektorea indartzeko

Ekonomia Sustatzeko Saila

Kanpaina honetako ia 48.000 bonuak, bi erakundeek elkarrekin garatzen duten ezaugarri honetako lehena, asteazkenean, irailak 22, izango dira salgai, 16:00etatik aurrera. Udalak eta Foru Aldundiak 2 milioi euro inbertitzen dituzte kanpaina honetan, erdi bana, pandemiak gogor kaltetutako Bilbo eta Bizkaiko sektore turistikoari laguntzeko asmoz. Bilbao Bizkaia Turismo Bonuen bidez, udazken/neguan zentratuko da kanpainaren jarduketa osoa, bereziki zubietan eta Gabonetan negozio-aukerak sortuz, hirian eta lurraldean zuzeneko kontsumoa sustatzeko. Bonuek 50 €, 80 € eta 200 euroko balioa izango dute eta www.bonoturismobilbaobizkaia.eus webgunean eskuratu ahalko dira, abenduaren 31ra arte edo agortzen diren arte. Era berean, enpresek kanpainarekin bat egiteko epea zabalik dago eta webgune horren bidez izena eman dezakete, bonu guztiak saltzen diren arte.

Ainara Basurko sektore turistikoaren ordezkariekin batera, kanpainaren aurkezpenean

Javier Garcinuñok, Bilbao Ekintzako Zuzendari Nagusia, eta Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saileko diputatuak, Bilbao Bizkaia Turismo Bonuak aurkeztu dituzte gaur. Asteazkenetik, irailaren 22tik, aurrera (16:00etan) salgai jarriko diren 48.000 bonu horien bidez, udazken/neguan zentratu nahi da kanpainaren jarduketa, bereziki, zubietan eta Gabonetan, sektore turistikoarentzako negozio-aukerak sortzeko.

Bilboko Udalaren eta foru-erakundearen arteko lankidetza horrek bi milioi euroko inbertsioa izango du, bi erakundeek erdi bana ordaindu dutena. Kanpainaren helburu nagusia da pandemiak gogor jotako sektore turistikoari laguntzea, hirian eta lurraldean zuzeneko kontsumoa sustatuz; izan ere, aurreikuspenen arabera ia lau milioi euroko kapital mobilizatua sortuko baita.

Bonuen salmenta asteazkenean, irailaren 22an, hasiko da, 16:00etatik aurrera, webgune honetan: www.bonoturismobilbaobizkaia.eus. 48.000 bonuen prezioak honela banatuko dira: 80 € ostalaritzarako, 50 € jarduera turistikoetarako eta 200 € Bilbo Bizkaian kontsumitzeko produktu turistikoak eskaintzen dituzten agentzietan erabiltzeko.

Bonuen kanpaina hau izenduna izango da, beraz, erabiltzaileak bonuak eskuratzen dituenean adierazi beharko du bonuak zer establezimendutan/enpresatan erabili nahi dituen. Bonuak erosteko epea 2021eko abenduaren 31n amaituko da edo bonuak agortzen direnean.

NAN/AIZ bakoitzeko (adinez nagusiak eta egoiliarrak eta/edo bisitariak) 800 euro eskuratu ahalko dira bonutan, eta tiket edo faktura bakoitzeko hiru bonu erabili ahalko dira gehienez ere. Bonuak erabiltzerako orduan, tiketaren edo fakturaren zenbatekoa bonuen zenbatekoa bezainbeste edo gehiago izan beharko da, ez baita eskudirurik itzuliko. Bonu bat eskuratu dutenek bonuaren QR kodea aurkeztu beharko dute edo, bestela, erosketa egingo duen establezimenduan inprimatutako bonuak aurkeztu. Bonuak erabiltzeko epea asteazkenean, irailaren 22an, hasiko da, bonuen salmentarekin batera, eta 2022ko martxoaren 31n amaituko da.

Mota honetako aurreko ekimenetan egin den bezala, bonuaren zenbatekoaren erdia bi administrazio publikoek ordainduko dute (Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak) eta beste erdia erosleak. Gainera, Bilbo Bizkaia Turismo Bonuak bateragarriak eta metagarriak dira beste administrazio batzuek abiarazitako kanpainekin.

230 enpresa eta establezimendu turistiko baino geihago bat egin dute kanpainarekin

Gaur arte, guztira hiriko eta lurraldeko 230 establezimendu eta enpresa turistiko baino gehiago egin dute bat kanpainarekin. Erakundeak kanpainarekin bat egiteko epea, www.bonoturismobilbaobizkaia.eus plataformaren bidez, abenduaren 31ra arte edo bonuen salmenta agortu arte egongo da indarrean.

Hiru arlo hauetan jarduten diren enpresek bat egin dezakete, aktibatuko diren hiru bonu motekin bat datozenak:

  • 1. motako bonua: Hoteletan, hotel-apartamentuetan, moteletan, pentsioetan, aterpetxeetan, kanpinetan, karabanetarako aparkalekuetan, nekazaritza-turismoko establezimenduetan eta landetxeetan ostatu hartzeko. 80 euroko bonuak.
  • 2. motako bonua: Turismo-gidariak, naturan kirol-jarduerak antolatzen dituzten enpresak —adibidez, turismo aktiboa—, turismo-ibilbideak egiten dituzten garraio-enpresak, bizikleten alokairua, aisialdiko eta kiroletako gauzak alokatzea, bidaiarien kabotaia eta barruko bide nabigagarrietatiko garraioa, autoak alokatzea, lorategi botanikoak eta zoologikoak, museo pribatuak, aisialdirako parkeak edo jolas parkeak eta uretako parkeak, irristatzeko pistak, enoturismo-esperientziak egiten dituzten upategiak eta interpretazio-zentroak. 50 euroko bonuak.
  • 3. motako bonua: Bidaia-agentziak eta Bilbo Bizkaian kontsumorako produktu turistikoak merkaturatzen dituzten bitartekaritzako beste enpresa batzuk. 200 euroko bonuak.

Establezimenduek ere bonuak erabiltzeko muga batzuk izango dituzte. Ostatuen kasuan, 4.000 eurotik 60.000 eurora artekoa izango da, plaza-kopuruaren eta kokapenaren arabera, eta turismo jarduerako enpresa eta agentzien kasuan muga 10.000 eurokoa izango da.

Sailkapen horren bidez, banaketa espezifikoa eta azpisektoreen araberakoa egin nahi izan da, turismoari lotutako enpresa guztietan eragina izango duela ziurtatzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritzarekin egindako aurreko erakunde arteko kanpainarekin bat egin dutenentzat ez da beharrezkoa izango webgunean berriro ere altan ematea. Horretarako, gainerako datuak baino ez dituzte bete beharko, eta Bilbao Bizkaia Turismo Bonuaren baldintzak onartu. IFK bakarra duten baina Bilbo Bizkaian hainbat establezimendu dituzten negozioek establezimendu guzti-guztiak atxiki ahal izango dituzte, banan-banan.

Nabarmendu beharra dago, halaber, kanpainarekin bat egiten duten enpresek bonuaren balioaren erdia jasotzen dutela erakundeengandik erosketa egin eta hurrengo bi asteetan, eta gainerakoa bonua trukatzen denean.

Kontsultak eta zalantzak:


Argazkiak


Bideoak


Audioak