2021(e)ko ekainaren 03(a) 12:30

Bizkaiko Foru Aldundiak tratamendu aitzindaria egingo du bioestimulatzaileekin banda marroiaren hedapena geldiarazteko

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila

Erabiliko den produktua NEIKERREK aztertu eta frogatu zuen iaz, aldeko emaitzak izan zituzten saiakuntzetan. Substantzia naturaletan oinarrituta, nekazaritza ekologikoan erabiltzeko baimendutako produktua da eta ez du ondorio kaltegarririk ingurumenean. Tratamendua Arratia-Nerbioi eta Durangaldeko eskualdeetako koniferoen 4.000 hektareatan aplikatuko da, ekainaren amaieratik uztailaren erdialdera bitartean, helikoptero bat eta bolumen ultra-baxuaren teknika erabiliz, produktuaren aplikazio zehatzagoa bermatzen duelako.

Bizkaiko Foru Aldundiak tratamendu aitzindaria aplikatuko du banda marroiak lurraldean duen hedapena geldiarazteko. Horretarako produktu bioestimulatzaile bat erabiliko du, baldintza klimatiko txarretan zuhaitzen jarduera bultzatzen duten substantzia naturalekin egina eta, horrela, gaixotasunarekiko erresistenteagoa da. Produktu hori nekazaritza ekologikoan erabiltzeko baimenduta dago, ez du ondorio kaltegarririk ingurumenean, eta banda marroiaren eta pinuaren banda gorriaren inpaktua murrizteko irtenbide berritzaileak eta iraunkorrak bilatzeko NEIKERREK 2019-2021eko Plan Pilotu Esperimentalaren barruan probatu zuenetako bat izan zen.

Aukeratutako produktua ez da fitosanitario bat, baizik eta substantzia naturalen nahaskin bat, gaixotasunari eragingarritasunez aurre egiteko zuhaitzen defentsa aktibatzen duten mantenugaiak eta bioestimulatzaileak dituena. Nekazaritza ekologikoan erabiltzeko baimendutako produktua da eta ez du ondorio kaltegarririk ingurumenean.

NEIKERREK produktu horrekin egindako probetan emaitza positiboak lortu ziren produktu sorta honetan ikertzen jarraitzeko. NEIKERREK egindako ikerketaren aurrerapenen ondoren -hiru foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak diseinatutako konifero-basoak lehengoratzeko euskal estrategiaren barruan egin dena-  Bizkaiko Foru Erakundeak tratamendu hori airez aplikatzeko prozesua hasi du Arratia-Nerbioi eta Durangaldeko eskualdeetan kokatutako pinuen 4.000 hektareatan. Tratamendua ekainaren amaieran edo uztailaren lehen hamabostaldian aplikatuko da, eguraldiak horretarako aukera ematen badu.

Produktua aplikatzeko helikoptero bat erabiliko da eta, pita aplikatzaileen bidez, produktua bolumen ultra-baxuan (5 litro hektareako) banatuko du, baso-masen gainetik distantzia egokian hegan eginda produktuaren deriba saihesteko eta, horrela, tratamenduaren eraginkortasuna handitzeko.

Euskal estrategia

Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek diseinatutako Koniferoen Basoak Lehengoratzeko Euskal Estrategia erakunde horiek banda marroi eta gorriaren aurrerapena geldiarazteko eta euskal basogintza-sektoreari laguntzeko egindako lanaren emaitza da.

Estrategia horrek hiru ekintza-eremu nagusi jasotzen ditu: gaixotasunari eta hiru lurraldeetako baso-azaleran duen eraginari buruzko ezagutza sortzea; gaixotasun horri aurre egiteko neurriak eta sektorea lehengoratzea. Eta unean uneko egoeraren bilakaeraren arabera egin beharreko aldaketei irekitako estrategia da.

Estrategia horren barruan jasotzen eta hartzen diren neurrien planteamenduaren ardatzak dira, besteak beste, baso-kudeaketa jasangarria edo maila ekonomikoan  errentagarria den basogintza-jarduera garatzea, baso-azalerari eustea eta basogintza-sektore profesionala indartzea.

Neurri horien artean NEIKERREK egindako ikerketak daude, 2019-2021eko Plan Pilotu Esperimentala osatzen dutenak. Plan hori nekazaritzaren arloko ikerketa-institutu horrek berak asmatu, koordinatu eta gauzatu du, foru-erakundeekin eta beste eragile batzuekin lankidetzan, bestak beste UPV/EHU, HAZI, BaskEgur, URA, Nekazaritza eta Elikagaigintzako Ikerketa eta Teknologiako Institutu Nazionala (INIA) eta Uraren Ikerketarako Kataluniako Institutua (ICRA). Planak hiru eremu nagusi ditu: genotipoen edo zuhaitz toleranteen hautaketa tokiko baldintzetan, banda marroiari eta gorriari aurre egiteko substantzien eta organismoen ebaluazioa eta in vitro, berotegian eta beste saiakuntza batzuetan beren eraginkortasuna erakutsi duten substantziak ebaluatzeko lurreko eta aireko saiakuntzak.