2021(e)ko uztailaren 28(a) 12:16

Zaharberritu ondoren Hondartzako Zubia Ondarroara itzuli da

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Ondarroako Hondartzako Zubia (Plaiko Zubixe) 1927koa da eta munduan kontserbatzen den zubi birakari bakarrenetakoa da. Aldundiak 1,3 milioi euro inbertitu ditu korrosioak kaltetutako metalezko egitura zaharberritzeko eta zubiko euskarriak birkokatzeko. Behin jatorrizko tokian jarrita datozen asteetan azken doikuntzak egingo dituzte martxan jartzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak berriz ere bere jatorrizko tokian jarri du Ondarroako zubi birakaria, egitura metalikoa, biratzeko mekanismoak eta oinarriak birgaitzeko lanak amaitu ondoren. Pasabidea, beraz, zaharberritze-prozesu konplexua egiteko bere tokitik kendu eta bi urtera jarri da berriz bere betiko lekuan; tarte horretan korrosioak larriki eraginda zeuden altzairuzko pieza originalak lehengoratu edo erreplikatu egin dira, artisau-tekniken bidez. Era berean, harrizko eta hormigoizko bi zutabeak birkokatu eta birjartzeko ere esku-hartu da, elementu horiek finkatze-arazoak baitzituzten.

Ondarroako zubi birakaria zaharberritzeko, Aldundiak 1.296.530 euro inbertitu ditu, 847.541 euro egitura metalikoa birgaitzeko eta 448.989 euro zutabeak birkokatzeko.

Zubia azken egokitzapenak egin ondoren jarriko da martxan

Metalezko pasabidearen bi piezak Carreñoko (Asturias) tailer batean zaharberritu dira. Zubiaren neurriak eta pisua direla-eta, bakoitzak gutxi gorabehera 23 metroko luzera eta 14 tonako pisua du, garraio berezi bana erabili da Ondarroara ekartzeko.

Hormigoizko zutabeetan jarritako biraketa-mekanismoen gainean piezak jartzea itsasadarraren bi ertzetatik garabiekin egindako doikuntza milimetrikoaren ostean. Pasabidea martxan jartzeko datozen asteetan barandak edo egurrezko taulak bezalako elementuak instalatuko dira, bi ertzetako urbanizazioa osatuko da eta biratzeko mekanismoaren azken doikuntzak eta probak egingo dira.

Egindako lanak

Zubi birakaria edo hondartzako zubia (plaiko zubixe) 1927an eraiki zen, eta Kultura Ondasun gisa katalogatuta dago, monumentu kategoriarekin Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian. Munduan kontserbatzen den bere tipologiako zubi bakarrenetakoa da. Zati metalikoak korrosioaren eraginpean zeudenez, 2019ko ekainean Aldundiak birgaitzeari ekin zion, hau da, altzairuzko piezak artisau tekniken bidez berreskuratu edo erreplikatu zituen. Halaber, harrizko eta hormigoizko bi zutabeak birkokatu eta birjartzeko ere esku hartu dute, asentu arazoak baitzituzten.

  • Egitura metalikoa zaharberritzea

    Bi zatik osatzen dute egitura metalikoa, eta bakoitzak bere erara biratzen du. Jatorrizko piezak altzairuzkoak ziren, eta narriadura egoera handian zeuden korrosioagatik; hori dela eta, 2016an itxi egin zuten pasabidea. 2019ko ekainean desmuntatu ondoren, lantegian lan egin da aprobetxatu zitezkeen jatorrizko piezak berreskuratzeko; hala, zurrustaz tratatu dira oxidoa kentzeko eta ondoren garbitzeko eta pintatzeko.

    Berreskuratu ezin izan diren piezak artisau teknika eta prozedurak erabiliz erreplikatu dira, gaur egungo eraikuntza modernoan erabiliko zirenen guztiz bestelakoak. Jatorrizko egituran bezala, erreplikak ere altzairuzkoak dira.

    Egitura metalikoa zaharberritzeko lanak 2020ko abenduan amaitu ziren eta ondoren kolore berde eta beltzez pintatu ziren.

  • Biratzeko mekanismoak zaharberritzea

    Biratzeko mekanismoak zutabe bakoitzaren gainean daude, eta kremailera biribil batean oinarritzen dira. Kremailera horren gainean pinoi bat mugitzen da. Pasabidearen historian zehar, mekanismo hau sistema elektriko eta eskuzkoekin erabili izan da. Birgaitu ostean, jarritako sistema eskuzkoa izango da, jatorrian zuen sistema, hain zuzen.

  • Zubiaren oinarriak birkokatzea eta asentatzea

    Birgaitze lanen funtsezko alderdi bat pasabideari eusten dioten harrizko eta hormigoizko zutabeen gainean jardutea izan da; jatorrian, itsasadarraren hondarrezko hondoan asentatzen ziren, lur ezegonkor batean, Artibai eta itsasaldien ur-korronteen mende. Hori dela eta, bi zutabeak jatorrizko posiziotik aldenduta zeuden; ezkerreko zutabea 40 zentimetro inguru mugitu zen itsasadarraren barrualdera, eta eskuinekoak 4 zentimetroko okerdura zuen. Bi fenomenoak ez ziren agertu pasabidea desmuntatu arte, honek tirante lana egiten baitzuen, zutabeak bere tokian mantenduz.

    Zutabeak jatorrizko geometriara eta kokapenera itzultzeko, mikropiloteen bidez arrokazko hondora finkatu dira, beste desplazamendurik edo balantzarik ez egiteko, eta pasabidearen kargak arroka substratura transmititzeko. 2020ko azaroan hasi ziren lan horiek, eta iragan maiatzean amaitu.


Argazkiak


Bideoak


Audioak