2021(e)ko maiatzaren 05(a) 11:31

Bizkaiko Foru Aldundiak `Aurrera Fest´ ekimenaren II.edizioa abiaraziko du Euskaldunan

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

Bigarren urtez jarraian, Euskaldunak bere aretoak oso baldintza onetan eskainiko dizkie sustatzaileei, konpainiei eta profesionalei, euren ikuskizunak antzeztu ditzaten. Helburua arte eszenikoetako eta musikako taldeei laguntzea, eta ikus-entzuleak kultura kontsumitzera animatzea da, betiere agintari eskudunek ezarritako neurriak errespetatuz.

Aurrera Fest 2.edizioaren aurkezpena

Bigarren urtez jarraian, Bizkaiko Foru Aldundiak kultur sektorea babestearen aldeko apustua egin du, uztailean zehar Euskaldunan egingo den "Aurrera Fest" ekimenaren bidez.

"Aurrera Fest" ekimena gaur goizean aurkeztu dute Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eta Begoña Anguisola Euskaldunako negozio garapeneko zuzendariak, eta jakinarazi dutenez, arte eszenikoetako eta musikako taldeei laguntzeko eta ikus-entzuleak bigarren urtez kultura segurtasunez kontsumitzera animatzeko helburuarekin, Euskaldunak oso baldintza onuragarrietan eskainiko dizkie espazioak artistei eta konpainiei.

Lorea Bilbaok azaldu duenez, Aurrera Fest 2020an sortu zen, gure baliabide guztiak kultur sektorearen eskura jartzeko, eta jendearen aldetik harrera ona izan zuela ikusi ondoren -4.800 pertsona baino gehiago bertaratu ziren-, 2021ean berriro jarriko dugu martxan. Aurreko edizioan bezala, 2021 honetan ere artearen arloko diziplina guztiek izango dute lekua ekimen honetan.

Begoña Anguisola Euskaldunako negozio garapeneko zuzendariak adierazi duenez, Iazko emaitzak gure esperientzia eta azpiegitura guztia berriro ere kultur sektorearen esku jartzera animatzen gaitu. Gure indarrak batu gura ditugu sektore horri guztiari bultzada emateko eta sektore horri laguntzeko, hori bai, betiere osasun-arauak betez. Kulturaren sektoreari eusten eta aurrera egiten laguntzeko tresnak eskaini gura ditugu, Bizkaiko bizitzan ezinbestekoa dela uste dugulako.

Izen-emateak

Gaur hasi eta maiatzaren 16ra arte, taldeek eta konpainiek zuzenean aurkez dezakete euren proposamena, horretarako eskatzen diren datuekin. Ekainaren 2an emango da ezagutzera behin betiko egitaraua eta sarrerak salgai jarriko dira. Lorea Bilbaok aurreratu duenez, jaialdia uztailean egingo da, baina une bakoitzean ezartzen diren osasun neurrien menpe egongo gara.

Aurrera Festen, zuzenean gauzatzeko proiektu bat aurkezten duten musika eta arte eszenikoetako taldeak sartzen dira. Modu berean, ikuskizun horiek besaulkidun agertokian taularatu ahal izango dira, eta gutxienez 50 minutuko iraupena izango dute (eta gehienez 90 minutukoa), atseden hartzeko aukera barik.

Euskaldunak, bestalde, Auditoriuma eta 0B eta 0E aretoak erabiltzeko aukera emango die parte hartzen duten bandei eta konpainiei, eta honako zerbitzu hauek emango ditu: ikus-entzuleak eserlekuetan banatzeko zerbitzua, txarteldegi-zerbitzua; oinarrizko teknikariak areto bakoitzean laguntzeko; baliabide tekniko materialak (areto bakoitzaren hornidura), ikuskizunen sustapena eta komunikazioa, eta sarrerak saltzeko Euskaldunaren kanalak, www.euskalduna.eus, txarteldegia eta Kutxabankeko kutxazainak. Ikuskizunak jasotzen duen diruaren % 85 konpainiarentzat izango da, dagozkion gastuak kendu ostean (BEZa, egileak eta ticketing gastuak). Sustatzaileak bere gain hartuko du ikuskizunaren garapen teknikoa.

Ekimen horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskaldunak bere jarduera suspertzeko eta kulturara hurbiltzeko bideak errazteko tresnak eman gura dizkiote kultur sektoreari.


Argazkiak