2021(e)ko ekainaren 09(a) 11:30

Gaztelugatxeko atal bat berriz irekiko da uztailaren 1etik aurrera

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak mendi-hegala egonkortzeko zenbait lan egin ditu eta lehen ibilbide zirkular bat ezarri du Ermu eta Urizarreta artean, lur-jausia gertatu zen eremura iritsi gabe, uda-garaian kokaguneko bisitei berrekin ahal izateko; dena dela, ezingo da penintsulara sartu. Tiketing digitalaren sistema mantenduko da, bai eta enklabe horretarako sarbidea ixtea eragin zuen lur-jausia gertatu aurretik funtzionatzen zuten sarbide-kontrolak ere. Eremu horretan egin beharreko jarduketak kontuan hartuta teknikariek egin dituzten aurreikuspenen arabera, uztailaren amaieran Ermu-Lurgorri tartea berriro ireki ahal izango da, eta udazkenaren hasieran berriro bisitatu ahal izango dira penintsula eta ermita. Teknikariek Gaztelugatxeko jarduketak sektoreka egitea planteatu dute, sektore bakoitzaren arazoaren arabera, eta jarduketa horiek ezegonkortasun-arrisku txikiena zutenetan hasi dituzte. Foru Erakundeak Biotopo Babestu honen hegal osoaren egonkortasunaren etengabeko jarraipena egingo du, etorkizunean beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartu ahal izateko.

Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko Donieneko atal baten irisgarritasuna irekiko du uztailaren 1ean. Irekiera partzial horri esker Biotopo Babestua bisitatzen duten pertsonek ibilbide zirkular bat egin ahal izango dute Urizarreta eta Ermu artean, sarbideak ixtea eragin zuen lur-jausia gertatu zen eremura iritsi gabe, eremu horretan azken hilabeteetan teknikariek egindako azterketan ezarritako segurtasun-neurriak hartu baitira. Bisitarien fluxua erregulatzeko luizia gertatu aurretik funtzionatzen zuten tiketing sistema eta sarrera kontrolak mantenduko dira. Ildo beretik, eta osasun-agintariek ezarritako COVID-19aren aurkako babes-neurriak betetzen direla bermatzeko, egunean 960 pertsonako muga mantenduko da, noranzko bakarreko ibilbidearekin.

Egindako azterketak lur-jausiaren arrazoi gisa jasotzen ditu mendi-mazelaren izaera bera eta aurreko hilabete eta asteetan izandako prezipitazio handiak.  Gainera, Biotopo Babestu osoaren sektorizazioa ezartzen du, esparru horiek duten ezegonkortasun-maila kontuan hartuta; horrela, publikoarentzako berrirekitze progresiboa egin daiteke, arrisku gutxien dagoen eremuetatik hasita eta, era berean, egin beharreko jarduketak plantea daitezke, sektore bakoitzaren problematika kontuan hartuta.

Ildo horretatik, teknikariek sektore horietako bakoitzean behar diren neurriak ezarri dituzte bisitarien segurtasuna bermatu ahal izateko; neurri horien artean, hesiak instalatzea dago; halaber, hainbat eremutan  hesiak jarriko dira, higadura-eremuak babestuko dira edo, lur-jausia gertatu zen eremuan, kabailoi egonkortzaile bat eta hiru metroko altuerako hesiak  jarriko dira, kabailoiaren gainean sare elektrosoldatuz indartuta. Jarduketa horien helburu nagusia Gaztelugatxeko sarbideetatik igarotzen diren pertsonen segurtasuna bermatzea da eta diseinatzerakoan kontuan hartu da paisaian integratu behar direla, hau da, bigunak edo inpaktu gutxikoak izan behar dutela, moldagarriak eta ezegonkortasunaren bilakaerara egokitzeko modukoak. Era berean, inguruko bideetatik makineria astuna ibiltzeak eragindako kalteak arintzeko irtenbideak eta jarduerak lehenetsi dira.

Neurri horiek hartzeak milioi erdi euro inguruko inbertsioa eragingo du.

Irekiko den lehen sektorea egonkortzeko lanak hasi dira dagoeneko, eta laster mugatutako beste bi arloetakoak egingo dira: Ermu eta Lurgorri artean dagoena, ziurrenik uztailaren amaieran irekiko dena, eta penintsulara eta ermitara iristen dena, hau da, luizia gertatu zen lekua; azken hori udazken hasieran bisitatu ahal izango da.

Neurri zuzentzaile horiek hartzearekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko mendi-hegal osoaren egonkortasunaren jarraipen jarraitua egitea erabaki du, lur-mugimendu berririk gertatzen den jakiteko sentsoreak jarriz. Halaber, Matxitxakoko estazio meteorologikoan jasotzen diren prezipitazio-erregistroak kontsultatuko dira, horrela, behar izanez gero, beharrezko segurtasun-neurriak hartu ahal izateko.


Bideoak


Audioak