2021(e)ko uztailaren 15(a) 10:30

Ertibil Bizkaiaren 39. edizioa Rekalde Aretoan abiaraziko da 18 artistaren obrekin

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bilboko Rekalde Aretoan hasiko den erakusketa ibiltaria Sestao, Elorrio, Balmaseda eta Barakaldotik igaroko da. Ertibil Bizkaia 2021 lehiaketako lehenengo saria Iñigo Varona Sánchezentzako da, ‘Ocharcoaga’ obrarengatik; bigarren saria Nora Aurrekoetxea Etxebarriarentzako, ‘Diki 2’ obrarengatik; eta hirugarrena Natalia Suárez Ortiz de Záraterentzako, ‘crema’ obrarengatik.

Ertibil 2021 aurkezpena

Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Ertibil Bizkaia 2021 edizioko artistekin batera, gorabidean dauden 18 artistaren obren erakusketa ibiltari berri bat aurkeztu du Rekalde Aretoan.

ERTIBIL BIZKAIA ikusmen-arteen erakusketa ibiltariak, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatua, Bilboko Rekalde Aretoan hasi du bere ibilbidea eta gero Sestao, Elorrio eta Balmasedatik igaroko da, 2022ko urtarrilaren 7an Barakaldoko erakusketen udal-aretoan amaitzeko.

ERTIBIL BIZKAIA 2021 edizioan honako hauek saritu dira: Iñigo Varona Sánchez, Nora Aurrekoetxea eta Natalia Suárez Ortiz de Zárate. Aurtengo taldea beste hamabost artistak osatzen dute: Andrea Aguilera & Jaime Gutiérrez - Maider Aldasoro Diaz - Miren Barrena Rebe - Detrito - Mar de Dios - Garazi Etxebarria Azurmendi - Roberto Freire - Tana Garrido - Maider Gonzalo Salceda - Nora Goyalde - Izaro Ieregi González - Dogartzi Magunagoicoechea - Oihane Sánchez Duro  -Amaya Suberviola - Imagen 34 María del Mar Torre.

1983an lehenengo edizioa egin zenetik, ERTIBILek beren sorkuntza-lana Bizkaian garatzen duten eta gorabidean dauden artistak babestu eta bultzatu nahi ditu.

39. edizio honetan, teknika eta espezialitate guztietako 138 sortzailek hartu dute parte 192 lanekin, eta horien artean erakusketa hau osatzen duten hemezortzi obra aukeratu dira.

Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak azaldu duen bezala: "ERTIBILen inguruan hitz egitea Bizkaiaren gaitasunaren inguruan eta Artearen inguruan hitz egitea da. Ikusmen-arteen esparruan eskarmentu handiko proiektu bat delako, gazte sortzaileen espektro artistikoaren alderdirik berritzaile eta sortzaileena barne hartzen baitu. Ikusmen-arteen erakusketa ibiltaria 39. ediziora iritsi da, gaur egungo sorkuntzari ematen zaion bultzadaren tenperatura neurtzeko aukera eskaintzen duen proiektu finkatu gisa.

Aurten, ERTIBIL BIZKAIA ez da COVID-19ak eragindako egoeratik kanpo egon eta horregatik atzeratu dira 2022ra Japonian egin ohi diren egonaldi artistikoak (lehiaketako irabazleen saria).

Epaimahaia honako hauek osatu dute: Helena Goñi, Ertibil Bizkaia 2020 edizioko artista irabazlea; Miriam Alzuri, Bilboko Arte Ederren Museoko kontserbatzailea; eta Jaime Cuenca eta Peio Aguirre, arte-kritikariak. Peio Aguirre, gainera, erakusketaren harira editatu den liburuko testuen autorea da.

Edizio honetan, Rekalde Aretoak lankidetzan jarraitu du Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Graduko ikasleekin. Gestión de patrimonio, exposición y registro / Kultura Ondareen Kontserbazio eta Zaharberritzeari buruzko Gradua. Ondare kudeaketa, erakusketa eta erregistroa. Gainera, horietako hiruk, Ana Amador, Miren Oteros eta Iker Suinagak, lehenengo aldiz hartu dute parte aktiboki Ertibil Bizkaia 2021 edizioaren garapen osoan eta erakusketaren seinaleztapenean eta hedapenean ikus daitezkeen ideia berriak ekarri dituzte.

Ertibil Bizkaia 2021 ibilbidea

Bilboko Rekalde Aretoan hasiko da uztailaren 15ean eta bertan mantenduko da urriaren 12ra arte. Gero, Sestaoko Erakusketen Aretoan jarriko da ikusgai urriaren 13tik azaroaren 4ra bitartean, eta gero Elorrioko Iturri Kultur Etxean azaroaren 5etik 19ra bitartean. Hurrengo geltokia Balmasedako Horkasitas Jauregia izango da, bertan, erakusketa azaroaren 20tik abenduaren 13ra bitartean egongo da ikusgai. Azkenik, Ertibil Bizkaia 2021 Barakaldoko Erakusketen Udal Aretora iritsiko da abenduaren 14an, eta bertan izango da 2022ko urtarrilaren 7ra arte.

Ertibil Bizkaia jarduerak Rekalde Aretoan

LANTEGIA UDAN [5-12] 2021eko uztailaren 27, 28, 29 eta 30a

4 saiotan zehar, publikorik gazteenak Ertibil Bizkaia proposamen artistikoak begiztatuko ditu eta gaur egungo praktika artistikoen inguruan lan egin ahalko du.

BISITA IRUZKINDUNAK aldez aurreko hitzorduarekin finkaturiko taldeentzako.

ECOS #36 ECOS bitartekaritza sortzailearen proiektu bat da. Rekalde Aretoko erakusketa nagusiekin loturiko ikus-entzunezkoen aukeraketa bat botako dugu, horiek berriro entzuteko, ahots berrien bitartez.

LANTEGIA FAMILIAN [3-11 ] 2021eko iraila. Berriro ekingo diogu familientzako zuzendutako programazioari. Artearekin, arkitekturarekin eta irakurketarekin jolasteko jarduerak.

TOPAKETAK ARTISTEKIN 2021eko iraila. Erakusketan jarri diren obren funtsezko kontzeptuak ezagutuko ditugu Ertibil Bizkaian parte hartu duten artisten eskutik.

*Informazio gehiago eskuratzeko eta izena emateko: 944068532 edo salarekalde@bizkaia.eus

Ertibil Bizkaia 2021 artistak

1. saria

IÑIGO VARONA SÁNCHEZ (Valladolid, 1988)

Ocharcoaga, 2021

Askotariko elementuen bitartez (eskultura, zeramika eta prentsako agiriak), Iñigo Varonak Otxarkoagako gizarte etxeen eraikuntza proiektua azaldu du; Bilboko auzo hori aldiria izan zen bere garaian, eta orain, arkitekturarako laborategia da. (…) Artistak egungo Bilboko arkitektura eta hirigintza erakuntza-eraldaketa prozesuei buruz hausnartzen du, zeintzuen memoria ezabatu egin zen asimilatutako eta neutralizatutako industrializazio garaiaren ondorengo paisaian.

2. saria

NORA AURRECOECHEA (Bilbao, 1989)

Biki 2, 2020

Nora Aurrekoetxeak eskultura eta testua, ahozko eta idatzizko hitzak, askotariko esanahiak eta etimologiak maite ditu. Diki 2 pieza formalista da eta eraikuntzarekin lotutako zementua, erretxina eta burdin korrugatuko barra erabili ditu artistak. (…)Bere obran, pentsamendua, sentimenduak eta ekintza egitura ahul batean kapsulatuta geratzen dira, zeinak ingurua, arkitektura eta apaindura ukitzen dituen. Nolabaiteko "bira performatiboa" (edo performative turn) eskulturaren hizkerara eramanda ekintza garaikidea sortzen da, goraka doazen diskurtsoekin eta joerekin lerrokatuta dagoena.

3. saria

NATALIA SUAREZ ORTIZ DE ZÁRATE (Vitoria-Gasteiz, 1984)

Crema, 2020

Natalia Suarez pinturaren hizkuntzarekin konprometituta dago. Atxikipen diziplinar hori beti da etengabeko zalantza eta aldi berean, bitartekoaren berrespen jarraitua. Margotzea xede eta kokapen gisa. Marrazketaren izaera primarioak siluetak antzematen ditu, zeintzuek eduki arinki figuratiboa gehitzen duten; zirko metafisikoa, eszenografia eta askotariko emanaldia lerro eta karaktereen baturaren inguruan antolatuta.

Andrea Aguilera & Jaime Gutiérrez (Bilbao, 1997 & 1994)

Trazas de Ronda artista batek eta arkitekto batek elkarrekin egindako lanaren emaitza gisa sortutako argazki sorta da. Izenburuak espazio bati erreferentzia egiten dio, Erronda kaleko etxe bati, zeinarekin egileek belaunaldi loturako harreman estua duten. Etxe historikoa da, 1905ean eraiki zutena, eta bertan bizi izan dira belaunaldi eta familia asko.

Maider Aldasoro Diaz (México, 1992)

Metal Andoni Jugator izenburuarekin, Maider Aldasorok lan sinplea eta zuzena egin du: serigrafiatutako neska gazte baten irudia burdinazko plantxa edo xafla baten gainean. Euskarriaren gogortasunak garai bateko arte minimalistak eskubide osoz azalera industrialak eduki bihurtzeko erabilitako modua gogorarazten du.

Miren Barrena Rebe (Donostia, 1986)

Miren Barrenaren lana nagusiki eskultorikoa da. Igeltsuarekin eta aurkitutako objektuekin mundu materiala eta gizakien anatomia adierazten ditu. Homezinema bere burua erdigunetzat hartzen duen bideo laburra da. Egungo pandemiaren ondorioz ezarritako konfinamenduan grabatu zuen, eta, zati batean, gizarte isolamendu egoerari emandako erantzuna da.

Detrito (Bogotá, 1989)

Detrito Bilbon bizi den Juan Camilo Briceño izeneko artista kolonbiarraren izen artistikoa da. Besteak beste, collagea eta fotomuntaketa dira ohiko moduan erabiltzen dituen tresnetako batzuk gizarte kritikaz, koldarkeriaz eta umoreaz sortutako parodiak sortzeko. Testimonio izeneko bideoan ikonoklastia erabili du eliza katolikoaren, bere dogmen eta moral bikoitzaren aurkako jarrera (pertsonala eta artista gisa) azaltzeko.

Mar de Dios (Barakaldo, 1992)

Zeramikatik abiatuta, Mar de Dios objektu eskultoriko buru askearen autonomiaren eta askotan objektuek lanpara edo ontzi gisa erabiltzen direnean duten ustezko funtzio aplikatuaren artean borrokan ari da. Modu horretan, artista ideia ibilgailu bihurtutako egunerokotasuneko objektuen poetikan barneratzen da. Forma desioa gertatzen da, materia zeramikoari buruzko egite arduratsua.

Garazi Etxebarria Azurmendi (Galdakao, 1996)

Garazi Etxebarriaren lana hasiera batean antagonikoak diren bi mundu estetikok talka egitean sortzen da: espresionismo abstraktua eta graffitia. Artistak bi munduen arteko substratu komuna aztertzen du. Bere margolanetan eta hiriko esku-hartzeetan lerroa, trazua, keinuak eta Ipar Amerikako espresionismo abstraktuko color field edo "kolore eremuak" esploratzen ditu.

Roberto Freire (Tudela, 1992)

Bere lanean, gure bizitzak menderatzen dituen kontsumismoa jorratzen du. Produktuen bizitza zaharkitze programatuaren bidez zehaztuta dago, eta horrela, hondakin kantitate izugarriak sortzen dira. Hondakin horien kudeaketa eta horiei berriz ere esangura ematea artistaren interesguneetako bat da; balioen sistema zalantzan jartzea, ez bakarrik maila etikoan, materialean baita ere. Rent Gapek kontsumismoa eta "balioa" bezalako kontzeptuen garrantzia kritikatzen du.

Tana Garrido (Tarragona, 1989)

Se vende oroitzapenak eta belaunaldiak biltzen dituen familia baten etxearen salmenta iragartzen duen kartela da. Ez bakarrik objektuak eta argazkiak, baita ere sentsazioak, usainak, bizipenak. Artistak dokumentalen eta ikus-entzunezkoen hizkuntza erabili du bere familiari buruzko bideoa sortzeko.

Maider Gonzalo Salceda (Erandio, 1994)

Ikusgarritasun garaikidea Interneten dauden irudien ugaritasunak zeharkatzen du. Instagram milioika argazki jasotzen dituen biltegia bihurtu da, eta horiek aurretiaz snap photoak (argazkigintza ustekabekoa edo amateurra) zuen lekua usurpatu dute. Maider Salcedoren bideoek pop irudien eta niaren exhibizionismo lotsatiaren azpimundu hori erakusten dute.

Nora Goyalde (Donostia, 1998)

Nora Goyaldek pinturan oinarrituta lan egiten du. Beste bitarteko bat aukeratzen duenean, adibidez bideoa edo ordenagailua, sorkuntza prozesua bitarteko piktorikoaren eraginpean egoten da. Zuloberde, paradoxikoki, pinturarik gabeko margolana da. Hasiera batean eskulana ematen duen diptiko bat.

Izaro Ieregi González (Algorta, 1987)

Bere lana formalizatzean, Izaro Ieregi gorputzaren (norberarena eta besteena) presentziari erreferentzia egiten dioten objektuetan eta irudietan oinarritzen da. (…) Erregistro teknikoa kanala eta bere baitako bukaera bihurtzen da. Performance horiek testuinguru afektiboa adierazten dute, bestearen maitasun bilaketari buruz hitz egiten diguten harremanak.

Dogartzi Magunagoicoechea (Bilbao, 1991)

Argazkien izenburuak -Red- esanahien anbiguotasunarekin jokatzen du. Red, gorria ingelesez; diskotekan edo argazkiak errebelatzeko gelan azala kolore horrekin margotzen duen argia. Red gaztelaniaz, sarea edo bilbea; sareetan (sozialak edo zeinuez osatutakoak) ezkutatutako gorputz biluzia sartzeko erretikula.

Oihane Sánchez Duro (Sestao, 1991)

Ohiane Sánchez Durok lan horietan fikziozko espekulazioaren eta praktika artistikoaren arteko lotura ezartzen du. Forma bigunak eta iradokitzaileak diseinatzen ditu, fikziozko potentziala, utopikoa azaleratu lezaketen haziak. Horrelako diseinuak artistic researchen edo ikerketa artistikoan oinarritutako imajinagintza propioa sortzeko balio du.

Amaya Suberviola (Mendavia, 1993)

Pantallas izenburuarekin, artistak ordenagailu bateko pantailaren barnean leiho ezberdinen bidez irudiak sortzeko metodoa landu du. Gaur egun, gure "idazmahaiak" Mac-aren pantaila txiki hori besterik ez dira, eta bertan informazioa metatzen dugu eta askotariko pantailekin edo irekitako, handitutako edo txikitutako leihoekin modu paraleloan lan egiten dugu.

Imagen 34  María del Mar Torre (Velilla del Río Carrión, 1993)

Artistak, lan hauetan eskulturaren, modaren eta kultura gaztearen arteko lotura ezartzen du. Teknika nagusia transfer delakoa da, hau da, gaininprimaketa edo estanpazioa argazki irudien ehunaren gainean. Tabakaleran erresidentzia artistikoa egin zuen 2017an, eta moda desfile bat antolatu zuen eta bilduma egiteko prozesuen erregistroen oinarriak selfiak eta lagunekin egindako lanak izan ziren.


Argazkiak


Bideoak


Audioak