2021(e)ko ekainaren 12(a) 09:33

Bizkaiko Foru Aldundiaren kanpaina berria bidegorrien erabilera sustatzeko

Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saila

Miguel Angel Gomez Viarrek, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak

Bidegorrien hiri-sarearen eta hiriarteko sarearen erabilera sustatzeko asmoz, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Foru Sailak ‘Bidegorritu Zaitez - Bidegorrízate’ kanpaina jarri du abian. Lantokira, ikastera edo ohiko beste jarduera batzuetara joateko bizikleta erabiltzea sustatzen duen ekimena da, eta joan-etorri hori, beharrezkoa izanez gero, beste garraio publiko mota batzuekin erraz konbinatu daiteke.

Pandemiaren ondorioz kanpainak garrantzi handiagoa hartzen du, eta bizikleta da egun dagoen garraio-eredurik jasangarriena eta ekologikoena. Bizikletak aukera ematen du pertsonak banakako joan-etorria egiteko, besteekiko segurtasun-distantziari eutsiz. Azken hilabeteetan bizikleta da biztanleriaren artean hazkunderik handiena izaten ari den garraiobidea.

'Bidegorritu Zaitez - Bidegorrízate' kanpainarekin batera, Mugi On aplikazioa eman da ezagutzera. Aplikazio honek bizikleten eta patineteen erabiltzaileei segurtasun-informazioa eta aholku praktikoak ematen dizkie. Aplikazioa doakoa da eta Android nahiz IOSen deskarga daiteke.

Miguel Angel Gomez Viarrek, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak, adierazi duenez, Bizkaian dagoen bidegorri sare zabala eta udalerrien arteko hurbiltasuna direla eta, bizikleta aukera egokiena da zortzi kilometrotik beherako distantziak osatzeko, motordun ibilgailuak ordezkatuz. Gainera, Bizkaiko autobus, metro eta tranbiaren garraio-sareak konbinazio erraza eskaintzen du bizikletarekin zortzi kilometrotik gorako joan-etorrietarako.

Bidegorriak ohiko joan-etorrietan erabiltzeak jasangarritasunari eta ingurumenaren babesari laguntzen dio energia-kontsumo eraginkorrari esker eta, gainera, kutsadura akustikoa gutxitzen du.

Kanpainak 15 egun iraungo du eta offline bitartekoak erabiliko dira, hala nola prentsa orokorra, tokiko prentsa, irratiak eta Bizkaibuseko markesinak, eta aldi berean online publizitatea egingo da, bideoak jarriko dira sare sozialetan eta bannerrak prentsa idatziaren edizio digitaletan eta sare sozialetan, eta merchandising-elementuak kaleratuko dira.


Argazkiak