2021(e)ko ekainaren 09(a) 12:08

Ireki da trantsizio digitalerako eta ekonomia berderako programa berrirako eskaerak aurkezteko epea

Ekonomia Sustatzeko Saila

Programa berriak 4 milioi euroko aurrekontua izango du alor horretako ekimen eraldatzaileei ekiteko. Hain zuzen ere, 5 eta 250 langile arteko enpresei dago zuzenduta, eta 100.000 eurora arteko dirulaguntzak emango dira.

ekonomia-sustatzeko-programak

Esparru digitalean edo ekonomia berdearen alorrean transformazio-proiektu bat jorratu nahi duten Bizkaiko enpresek dagoeneko eskatu ditzakete Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren laguntzen programa berrian jasotako dirulaguntzak.

Programa berriak 4.000.000 euroko aurrekontua izango du 2021. urterako, eta oinarrizko digitalizazioari, digitalizazio aurreratuari eta ekonomia berdeari buruzko proiektuak garatu ditzaketen 5 eta 250 langile arteko enpresei dago zuzenduta.

  • Oinarrizko digitalizazioa: enpresaren prozesu nagusien informatizazioa, ERP edo kudeaketa-sistema bat ezartzea; CRM edo bezeroak kudeatzeko sistema bat; merkataritza elektronikoa ezartzea, edo planta, inbentarioa edo ekoizpenaren mantentzea kudeatzeko sistema bat.
  • Digitalizazio aurreratua: 4.0 industriarekin zerikusia duten prozesuak, hala nola big data, adimen artifiziala, cloud computing, Gauzen Interneta, robotika kolaboratiboa, 3D simulazioa, biki digitalak…
  • Ekonomia berdea: enpresek prozesuen zein produktuen ingurumen-eragina murrizteko eta ekonomia zirkularrerako proiektuak garatzeko aukera izan dezaten. Adibidez, lehengaien kontsumoak murriztea, hondakinak birziklatzea, zaharkituta geratu den produktu baten elementuen remanufaktura edo ekoizpen-prozesuen beroa berreskuratzea.

Programan 100.000 euro arteko dirulaguntza aurreikusi da proiektu bakoitzeko, eta eskabideak aurkezteko epea irailaren 30era arte egongo da irekita.


Argazkiak


Audioak