2021(e)ko uztailaren 27(a) 09:30

Foru Aldundiak Lurgorri pasealekua ireki du berriro Gaztelugatxe eta Bermeo artean, inguruko lurra egonkortzeko obra amaitu ostean

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak mendi-hegala egonkortzeko eta zorua hobetzeko lanak amaitu ditu. Irlatxoa eta ermitara sartzeko gunea itxita egongo da udazken honetara arte, lurra gehiago ez mugitzeko lanak amaitu arte.

Bizkaiko Foru Aldundiak mendi-hegala egonkortzeko eta azken asteetan Ermu eta Lurgorri arteko zatian zorua hobetzeko egiten ziharduen lanak amaitu ditu. Horrela, gaurtik aurrera Gaztelugatxe eta Bermeo lotzen dituen bide hori egin ahal izango da, baina babestutako gune hori bisitatzeko ibilbideak Urizarreta eta Ermu arteko ibilbide zirkularra eta noranzko bakarrekoa izango da soilik.

Zati horretan egindako lanak bat datoz bisitarien segurtasuna bermatzeko ezarritakoekin. Izan ere, azterketa bat egin zuen geologo talde batek Gaztelugatxen joan den urtarrilean izandako lur-jausiaren arrazoiak zehazteko eta etorkizunean enklabe osoan lur-mugimenduak saihesten saiatzeko.

Azterketa horrek biotopo babestu osoaren sektorizazioa ezarri zuen, sektore bakoitzak zuen ezegonkortasun-mailaren arabera, publikoarentzako irekiera progresiboa egiteko.  Ireki zen lehenengo zatia Urizarreta-Ermu izan zen, joan den uztailaren 1ean, eta une honetan, lur-jausia gertatu zen uhartetxora eta ermitara sartzeko pasabidea baino ez da geratzen.  Azken sarbide hori udazken hasieran egin ahal izango da.

Uhartera sartzeko eremuan egin diren eta egingo diren obrak hiru sektore horietako bakoitzaren arazoak kontuan hartuta diseinatu dira, Gaztelugatxera joaten diren pertsonen segurtasuna bermatzeko.  Hartu diren eta hartzeko dauden neurrien artean ditugu hesiak jartzea, hainbat eremu hesitzea edo higadura-eremuak babestea.  Lur-jausia gertatu zen eremuaren kasuan, halaber, kabaloi egonkortzaile bat jarriko da, bai eta hiru metroko altuerako hesiak ere, kabaloiaren gainean sarez indartuta.

Jarduera horiek guztiak definitu dira kontuan hartuta paisaian integratu behar direla, bigunak edo inpaktu gutxikoak izan behar dutela, moldagarriak eta ezegonkortasunaren bilakaerara egokitzeko modukoak.  Era berean, lehentasuna eman zaie inguruko bideetatik makina astunak ahalik eta gutxien ibiltzeko irtenbideei.

Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko sarbide guztiak berriro irekitzeko egingo duen inbertsioa milioi erdi eurokoa izango da.

Neurri zuzentzaile horiek hartzearekin batera, Gaztelugatxeko mendi-hegal osoaren egonkortasunaren etengabeko jarraipena egitea erabaki du foru-erakundeak. Horretarako, sentsoreak jarriko ditu, lur-mugimendu berririk gertatzen den zehazteko eta Matxitxakoko estazio meteorologikoan prezipitazio-erregistroak kontsultatzeko, eta, beharrezkoa izanez gero, segurtasun-neurriak hartu ahal izango ditu.

Bisitarien fluxua erregulatzeko, tiketing sistema eta sarrera kontrolak mantenduko dira, luizia gertatu aurretik abian jarritakoak, alegia.  Ildo beretik, eta osasun-agintariek ezarritako COVID-19aren aurkako babes-neurriak betetzen direla bermatzeko, egunean 960 pertsonako muga mantenduko da, baita Urizarretatik sartu eta Ermutik irteten den ibilbide zirkularra ere.


Bideoak


Audioak