2021(e)ko ekainaren 07(a) 09:12

Mendi Film Bizkaia Ternua Beka 2022ren bigarren edizioan izena emateko epea zabalik

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bizkaiko Foru Aldundiaren, Ternuaren eta Mendi Film-en eskutik mendiko kulturaren zinematografia sustatzen duten zinemagile gazteentzako beka. Deialdia 2021eko ekainaren 7an zabaldu eta 2021eko irailaren 13an itxiko da.

Mendi Film Bizkaia Ternua Bekaren aurkezpena

Mendi Filmek, Bizkaiko Foru Aldundiak, eta Ternuak, Mendiko Kulturaren inguruko zinemagintza sustatzeko xedez iaz sortutako bideari segida eman eta bigarrenez aurkezten dute. Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak; Alberto Iñurrategi Ternua Group-eko enbaxadorea eta Mendi Fil Elkarteko zuzendariak Jabier Baraiazarrak zinemagile gazteei zuzendutako beka aurkeztu dute. Aurkezpenean Tamara Lucarini, 2021eko Beka irabazlea ere izan da epaimahaiko zenbait kiderekin batera.

18 eta 35 urte bitarteko egile berriei zuzendutako beka da, Espainian bizi eta zinemagintza edo ikus-entzunezko ikasketak burutzen ari direnengana zuzendua.

10.000 euroko balioa du bekak, eta aholkularitza programa bat eskura izango du berau jasotzen duenak, lau alorretan indar eginez: gidoia/zuzendaritza, ekoizpena, muntaia eta banaketa/hedapena.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia mendi zinemaldiaren 15. edizioan plazaratuko da sortzen den filma, 2022ko abenduan.

Deialdia 2021eko ekainaren 7an zabaldu eta 2021eko irailaren 13an itxiko da.

Sortze prozesuan, edo hastapenean dauden proiektuak onartuko dira, ez amaituta daudenak.

Gaia: Mendiko Kulturaren altzoan, mendian egin edo garatu daitezkeen hainbat jarduera bil daitezke, hala nola, kirola, kultura, hizkuntzak, artea, ekonomia… Horien eragile aktiboak dira bekaren babesleak:

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol sailak  lurraldearen izana eta izaera hartzen ditu bere gerizpean, haien zaintza eta ezagutza sustatuz.

Ternua Group outdoor arropa enpresa erreferentea da, ingurumenarekiko duen konpromisoagatik nazioartean saritua, eta konpromiso horretatik abiatuta ikerketa eta garapena lantzen ditu.

Mendi Film Elkarteak BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia nazioarteko mendi zinemaldia eta Mendi Tour zirkuituaren bidez lau haizetara zabaltzen ditu Mendiko Kulturaren inguruko mezuak, eta zinema genero horren industriaren zaintzan diharduen International Alliance for Mountain Film elkarteko kide da.

Oinarrietan ezarri diren baldintzak betetzen dituzten proiektuak aztertzeko, bost laguneko lan taldea bildu da: Lara Izagirre, zinegilea; Alberto Iñurrategi, mendizalea; Itziar Garcia Zubiri, zine ekoizlea; Aitor Gisasola, zinegilea eta ikusentzunezko irakaslea eta Jabier Baraiazarra, Mendi Film Elkarteko zuzendaria.

Bekaren lehen edizioan saritua izan zen Tamara Lucarini "Txango" film proiektuan lanean ari da jada. Bilboko mendi tradizionala den Pagasarri inguruan, lau emakume gazteren istorioa kontatzea du helburu: Maria, Paula, Bruna eta Silvia. Bruna brasildarra da eta Silvia madrildarra, lehen aldiz igoko dira Pagasarrira. Maria eta Paula ahizpak bilbotarrak dira, eta haiek izango dira bide erakusle. Maria, Paula eta Bruna pisukideak dira, eta Paula eta Bruna bikotelagunak dira.

Edizio eta postprodukzio tartean dago orain proiektua, 15 minutu inguruko film laburra izan nahi duena. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren aurtengo edizioan -abenduaren 3tik 12ra-, aurkeztuko da jendaurrean.


Argazkiak


Bideoak


Audioak