2021(e)ko irailaren 07(a) 15:22

Bizkaiak 861.557 euroko laguntza eman du toki- eta eskualde-erakundeek sustatutako turismo-garapeneko 86 proiektu burutzeko

Ekonomia Sustatzeko Saila

Laguntzak ekimen horiek garatzeko behar den guztizko zenbatekoaren % 64 estaltzen dute, eta aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da. Zenbateko handiena profesionalak zuzenean kontratatuz edo laguntza teknikoaren bidez Bizkaiko udal eta eskualde guztietan turismoa garatzen lan egiten duten erakunde hauen egitura indartzeko erabiltzen da eta txangozaleei zuzendutako bisitak egiteko eskaintza sustatzeko proiektuak dira dirulaguntza jaso duten ekimenen multzorik handiena. Aurten, halaber, nabarmentzekoa da aurreko urteekin alderatuta gora egin duela ekimen berritzaileekin eta/edo digitalizazioa sustatzen dutenekin lotutako diruz lagundutako proiektuen kopuruak.

Bizkaiko Foru Aldundiak 861.557 eurorekin finantzatzen du aurten gure lurraldeko toki- eta eskualde-erakundeek sustatutako helmugako 86 turismo-garapeneko proiektu abian jartzea. Ekimen hori destinoa garatzeko laguntzen programaren bidez gauzatzen du eta, horrela, besteak beste, diruz lagunduko dira honako gai hauekin lotutako ekimenak:  lurraldeko baliabide turistikoen balioa nabarmentzea; bisitarientzako arreta hobetzea; sektorea profesionalizatzea prestakuntza praktikoaren eta topaketa profesionalen bidez;  edo proiektu berritzaileak garatzea eta destinoa digitalizatzea ekarriko duten proiektuak bultzatzea. Laguntza hauen helburua destinoko turismo-garapena sustatzea eta Bizkaia osoan turismo-esperientziaren bikaintasunari eustea da, eta proiektuen guztizko zenbatekoaren % 64 ordainduko dute 1,3 milioi euroko aurrekontuarekin.

Laguntza hauen funts gehienak (258.140 euro) profesionalak zuzenean kontratatuz edo laguntza teknikoaren bidez eskualdeko eta tokiko erakundeen egitura indartzearekin lotutako ekimenetara bideratuko dira. Azpimarratzekoa da, halaber, proiektu berritzaileetara eta/edo Bizkaiko destinoaren eta sektore turistikoaren digitalizazioa sustatzen duten proiektuetara bideratutako aurrekontu-gehikuntza, arlo horretarako 153.100 euroko munta dagoelako (2020an baino 41.417 euro gehiago); horren barruan sartzen diren ekimenen artean daude, adibidez, web orrien bidezko sustapena eta merkaturatzea, sare sozialak eta turismoa sustatzeko kanpainak garatzea gure lurraldeko eskualdeetan, bai eta turismo jasangarriarekin lotutako proiektuak ere.

Diruz lagundutako ekimenen artean ugarienak (30) txangozaleei zuzendutako bisitak egiteko eskaintza sustatzera bideratzen direnak dira, gure lurraldearen kostaldean eta barnealdean publiko guztiarentzat egiteko moduko hainbat esperientzia eta jarduerarekin: oinez egiteko ibilbide autogidatuak, zaldi gainean egin daitezkeen ibilbideak, mugikorrean, erlojuan edo GPSan deskarga daitezkeen ibilbideak bizikletaz; edo enoturismoaren eta gastronomiaren arloko jarduerak, era horien guztien  bidez, turistek tokiko produktuen elaborazio-prozesuak ezagutu ditzakete, besteak beste.