2021(e)ko ekainaren 16(a) 13:00

Rementeria eta Galan bat datoz Global Smart Grids Innovation Hub-en aurrerapen eta akordioekin

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea - Ahaldun Nagusia

Iberdrolaren zentroak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera sustaturik, talentua eta berrikuntza erakartzeko gune bat sortuko du hornitzaile, laguntzaile eta startup-ekin, honako jarduera hauek lantze aldera: sareen digitalizazioa, material berriztagarrien integrazioa, ibilgailu elektrikoen hedapena eta energia biltegiratzeko sistemak. Biek ala biek berrikuntzan eta sareetan inbertitzen jarraitu behar dutela uste dute, trantsizio energetikoa bizkortzeko eta Euskadin ekonomia bultzatzeko. Konpainiak Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren motor gisa jarduten jarraituko du, halako moldez non 15.000 milioiko inpaktu sozioekonomikoa izango baitu 2020tik 2025era bitartean, tokiko balio-kateari aukerak eskainiz material berriztagarrietan, biltegiratze arloan, sareetan eta teknologia berrietan, hala nola hidrogeno berdean.

Ignacio Galán eta Unai Rementeria

Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeria eta Iberdrolako presidente Ignacio Galan Foru Jauregian bildu dira gaur goizean, Bilbon egoitza duen Global Smart Grids Innovation Hub erakundearen aurrerapenak eta akordioak partekatze aldera. Iberdrolako presidenteak berretsi egin dio Ahaldun Nagusiari energia eredu berri baterako trantsizioa gidatzeko apustu irmoa egin duela, elektrifikazioan eta material berriztagarri gehiago sartzea oinarri hartuz, baita banaketa elektrikoaren arloko sareetan berrikuntzak egiten jarraitzeko beharra ere, trantsizio hori ahalbidetzeko eta ekonomia eta enplegua suspertzeko.

Galanek sareen azpiegiturak plataforma sendo, malgu eta adimentsu bihurtzen jarraitzeko aukera partekatu du Rementeriarekin, sistema elektrikoaren elektrifikazioaren erronkei eta erabakitzeko eta konektatzeko gaitasun handiagoa duen herritarrei egokiro erantzuteko.

I+G+b eta tokiko eta nazioarteko talentua bultzatzen duen plataforma

Galanen aburuz, eraldaketa horrek berrikuntzaren arloan jarri behar du indarra, hots, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak ere partekatzen duen eremu horretan. Bilbon Iberdrolaren Global Smart Grids Innovation Hub sortu zenean gauzatu zen eraldaketa-indar hori.

Zentroa -udazken honetan jarriko da abian- sareei aplikatzen zaion berrikuntzaren arloan erreferentzia bihurtzeko helburuarekin sortu da, eta I+G+b eta tokiko eta nazioarteko talentua bultzatzen dituen plataforma gisa jardungo du, konpainiaren gaitasun teknologikoa bazkide estrategiko globalekin eta munduko hornitzaile, unibertsitate eta startup-en lankidetza-ekosistema zabal batekin uztartuz.

Duela gutxi, Iberdrolak akordioak erdietsi ditu 30 bazkide teknologikorekin (horietako asko euskaldunak dira) sareak digitalizatzeko sistemak garatzeko, material berriztagarriak integratzeko, ibilgailu elektrikoak hedatzeko eta energia biltegiratzeko sistemak ezartzeko.

Sare adimendunen hub horrek berrikuntza-proiektuak garatzeko 200 profesional baino gehiagoren potentziala bilduko du, eta Europako, Amerikako eta Ekialde Ertaineko herrialdeetara bideratuko ditu bere jarduerak; hain zuzen ere, dagoeneko 120 berrikuntza-proiektu baino gehiago identifikatu ditu etorkizuneko garapenerako, 110 milioi euroko balioarekin.

Global Smart Grids Innovation Hub-ek ezagutzaren transferentzia sustatuko du beken eta graduondokoen bidez; enpresa-garapenerako katalizatzaile gisa balioko du, inkubazio-programen eta startup-ak azeleratzearen bidez; bestalde, adimen lehiakorreko jarduerak aktibatuko ditu, hala nola konferentzia globalen diseinua.

Bizkaiko Foru Aldundia lankidetzan ari da ekimen honetan, Iberdrolaren ekosistemaren eta foru erakundeak garatutako berrikuntzarako zerga-mekanismoen eta startup-en finkapena bizkortzeko tresnen arteko elkarreragina erraztuz. Berrikuntzaren arloko hub hori Biscay Startup Bay estrategiarekin loturik dago; izan ere, Bizkaia dorrean instalatzen diren energia-sektoreko startup-en scaleup leku ere bilakatuko da.

Euskal balio-katea etorkizuneko teknologietan

Bizkaiko Ahaldun Nagusiarekin izandako bileran, Galanek Iberdrolaren jarduerak Euskadin izan duen eragin sozioekonomikoa azaldu du; izan ere, 2020-2025 aldian, asmo handiko inbertsio-planarekin bat eginez, 15.000 milioi eurotik gorakoa izango da. Horrela, Iberdrolaren eginkizuna indartuko da, Euskadiko jarduera-eragile nagusietakoa baita. Trantsizio energetikoaren buru izaten jarraitzeko eta balio-katea bultzatzeko apustu horretan, 2025ean izango den inpaktu ekonomikoaren erdia euskal hornitzaileei egindako erosketen emaitza izango da.

Ildo horri jarraikiz, berrikuntzak eta hidrogeno berdea bezalako teknologia berrien garapenak euskal industriari eskaintzen dizkion aukerak azpimarratu ditu, egungo eta etorkizuneko ekonomia berdearen zati handi bat erabakiko baitute. Iberdrolak Puertollanon (Ciudad Real) garatzen duen hidrogeno berdearen Europako proiekturik handienean Elecnor eta Consonni enpresek parte hartu dutela azpimarratu du. Era berean, Euskadiko hidrogeno berdearen Euskal Yaren gakoak zehaztu ditu; Iberdrolak gidatzen eta euskal erakundeek (besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiak) eta euskal enpresek babesten duen proiektu horrek Gasteizen, Bilbon eta Donostian hidrosorgailuak jartzea sustatzen du, eta hainbestez, tokiko 30 hornitzaileri erosketak egingo lizkieke.

Azkenik, Galanek azaroan Bilbon Iberdrolak antolatuko duen European Roundtable for Industry (ERT) goi-bileraren aurrerapenak jakinarazi dizkio Rementeriari. Elkarteak Europako 60 industria-konpainia nagusietako lehen exekutiboak biltzen ditu.


Argazkiak