2021(e)ko ekainaren 25(a) 10:00

Bizkaiak 2 milioi euro emango ditu desgaitasuna duten pertsonentzako aisialdiko eta atsedeneko programetarako

Gizarte Ekintzako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak programa horiek finantzatzea gizarte-zerbitzuak "ezinbesteko" tresna gisa mantentzeko konpromisoaren barruan sartzen da, desgaitasunen bat duten lurraldeko pertsonen eta haien familien aisialdi inklusiboa eta atsedengunea bermatzeko xedez.

Bizkaiko Foru Aldundiak 1.927.000 eurorekin finantzatzen ditu aurten aisialdiko eta atsedeneko zortzi programa, hirugarren sektore sozialeko erakundeek Bizkaiko desgaituentzat garatutakoak eta haien familientzat. Programa horien barruan sartzen dira udalekuak, asteburuetako irteerak, eguneko txangoak, egonaldiak eta desgaitasuna duten pertsonentzako banakako laguntza-ekintzak.

Premisa hori aintzat hartuta, Gorabide adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Bizkaiko elkarteak 465.000 euro jasoko ditu; APNABI autismoa eta autismoaren alorreko beste nahasmendu batzuk dituzten Bizkaiko gurasoen elkarteak 324.000 euro jasoko ditu; FEKOOR Gutxitasun fisikoa edo/eta organikoa duten Bizkaiko pertsonen federazio koordinatzaileak 203.000 euro; Euskal Autonomia Erkidegoko Down Sindromea Fundazioak 228.000 euro jasoko ditu, eta Gaude elkarteak, berriz, 331.000 euro. Era berean, ASPACE garuneko paralisia duten pertsonei laguntzeko Bizkaiko elkarteak 227.000 euro jasoko ditu, eta AVIFES buruko gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Bizkaiko elkarteak, berriz, 110.000 euro. Azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak 39.000 euro emango ditu aurten Geu Be behar bereziak dituzten familien elkarteak antolatzen dituen jardueretarako.

Aisialdiko eta atsedeneko programak gizarteratzeko funtsezko tresna dira, bai desgaitasuna duten pertsonentzat, bai haien familientzat. Programa horien berariazko laguntzei esker, desgaitasunen bat duten pertsonek gure lurraldeko aisialdi, kultura eta natura alorretako baliabideez gozatu eta horietan parte har dezakete, horiek komunitatean erabat sar daitezen sustatuz. Aldi berean, atsedenerako formula bihurtzen dira familientzat, zaintzaileari bere zereginaren ordu edo egun batzuetan atseden hartzeko aukera ematen diotelako, bere bizi-kalitatea ere hobetuz.

Programa horiek guztiak Foru Erakundearen eta desgaitasunaren arloko Hirugarren Sektore Sozialaren arteko lankidetzan garatzen dira, eta desgaitasunen bat duten pertsonak eta haien familiak erabateko partaide bilakatzen dira aisialdi eta denbora libre inklusiboari buruzko erantzunei dagokienez.