2021(e)ko maiatzaren 14(a) 11:37

Aldundia aztertzen ari da bizikleta publikoko zerbitzu bat —BizkaiBizi— abian jartzea

Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saila

Aztertzen ari diren ereduaren arabera, udal bakoitzak Bizkaiko Foru Aldundiarengan eskuordetuko luke zerbitzu horren kontratazioa, ondoren parte hartzeko.

BizkaiBizi

Gómez Viarrek adierazi duenez, modu horretan, pertsona batek bizikleta udalerri batean har dezake, eta beste batean itzuli

Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria eta Sustatzeko diputatuak bere sailak Bizkaian bizikleta publikoen zerbitzu bat ("BizkaiBizi" deiturikoa) ezartzeko egindako aurretiazko azterketaren ondorioak aurkeztu ditu gaur goizean.

Bizkaiko Foru Aldundiak legegintzaldi honetarako dituen ardatz estrategikoetako batean kokatzen den ekimen bat. Ardatz horien adibide bat da, esaterako, mugikortasun-eredu berri bat sustatzea, bizikleta eguneroko jardueretarako garraiobide gisa erabiltzeko; adibidez, lanera edo ikastetxera joateko. Azterlanaren ondorioek bide horretan aurrera egiteko aukera ematen digute; urrats bat gehiago Lurraldean bizikletaren mugikortasunaren sustapenean, azaldu du.

Transbertsala den helburu bat, ez dena ardazten bakarrik helbide batean edo foru-sail batean; aitzitik, arlo ezberdinak inplikatzen ditu, Bizikletaren Liburu Zurian jasotzen den bezala. Bizikletaren erabilera mugikortasuna da, baina bai eta iraunkortasuna, ingurumena, azpiegitura egokiak, osasuna, enplegua, prestakuntza eta abar ere. Alderdi horiek guztiak beharrezkoak dira guztiona den erronkan aurrera egiteko, bizikletak Bizkaiko mugikortasunaren esparruan geroz eta zeregin nabarmenagoa izan dezan.

Gómez Viarrek adierazi du oraindik aztertzen ari den lankidetza-ereduak honetan datzala: udal bakoitzak Bizkaiko Foru Aldundiaren esku utz dezala zerbitzu hori kontratatzeko gaitasuna, eta udalerri bakoitzak zerbitzu horretan parte hartzeko aukera izango du. Horrela, pertsona batek bizikleta bat udalerri batean hartu eta beste batean itzultzeko aukera izango luke. Eta hortik, oinez iritsi ahalko litzateke bere helmugara, udalerri berean badago; eta ez badago, beste garraiobide publiko batekin konbinatu ahalko luke: Bizkaibus, Metro, Renfe….

Proiektuak lurralde osoa barne hartuko du, udalerri edo eskualde bakoitzeko errealitateak logikaren bidez bereiziz. Nolanahi ere, Garraioen arloko titularrak aurreratu duenez, ondorioak ikusita, proiektu pilotuak aktibatu beharko dira, eta ziurtasun osoz Bilboko metropoliaren ingurunean hasiko dira.

Aurkezturiko dokumentuan bizikletak deskarbonizaziorako konponbidean izan duen garrantzia aztertu da, eta bizikletak garraio publikoko zerbitzuaren parte gisa duen garrantziaren inguruan, intermodalitatea sustatzeko eskaintzen dituen aukeren inguruan, azpiegiturek bizikletaren erabileran eskaini behar duten segurtasunaren inguruan eta azpiegitura horien ekipamendu adimendunaren (mugikortasuna modu aurreratuan kudeatzea ahalbidetuko duena) inguruan hausnartu da.

Era berean, bizikleta publikoaren irtenbideak aztertu dira, erreferentzia gisa hartuta mundu-mailako, Europako eta ingururik hurbileneko esperientzietatik bildutako datuak. Era berean, ezagutzen diren bizikleta publikoen sistema desberdinak aztertu dira, eta horiek sailkatu dira, irizpide desberdinen arabera, hala nola: erabiltzen duten kudeaketa-sistema, garraio publikoarekin duten integrazio-maila, eremu publikoan nola antolatzen diren, bizikleta elektrikoaren presentzia-maila edo ustiapen-mota publikoa, pribatua edo mistoa den.

BIZKAIKO GARRAIO PUBLIKOAREN SAREAREN PARTE

Bizikleta, garraiobide eraginkorra den heinean, multimodala izan behar da; intermodalitatea aztertu eta sustatu behar du, azpimarratu du. Garraio eta bizikleta publikoak lortu nahi dugun mugikortasun berri hori konfiguratu behar duten elementu nagusiak dira. Ildo horretatik, bizikletak sinergia garrantzitsuak eskaintzen ditu garraio publikoarekin, osatu egiten du eta ekarpena egiten dio bereziki "última milla" deritzogun horretan.

"BizkaiBizi" zerbitzua garraio publikoaren sarearen parte izango da, eta, hori horrela, horren erabilera arau jakin baten menpe egongo da.

Bizkaiko Mugikortasun Jasangarriko titularra denak ere hainbat ekintza paralelo aipatu ditu, martxan jarri beharko direnak honelako sistema bat arrakastaz ezarri ahal izateko. Besteak beste, herritarren artean bizikletaren heziketa eta kultura lantzea; bizikletak igarotzeko eta aparkatzeko azpiegiturak garatzea; eboluzioa erraztuko duen lege-esparru baten sorrera babestea eta bizikleta garraio publikoarekin lotzea ahalbidetuko duten informazio-sistemak izatea. Hori guztia Lurraldearen ikuspuntu integral eta integratzaile batetik.

Kontziente gara gizateriak XXI. mendean duen erronkarik handiena larrialdi klimatikoa dela, eta Europak 2050erako deskarbonizazioa lortzeko helburua ezarri duela, eta mugikortasunak energiaren kontsumoan eragiten duela.

Ondorio gisa, aurretiazko azterketak jarduketa-plan bat jarraitzea proposatzen du, besteak beste, honako jarduketa hauek bilduko dituena: neurketa-helburuak, -adierazleak eta -prozedurak ezartzea; lurraldearen estrategia bateratu bat sortzea irizpideak bateratzeko eta esperientziak lotzeko eta koordinatzeko; egungo lege-esparruak sistemaren bilakaera ahalbidetzen duen aztertzea; herritarrek irtenbide bideragarrien identifikazioan parte har dezaten sustatzea; proiektu pilotuak ezartzea helburuak betetzen direla identifikatzeko; edo Bizkaiko lurralde osorako bizikleta publikoaren ekimen bat aztertzea, kontuan hartuta gaur egun dauden esperientziak eta proiektu pilotuen emaitzak.

Helburua da 2021ean zehar sistemarik egokiena definitzea, eta definituta gera dadila proiektuaren hurrengo faseen izapidetzea abiaraztea ahalbidetuko duen esparrua.

Hurrengo azterketatik eredu ekonomiko-finantzario bat ere eskuratu ahal izango da, zeinaren bidez zehaztu ahalko baita inbertsio publikoa, Foru Aldundiaren eta udalen partaidetza inbertsio horretan, partaidetza pribatua eta alderdi ekonomikoari buruzko xehetasun guztiak.


Argazkiak