2021(e)ko irailaren 10(a) 10:00

Amaituta daude Arrigorriagaren eta Martiartuko industrialdearen arteko bidegorria eraikitzeko obrak

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Bidegorri hau irailaren 13tik aurrera erabili ahal izango da. Bizkaiko Foru Aldundiak 700.000 eurotik gora inbertitu ditu bizikleta eta oinezkoentzako bidezidor berrian. Eguneroko joan-etorrietan mugikortasun jasangarria sustatzeko aukera emango du, Arrigorriagako bidegorrien sarea lotuko baitu Martiartuko industrialdearekin.

Bizkaiko Foru Aldundiak txirrindularientzako eta oinezkoentzako bidezidor berria eraikitzen amaitu du, zeinak Arrigorriagako hirigunea eta Martiartu industrialdea lotuko dituen. Bidegorria ordezko azpiegitura segurua eta erosoa izango da eguneroko joan-etorriak oinez edo bizikletaz egiteko. Hala, Bizkaiko Lurralde Historikoan hiri-mugikortasun iraunkorra sustatuko da.

Horretarako, 1.255 metro luze den bidezidor berri honek egun dagoen bidegorrien sareari jarraitutasuna emango dio, Martiartuko industrialdea Arrigorriaga eta Basauriko hiriguneekin eta San Miguel, Sidenor eta Mercabilbao poligonoekin lotzen baititu. Bidegorria motordun trafikotik guztiz bananduta dago, eta bi espazio bereizi ditu; 2,5 metroko zabalerako galtzada, txirrindularientzat, eta bi metroko zabalerako galtzada, oinezkoentzat. Ibai-ibilguarekin batera paraleloan doala, BI-625etik poligonora sartzeko zubian amaitzen da. Gainera, ibilbidearen erdian, poligonoaren iparraldeko muturrerako sarbide bat eskaintzen du.

Bidegorri berria otsailean eraikitzen hasi zen, eta, eraikuntzan, 734.020 euroko inbertsio bat egin du Bizkaiko Foru Aldundiak. Aldi berean, Aldundia alternatiba posibleak aztertzen ari da ibaiaren bi ertzeetan, bizikletentzako sarea luzatzeko eta Ugao Miraballeseraino iristeko, eta bide batez, Agirre eta Txakoko industrialdeetarako sarbidea emateko. Azterlan horren helburu nagusia da zehaztea zein den aukerarik egokiena ingurumeneko ikuspuntutik, teknikotik, ekonomikotik eta funtzionaletik.


Argazkiak