2021(e)ko irailaren 16(a) 13:23

BEAZek eta Seed Capitalek zerbitzu berri bat eskaintzen dute Bizkaiko ekosistema inbertitzailea dinamizatzeko

Ekonomia Sustatzeko Saila

Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, iragarri duenez, Bizkaiko startup-ak kapital pribatuan sartzeko urteko inbertsio foro bat sortuko dute.

Oscar Ugarte, Olatz Goitia, Ainara Basurko eta Joseba Mariezkurrena

Bizkaiko Foru Aldundiak tresna berriak jartzen ditu startup eta inbertitzaileen eskura, lurraldeko enpresa berritzaile berrien inguruan inbertsio-ekosistema dinamizatzeko. BEAZ eta Seed Capital foru-sozietateek abian jartzen duten zerbitzu berriak bi ibilbide ditu: batetik, startup-ak kapital pribatura sartzeko gaitzea hobetzeko, eta, bestetik, Bizkaiko business angels eta inbertitzaileen sarea prestakuntzaren bidez indartzeko.

Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, zerbitzu berria Bizkaiko berrikuntza hub indartzeko estrategiaren barruan kokatu du. Diputatuak ziurtatu du funtsezkoa dela aurrera egiten jarraitzea eta, horretarako, ekintzailetza eta berrikuntza bultzatzeko kultura inbertitzaile bat sustatu behar dela. Gaur beste urrats bat eman dugu Bizkaia benetako berrikuntza hub bihurtzeko estrategian. Gure ustez, funtsezkoa da ekintzaileei beharrezko tresnak eskaintzea startup ororen bizitzan etapa erabakigarri bati aurre egin ahal izateko: inbertsio pribatua erakartzea. Eta, aldi berean, ekosistema inbertitzailea dinamizatuko dugu, Bizkaian berrikuntzaren eta ekintzailetzaren aldeko benetako kultura garatu eta sustatzeko, erreferentziazko lekuetan gertatzen den bezala, hala nola Bostonen, Londresen edo Tel Aviven. Ideia berritzaileak garatzea ezinbestekoa da gizarte osorako ongizatea eta aurrerapena sortzeko; beraz, zergatik ez jarraitu ekintzailetzari laguntzeko kultura inbertitzaile hori sustatzen?.

Ainara Basurkok, gainera, abenduaren 2an Bizkaiko startup-ak kapital pribatura sartzeko lanak gauzatzeko urteroko jarraipena izango duen inbertsio foroa egingo dutela iragarri du. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak erreferentziazko operadore baten esperientzia izango du: Keiretsu Forum. 27 herrialdetan daude, eta business angels inbertitzaile pribatuen nazioarteko sarerik handiena da.

Inbertsio-foroa pertsona ekintzaileen eta inbertitzaileen arteko topagunea da. Eta balio handiko tresna da balizko inbertitzaileentzat, bereziki beren proiektuek aurkezten dituzten startupei bermea ematen badiete Keiretsu bezalako sare batek eta Bizkaiko Foru Aldundiak berak, horrek proiektu serioak eta potentzialak aurkituko dituztela ziurtatzen baitu. Aukera paregabea da enpresa garrantzitsuak izango diren startup-ak aurkitzeko eta hasieratik horietan parte hartzeko, azpimarratu du Basurkok.

Olatz Goitia BEAZeko zuzendariak aurreratu duenez, BEAZen webgunean eskuragarri dagoen doako finantzaketa-gida bat ere jarriko dute startup-en esku. Helburua da dauden finantzaketa-aukerak identifikatu eta aztertu ahal izatea, enpresa-garapen egokia lortzeko.

Olatz Goitiak azaldu duenez, startupen formakuntza 5 saiotan egingo da, irailaren 30etik urriaren 27ra, eta izen-ematea zabalik dago BEAZen webgunean. Prestakuntza potentzial handiko startupei zuzenduta dago, eta inbertsio erronden bidez kapital pribaturako sarbideari berme handiagoarekin aurre egiteko tresnak ematea espero dugu. Alderdi oso praktikoak jorratuko dira: aurkezpen irabazleetatik ikastea edo negoziazio bati nola heldu, laburbildu du Goitiak.

Seed Capital da inbertsiogileen erkidegoaren artean konfiantza sortzeko ibilbidearen liderra. "Hori lortzeko modurik onena inbertsio erronda bati aurre egiteko segurtasuna emango dieten tresnak ematea da. Horretarako, garrantzitsua da startup-en balorazioaren gakoak ezagutzea eta beste inbertitzaile batzuekin esperientziak eta kezkak partekatu ahal izatea", azaldu du Oscar Ugarte Seed Capitaleko zuzendariak.


Argazkiak