2021(e)ko maiatzaren 31(a) 11:00

Aldundiak 5 lanpostu betetzeko hautaketa berria ireki du, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Bizkaiko Aldizkari Ofizialak deialdiaren oinarri orokorrak eta espezifikoak argitaratu ditu gaur; oinarri horien idazkuntzan kolektibo horrekin lan egiten duten hirugarren sektoreko erakundeek parte hartu dute. Hiru plaza mendekoen kategoriarako izango dira eta, lehen aldiz, bi plaza daude mantentze-lanetako langileen kategoriarako. Bizkaiko Foru Aldundiak kolektibo horrentzat egiten duen bigarren LEP espezifikoa da.

Bizkaiko Foru Aldundiak adimen-urritasuna duten pertsonentzat gordetako 5 lanpostu betetzeko hautaketa-prozesua hasi du, eta horren oinarri espezifikoak gaur argitaratu dira Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Horietako hiru plaza mendekoen lanpostuak betetzeko izango dira, eta bi plaza mantentze-lanetako langileentzat. Deialdi honetako hiru hautaprobetako lehena aurtengo abenduaren hasieran egitea aurreikusten da.

Oinarriak egiteko eta horrelako hautaketa-prozesu batera egokitzeko, Foru Erakundeak pertsonen kolektibo horrekin lan egiten duten hirugarren sektoreko erakundeen aholkularitza izan du berriz ere, hala nola adimen-urritasuna duten pertsonen aldeko elkarteen Euskal Federazioarena (FEVAS, eta horren barruan daude Apnabi, Lantegi Batuak eta Gaude) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Down Sindromea Fundazioarena, besteak beste.

Era berean, deialdiaren oinarriak, formularioak eta gai-zerrendak Irakurketa Errazeko Sistemara egokitu dira, ahalik eta ondoen uler daitezen; hau da, irakurmena ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat eta desgaitasuna duten pertsonentzat bereziki pentsatutako informazioa aurkezteko formatu batera, irakurketa-materialak, ikus-entzunezkoak eta multimediakoak eskuratu behar dituztenean, behar bezala irakurri eta ulertu ahal izateko.

Prozesuan parte hartzeko ez da titulaziorik eskatzen, baina ezinbestekoa da adimen-desgaitasuna izatea eta, gainera, % 33ko edo hortik gorako desgaitasun-maila aitortua izatea.

Prozesuaren garapena

Oposizio-faseak hiru ariketa izango ditu: lehenengo biak nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira, eta hirugarrenak euskararen ezagutza izango da, borondatezkoa eta ez-baztertzailea. Hautaketa-prozesua amaitu ondoren, eta adimen-desgaitasuna duten pertsonak lanpostuan eta eginkizunetan arrakastaz integra daitezen, lan-prestatzaile baten laguntza izango dute kasu bakoitzean, Enplegu Lagundurako metodologiaren barruan.

Deitutako 5 plazak Bizkaiko Foru Aldundiaren 2020rako Lan Eskaintza Publikoaren bigarren fasean kokatzen dira, joan den abenduan onartu zena.

Bigarren aldia da Aldundiak adimen-urritasuna duten pertsonei berariaz zuzendutako plazak deitzen dituela. Lehenengo bostak 2018ko ekainean erreserbatu ziren eta joan den otsailean onartu zutenek bi urte bete zituzten foru erakundearen egituran sartu zirenetik.

Horrela, foru erakundeak bere egitura indartzearen alde egiten du, berdintasun-printzipioa eta kalitate-estandarrak betez, plantilla egonkortuz eta enplegu publiko iraunkor eta kalitatezkoa bermatuz.

Kontsultatu oinarriak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean