2021(e)ko uztailaren 12(a) 13:02

BI-633 Markina-Berriatua errepidean Plazakolako lotunea hobetzeko obrak uztailaren 22an amaituko dira

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saila

Semaforoa astearte honetan bertan kenduko da. Jarduera hau bereziki konplexua izan da, Plazakolako zubi historikoa handitu behar izan baita. Egindako lanei esker, ikusgarritasun murritza zuen eta zubiko zati batzuetan bi ibilgailu astun gurutzatzea eragozten zuen trazadura hobetu ahal izan da.

Plazakola

Markina eta Berriatua arteko BI-633 errepidea hobetzeko obrak uztailaren 22an amaituko dira, hilabeteetan lanean aritu ostean. Astebete lehenago, jarduera konplexu honek iraun duen bitartean trafikoa erregulatzen aritu den semaforoa kenduko da. Jarduera hau garrantzitsua izan da, ia 2 kilometroko errepide tarte honetan ikusgarritasuna murritza baitzen eta bazterrik gabea. Tarte batzuetan, gainera, ez zegoen leku nahikorik bi ibilgailu astun gurutzatu ahal izateko.

Jarduera honek zailtasun bat gehiago ere gainditu behar izan du, Plazakolako zubi historikoa handitzean. Horretarako, hasiera batean zubiaren kanpoko perimetroa berrezarri behar izan da, eta, ondoren, altzairuzko habezko egitura misto batekin handitu. Era berean, zubia baino lehen (Berriatua noranzkoan) hegalak eraiki dira, plataforma handitu ahal izateko, errepidearen azpitik pasatzen den ur-kanalean eragin gabe.

Obrak bi urteko iraupena izan du, eta, horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Sailak 4,2 milioi euroko inbertsioa egin du.

1.700 metroko trazaduran zehar, plataforma handitu egin da, mozketak eta betelanak eginez. Aldaketa horiek inguruan integratuta egongo dira, landaretzaren bidez. Tartearen amaieran, Berritua inguruan, espaloi bat egin da, Berrituan dagoen espaloia Amaioako bidegurutzearekin lotzeko.

Sarbideak berrantolatu, autobus geltokiak hobetu eta bidegurutzeak optimizatu dira, kasu batzuetan norabidea aldatzeko ere erabilgarriak izan daitezen. Azkenik, eusteko, seinaleztatzeko eta balizatzeko sistemak egokitu eta hobetu dira.


Argazkiak