2021(e)ko ekainaren 03(a) 11:41

Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lurralde Sareak udalekiko koordinazioa indartuko du berdintasun-politiketan

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Gaur goizean topaketa egin da Sare horrekin lotuta. Bertan izan dira Unai Rementeria, Ahaldun Nagusia, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua, eta gure Lurralde Historikoko dozenaka alkate. Sareak laster ekingo dio jarduerari, lehen batzar batekin eta, horrela, udalen eta Aldundiaren arteko koordinaziorako gunea aktibatuko du, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko tokiko politikak hobetzeko.

Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lurralde Sarea.

Laespada: "Batasuna eta elkarlana behar ditugu"

Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lurralde Sareak topaketa egin du gaur goizean, bere jarduerari hasiera emateko, udalek eta Foru Aldundiak esparru horretako tokiko politikei buruz elkarrekin koordinatzeko, hitz egiteko, ikasteko eta hausnartzeko gune bat eskuratzeko.

Bertan izan dira Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Unai Rementeria, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua, Teresa Laespada, eta dozenaka alkate eta berdintasunaren arloaren erantzukizuna duten zinegotzi, eta baita Batzar Nagusietako eta Emakundeko ordezkariak ere.

Sarea abian jartzen da 2018an onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foru Arauan bertan hartutako konpromisoari erantzuteko. Beraz, orain sortzen da, politika publikoen erantzuna frogatzeko eta oro har herritar guztien egoera eta, bereziki, emakumeena, aztertzeko balio izan digun krisi pandemikoaren egoeran.

Era berean, Sarea definitzen duen 127/2020 Dekretuak adierazten duen bezala, Sare honen helburua da toki-mailako berdintasun-politiketan eragitea eta udaletan berdintasun-arloaren zeregina indartzea, betiere Bizkaiko Lurralde Historikoaren aniztasuna kontuan hartuta.

Sareak informazio-, aholkularitza- eta laguntza-zerbitzua izango du gure Lurralde Historikoko udalerrientzat. Gainera, lehendik dauden politika eta inbertsioetatik aparte, dirulaguntzen foru dekretu berria argitaratuko da 7.000 biztanletik beherako Bizkaiko udalerrien berdintasun politikak babesteko.

Jardunaldian Laespada diputatuak parte hartu du, eta Bizkaiko 112 udalerriei ekimenarekin bat egiteko deia egin die, Gizarte berdinzaleago eta justuago baterantz aurrera egiteko gaitasunen eta ahaleginen %100 beharrezkoak direlako.

Batasunaren eta elkarlanaren beharra azpimarratu nahi dut; batasunak indarra egiten du; koordinazioak osagarritasuna errazten du, bikoiztasunak saihesten ditu, ahaleginak biltzen ditu, emaitzak biderkatzen laguntzen du eta esfortzuak eta arreta ekonomizatzen ditu, azpimarratu du.

Diputatuak azaldu duenez, Sarea udalerrien eta Bizkaiko Aldundiaren arteko lanerako, hausnarketarako eta koordinaziorako gunea izateko sortu da, Sare trinkoa, lurrari atxikia, udalerrien behar eta eskaeretatik hurbil dagoena eta modu kolektiboan eraikia.

MAHAI-INGURUA

Jarraian, Patricia Campelok, Bizkaiko Berdintasuna Sustatzeko zuzendariak, Sarearen funtzionamenduaren eta lan-espazioen aurkezpena egin du. Ildo horretatik, udalak bat egitera gonbidatu ditu eta lehen batzarra udazkenean egingo dutela esan du.

Ondoren, mahai-ingurua egin da Gordexolako alkatearekin (Angela Egia Liñero), Basauriko Berdintasun, Enplegu eta Lankidetzako zinegotziarekin (Isabel Cadaval) eta Elorrioko alkatearekin (Idoia Buruaga Barcena), hurrenez hurren udalerri txikiaren, berdintasun-arloa duen udalerri txikiagoaren eta eremu horretan ibilbide luzea egin duen udalerriaren adibideak. Mahai-inguru honen ardatza 'Berdintasunaren aldeko Bizkaiko tokiko politikak' izan da.


Argazkiak


Bideoak


Audioak