2021(e)ko maiatzaren 20(a) 09:51

Aldundiak online ikastaro bat egin du txirrindularien eta patineteen erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko – MugiON aplikazioa

Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saila

Garraio eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailak online ikastaro bat prestatu du bizikleta eta patinete elektrikoen erabiltzaileen segurtasuna hobetzeko, eta MugiON APParen bidez sar daiteke bertara.

Ikastaroa kolektibo guztiei zuzenduta dago: norbanakoak, txirrindulariak edo gidariak, elkarteak, ikastetxeak, udalak, etab. Azken horiek, gainera, saio praktikoekin osa dezakete beren edukia.

Guztira 5 ikastaro izango dira, 4 txirrindularitzarekin lotutakoak eta bat patineteekin lotutakoak, baita informazio orokorreko atal bat ere:

  • Txirrindularitzako ikastaro teorikoa (ordubete).
  • Txirrindularitzako ikastaro praktikoa (6 ordu).
  • Gidariak txirrindularien eta patineteen erabiltzaileen aurrean (10 min.).
  • Oinezkoak txirrindularien eta patineteen erabiltzaileen aurrean (10 min.)
  • Txirrindularitzari buruzko informazio osagarria.
  • Patinete ikastaroa (30 min.)

Atal bakoitzaren amaieran galdetegi txiki bat dago, edukien asimilazioan izandako aurrerapenak egiaztatzeko.

MugiON APP berriak bizikletaz edo patinete elektrikoetan mugitzen diren pertsona guztien eskura jartzen du segurtasunez egin ahal izateko beharrezko informazioa. Denetarik dago, kasko bat janzteko aholku praktikoak edo ohiko istripuak saihesteko aholkuak, baita bizikleten eta patineteen erabilera erregulatzen duen araudia ere, azaldu du Miguel Angel Gomez Viarrek, Garraio eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak.

Horrela, lehenengo bi ataletan, ikastaroak txirrindularitzaren munduan barneratzeko aukera ematen du, bizikletaren erabileran trebatzeko ariketa praktikoekin, orekari eusteko moduetatik hasi eta taldean zirkulatzeko moduetaraino.

Hirugarren eta laugarren ataletan gidariek eta oinezkoek txirrindularien eta patineteen erabiltzaileen aurrean izan behar dituzten portaerak jasotzen dira, eta bereziki lantzen dira txirrindularientzako pasabide bat hurbil dagoela edo entzumen-aniztasun funtzionala duen txirrindulari bat dagoela adierazten duten seinaleak.

Azkenik, patinete-ikastaroak garraiobide horren abantailak eta eragozpenak jorratzen ditu, eta arreta berezia jartzen die bidegorrietatik edo abiadura-muga 30 Km/h-tan ezarrita duten udalerrietatik zirkulatzea arautzen duten irizpideei. Halaber, bereziki aipatzen ditu patinete elektrikoekin zirkulatzean egindako arau-hausteak, hala nola gehiegizko abiadura, patinetean aldi berean bi pertsona joatea, espaloietatik edo oinezkoentzako guneetatik zirkulatzea edo mugikorrak edo entzungailuak erabiltzea.

APP MugiOn aplikazioa eskuragarri dago Androiden eta IOSen.