2021(e)ko ekainaren 09(a) 10:30

Aldundiak jardunbide egokien gida bat argitaratu du, Bizkaiko Arreta Goiztiarraren arloko profesionalentzat

Gizarte Ekintzako Saila

Bizkaiko Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeak (AGBT) idatzi du gida. Bizkaiko Foru Aldundiko, Osasun Saileko (Osakidetza) eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko profesionalek osatzen dute taldea, eta foru-erakundea da buru. Adostutako eta ikuspegi irekiko dokumentu honen asmoa Bizkaiko AGBTaren autoebaluaziorako eta etengabeko hobekuntzarako lagungarri eta abiapuntu izatea da. Gaur egun arreta goiztiarreko sare itundua osatzen duten 57 zentroetan, orotara, 2.000 haur baino gehiago egon dira arreta jasotzen. Zentroak Bizkaiko eskualde guztietan daude

Bizkaiko Arreta Goiztiarra

Gizarte Ekintza Sailak "Bizkaiko Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldearen (AGBT) jardunbide egokien gida" argitaratu du. Agiria AGBT osatzen duten profesionalen taldeak egin du, Foru Aldundiaren gidaritzapean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin (Osakidetza) eta Hezkuntza Sailarekin lankidetzan; hala, hezkuntza-, osasun- eta gizarte-sistemetako profesionalen lana 0-6 urte bitarteko haurrekin eta haien ingurune hurbilenarekin lotzeko oinarriak ematen ditu.

Gidak, atal guztietan, Arreta Goiztiarra ulertzen laguntzen du, haren eredua eta helburu espezifikoak errepasatuz, haren hartzaileak deskribatuz, haren antolamendu funtzionalaren funtsezko elementuak aztertuz, eta haren printzipioak laburtuz, bai eta erabiltzaileen eta profesionalen eskubideak eta betebeharrak ere. Halaber, Bizkaiko Arreta Goiztiarreko Zerbitzuaren funtsezko lau prozesuak zehatz-mehatz deskribatzen dira dokumentu honetan, zerbitzuaren lau jarduera-faseei dagozkienak: detekzioa, balorazioa, esku-hartzea eta amaiera. Horietako bakoitzean, honako alderdi hauek aztertzen dira: definizioa, prozesuaren deskribapena, emandako zerbitzuak, sarbide-irizpideak, jardunbide egokiak eta hartutako konpromisoak. Gida honek etengabeko hobekuntzarako tresna izan nahi duenez, prozesu horien eta haien emaitzen autoebaluazioa erraztuz, aipatutako alderdi gehienetarako, gainera, adierazle batzuk proposatzen dira.

"Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldearen (AGBT) Jardunbide Egokien Gida"ren izateko arrazoiak eskainitako zerbitzuaren kalitatearen gaineko prestakuntzari eta hausnarketari laguntzeko beharrari erantzuten dio. Ildo horretan, adostutako eta ikuspegi irekiko dokumentu honen asmoa Bizkaiko AGBTaren autoebaluaziorako eta etengabeko hobekuntzarako lagungarri eta abiapuntu izatea da.

Jardunbide egokien gida hau kontsultatu nahi dutenek foru webguneko egin dezakete: www.bizkaia.eus.

Zer da Arreta Goiztiarra?

Arreta goiztiarra honela definitu da: 0-6 urteko haurrei, familiari eta inguruneari zuzenduriko esku-hartzeen multzoa, helburutzat arazoak dauzkaten haurrek beren garapenean agertzen dituzten, edo horiek pairatzeko arriskua duten premia iragankor edo iraunkorrak prebenitzea eta albait lasterren erantzutea duena.

Bizitzaren lehenengo urteetan plastikotasuna handiagoa da, eta adinak aurrera egin ahala apurka murrizten da; horregatik, txiki-txikitatik esperientzia edo estimulu goiztiarrak ematen badira, ikasketa eta errekuperazioa indartuko ditugu. Hau da, emaitzarik onenak adinik txikienetan lortzen dira. Txiki-txikitatik diogunean, bizitzaren lehenengo lau urteez ari gara. Beraz, arreta goiztiarreko programen eraginkortasunaren mugak ezarrita daude.

Bizkaiko Foru Aldundiak eskuragarri jarri dituen estimulazio-tratamenduen errefortzua sei urtera arte luzatu da. Halaber, osasun-, gizarte- eta hezkuntza-sistemen arteko koordinaziorako mekanismo bat ezarri da elkarrekin lan egiteko. Sei urtetik aurrera, eskolaratzea derrigorra izanik, printzipioz esku hartzeko bitartekorik egokiena eskola bera da. Horrenbestez, beren garapenean zailtasunak dituzten adingabeen beharrizanak jorratzeko esku-hartzeak sei urtetik aurrera ere hedatzen dira.

Zerbitzu publiko aitzindaria

Estatuan, Bizkaia lurralde aitzindaria da behar bereziak dituzten 0 eta 6 urte bitarteko umeei estimulazio goiztiarra emateari dagokionez. 2017an doako zerbitzu publiko bihurtu zen, eta Gizarte Ekintza Sailak lurraldeko eskualde guztietan erregistratutako, baimendutako eta itundutako zentroen sare bihurtu zen. Foru-erakundeak prezio itxian ordaintzen du tratamenduen kostua, eta, gainera, zerbitzuaren bermatzailea ere bada.

Bizkaian sortutako arreta goiztiarreko ereduan osasun-sistemako, hezkuntza-sistemako eta gizarte-sistemako eragile ezberdinek modu koordinatuan lan egiten dute, bai arlo publikokoak, bai pribatukoak. Hala, Bizkaiak bere burua Europako aitzindari bezala kokatu du alor horretan zerbitzuaren kalitatea eta osasun, hezkuntza eta gizarte arloen koordinazioa kontuan hartuz.

Arreta goiztiarreko preskripzioa Bizkaiko AGBTren (Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldea) bitartez egiten da. Talde hori Bizkaiko Foru Aldundiaren barne dago, eta osasun-sistema (Osakidetza) eta hezkuntza-sistemarekin lankidetzan aritzen dira. Hala, azken horiek aztertuko dute umearen egoera eta esku-hartze beharrak modu orokorrean. Sei urtetik beherakoen balorazio guztiak, bai arreta goiztiarrekoak, bai mendekotasun edo desgaitasun kasuak, premiazkotzat hartzen dira.

Balorazioa egin ondoren, arloka, intentsitateka eta iraupenka antolatuko dira arreta goiztiarreko tratamenduak, eta arreta horrekin hasteko umeen garapen-zentroen berri emango zaie familiei. Adingabearen familiak zentro itundu guztien artean egokiena iruditzen zaiona aukeratu ahal izango du.

Arreta goiztiarra eta Covid-19a

Gaur egun arreta goiztiarreko sare itundua osatzen duten 57 zentroetan, orotara, 2.000 haur baino gehiago egon dira arreta jasotzen. Zentroak Bizkaiko eskualde guztietan daude.

2020an, Covid-19aren pandemiak markatutako urtean, 93.000 ordu baino gehiago egin dira lurraldeko adingabeei arreta goiztiarra ematen. Haurren % 90ek esku hartu behar den garapen-eremu gisa dituzte sartuta komunikazio- eta hizkuntza-arloak, eta arlo sozial-emozionala.

2020ko martxoaren 14an indarrean jarri zen alarma-egoerari buruzko dekretuaren ondoren ezarritako biztanleria-konfinamenduarekin bat etorriz, Foru Aldundiak Bizkaiko Arreta Goiztiarreko 57 zentro itunduen sareari jakinarazi zion eten egingo zirela adingabeekin aurreikusitako esku-hartzeak. Hala ere, zentroek maiz izan zuten komunikazioa familiekin konfinamenduan zehar, eta saio telematikoak ere egin zituzten, betiere esku-hartze motak horretarako aukera ematen bazuen, eta, batez ere, kontuan hartuta haur horien osasun-kalteberatasun berezia. Bi hilabete geroago zerbitzua berreskuratuta, saioak berreskuratu dira, kopuru bera mantenduz, bai eta 6 urtetik gorakoak ere, egoerak hala eskatu duenean.


Argazkiak